80 lagun inguru bildu ziren berriki Bisitazioko Amen eraikineko Pinaquy aretoan PIM PAU talde artistikoaren hitzaldi parte-hartzaile batean. Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzak antolatu zuen saioa.
Jolas, melodia eta erritmo batzuen bidez, PIM PAU taldeak erakutsi zuen musika eta jolasa funtsezko tresnak direla haurren garapenean. Taldeak nabarmendu zuen jardun horiek ikasleen garapen kognitibo eta emozionalerako garrantzitsuak izateaz gain sozializazioa eta sormena ere sustatzen dutela. Haren ikuspegi pedagogikoak bizipenetan oinarritutako ikaskuntza du ardatz, hau da, esperientzia zuzenetik sortzen den ikaskuntza, zeinean haurrak (baita nagusiak ere) parte-hartzaile aktiboak eta beren hezkuntza-prozesuaren protagonistak baitira.
PIM PAU Argentinako eta Brasilgo haur hezkuntzako hiru irakaslek garatu duten proiektu pedagogiko bat da. Taldearen arabera, haur guztiek, zernahi jatorri edo aurretiazko trebetasun dituztela ere, musikarekin, erritmoarekin eta jolasarekin konektatzeko gaitasuna dute. Hori dela eta, hezitzaileak animatzen dituzte musika erabil dezaten ikasgelan, baita musika-prestakuntzarik ez badute ere. Perfekzio teknikoa bilatu beharrean, haurrek beren gorputzaren eta soinuen bidez esperimentatu, adierazi eta ikasi ahal izateko giroa sortzea da gakoa. PIM PAU taldeak hezkuntza malgua, inklusiboa eta sortzailea sustatzen du, metodo tradizionaletatik harago doana, eta hezitzaileei tresna sinple baina ahaltsuak eskaintzen dizkie, ikasleekin konektatzeko eta haien garapen integrala sustatzeko.