Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) harremanetan jarri ditu hamazortzi enpresa eta erakunde Datu Zientzietako Graduko eta Datuen Zientziako eta Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako Gradu Bikoitzeko ikasleekin, ikasketa horiek dituzten lan-aukeren berri emateko. Zehazki, erakundeetako ordezkariek dauden lan-aukerak (enpresako praktikak, curriculumetik kanpoko praktikak eta kontratazioak) eta ikasketa-amaierako lanak egiteko aukerak azaldu dizkiete ikasleei, hiru saiotan.
Hiru saioetako bakoitzean, laurogei bat ikaslek parte hartu dute, bai eta Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikoko (NIBGMET) beste titulazio batzuetako ikasleek ere: Zientzietako Gradua, Bioteknologiako Gradua eta Datuen Zientziako eta Bioteknologiako Gradu Bikoitza.
NIBGMETeko bi irakaslek antolatu dituzte topaketak: Carlos López Molina eta Cristina Azcárate Camio, Datuen Zientziako Graduko eta Datuen Zientziako eta Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako Gradu Bikoitzeko arduraduna. Orobat Nafarroako IKTen Klusterrak (ATN) ere parte hartu du antolakuntzan lankidetzan, Cristina García kudeatzailearen bidez.
Enpresa parte-hartzaileen zerrenda
Saio horietara gonbidatutako entitateak NIBGMETekin harremanetan jarri eta praktikak edo gradu amaierako lanak eskaini zituztenak izan dira. Honako hauek parte hartu dute topaketan: Anasinf, CIMA, CyC, Harivenasa, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioa, Ingeteam, Laboral Kutxa, Iruñerriko Mankomunitatea, Menditech, NAIR Center, NILSA, Osasuna, Tafalla Iron Foundry, Tesicnor, Tigloo, Tracasa, Veridas eta Viscofan.