Gaur, ostirala, otsailak 21, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Klaustroak berriz aukeratu du Inmaculada Lizasoain Iriso erakunde akademikoko Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko Aljebraren arloko irakasle titular eta (INAMAT2) Material Aurreratuetarako eta Matematikarako Institutuko ikertzailea, Unibertsitateko Komunitatearen arartekoa izateko. Aurreko aldian, 2021eko martxoan aukeratu zuten kargu horretarako. Inmaculada Lizasoainen izendapena Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Klaustroaren bilera arruntean egin da, Klaustroa baita arartekoa hautatzeko ardura duen organoa.
Errektorearen txostenak eman dio hasiera bilkurari, eta txostena “streaming” bidez zuzenean entzuteko aukera izan du unibertsitateko komunitateak. Horrela, kudeaketaren gardentasuna sustatu nahi da, eta unibertsitateko sektore guztiek erakundearen egungo egoera eta errektoretza taldeak datozen hilabeteetarako gidatutako proiektuak ezagutu ditzaten.
Ramón Gonzalok Nafarroako Gobernuarekin adostutako 2025-28 urte anitzeko finantzaketa-hitzarmenaren datu nagusien berri eman du, eta jakinarazi du hitzarmena laster sinatuko dela eta lanean ari direla Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuarekin, Unibertsitateei buruzko Foru Legearen lehen zirriborro bat prestatzeko.
Errektoreak eskerrak eman dizkio unibertsitateko komunitateari azken hilabete hauetan irakasle eta ikertzaileen zein kudeaketa eta administrazio eta zerbitzuetako teknikarien egonkortze prozesuan egindako ahalegin handiagatik, eta iragarri du unibertsitatearen estatutu berriak 2026ko udaberrian aurkeztuko dizkiotela Klaustroari onar ditzan.
Ikerketari dagokionez, Gonzalok nabarmendu du mugarri historikoa dela doktoretzako 550 ikasle izatea edo doktoretza aurreko beste 55 kontratu eta doktoretza ondoko beste 29 kontratu izatea. Orobat azaldu du ikerketa eta transferentzia balio maximoetan daudela, bai indexatutako argitalpenei dagokienez, bai enpresa eta institutuekin egindako kontratuei dagokienez.
Azkenik, adierazi du akordio batera iritsi direla Nafarroako Gobernuarekin baterako ekintzailetzako zentro bat sortzeko Sario eraikineko solairu batean, eta azaldu du Osasun Zientzien Fakultateko eraikin berria egiteko lanak uda honetan amaituko direla.
Unibertsitateko komunitatearen arartekoa
Unibertsitateko komunitatearen arartekoa Unibertsitate Sistemari buruzko Lege Organikoan dago jasota, eta Unibertsitateko organo eta zerbitzuen jardueretan irakasleen, ikasleen eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen eskubideak eta askatasunak errespetatzen direla zaintzea du eginkizuna. Independentzia, autonomia eta konfidentzialtasun printzipioek arautzen dute bere jarduna.
Bestalde, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuek zera adierazten dute IV. tituluan: Unibertsitate komunitatearen arartekoa Klaustroaren aginduz unibertsitateko komunitateko kide guztien eskubideak defendatzeaz eta babesteaz arduratzen den kargua da, bai eta Estatutuetan ezarritakoa betearazten duena ere. Arartekoa ez dago ezein agintari akademiko, gobernu organo edo Unibertsitateko komunitateko beste ezein kideren aginduzko mandatuaren edo jarraibideen mendean, eta autonomia osoz betetzen ditu bere eginkizunak.
Arartekoak eginkizun hauek ditu: Unibertsitatearen funtzionamenduari buruz egiten zaizkion kexak eta oharrak jasotzea, horretarako interes legitimoa duten pertsonek egindakoak; Unibertsitateko komunitateko kideen arteko desadostasunak eta gatazkak konpontzeko bitartekotza lana egitea; aztertzen dituen gaien organo eskudunei gomendioak egitea, izaera loteslerik gabe; eta klaustroari urtero egindako lanari buruzko txosten bat aurkeztea.
Orobat, Estatutuetan jasotzen denez, Unibertsitateko komunitateko kideen artean aukeratu behar da arartekoa, eta bileran dauden klaustrokideen hiru bostenen gehiengoa lortu behar du.
Arartekoaren irakaskuntza- eta ikerketa-jarduera
Inmaculada Lizasoain Iriso Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko Aljebraren arloko irakasle titularra da. Zientzia Matematikoetan lizentziaduna da Zaragozako Unibertsitatean, eta Matematikako doktorea Nafarroako Unibertsitate Publikoan.
Bere irakaskuntzaren zatirik handiena Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoan garatu du (IITIGMET), nahiz eta Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean ere eskolak eman dituen. Egun, Aljebra Linealeko irakaslea da Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikoko Zientzietako Graduan (NIBGMET).
Bere ikerketa-lana, argitalpen zientifiko ugaritan jasoa, Aljebraren arloan kokatzen da, bai taldeen teoriaren garapenean, bai Adimen Artifizialaren arloan dituen aplikazioetan. Erakunde publikoek finantzatutako zenbait ikerketa proiektutan hartu du parte. ANFoMAM europar proiektua (“Haurrengandik ikasi irakasleak matematikaren arloan prestatzeko”) koordinatu ondoren, matematikaren eta hezkuntzaren irakaskuntzari buruzko zenbait lan argitaratu ditu. Elkarte Estrategikoei buruzko Erasmus+ programak finantzatu du europar proiektua.
Kudeaketa akademikoari dagokionez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko lehengo Matematika Saileko zuzendaria izan zen.