Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Liburutegiak lau irakurgai-proposamen prestatu ditu, eta eskuragarri izanen dira ekainera arte: hiru Arrosadiko campuseko eraikineko zenbait tokitan daude, eta azkena, Osasun Zientzien campusean. Aukeraketa hori interes sozial eta kulturaleko gaiak lantzeko diseinatu da, eta unibertsitateko komunitateari eta herritar guztiei zuzenduta dago, hainbat gairi buruzko hausnarketa eta eztabaida sustatzeko eta irakurketaren gozamena bultzatzeko. Bilduma horiek “online” ere badaude eskuragarri, eta honako gai hauei buruzko lanak dituzte: elikadura eta osasuna, beldurra eta misterioa, trans identitateak (denak Arrosadiko campusean) eta bizitzaren amaiera (Osasun Zientzien campusean, 2. solairuan).
“Elikadura eta osasuna” lelopean, aukeraketa horrek 36 lan biltzen ditu, eta nutrizioa eta ongizatea dituzte aztergai, eta tresnak eta ezagutzak eskaintzen dituzte elikadura ohiturek bizi-kalitatean duten garrantzia ulertzeko. Irakurgaiak Liburutegiko atondoan daude eskuragarri.
Gune horretan dago “Beldur ematen dizu irakurtzeak?”, izeneko bilduma. Beldur psikologikoa, misterioa, “thriller”-a eta naturaz gaindikoa jorratzen dituen generoa aztertzeko aukera eskaintzen du irakurketaz gozatzeko suspensez eta emozioz betetako istorioen bidez. Aukeraketak 43 titulu ditu.
Gainera, “Mintza gaitezen… trans identitateez” bildumako 39 lanek genero aniztasunari buruzko hainbat begirada jasotzen dituzten liburuen aukeraketa bat osatzen dute errealitate horri buruzko ikusgarritasuna eta hausnarketa eskaintzen duten lekukotasun eta esperientzien bidez. Arrosadiko campuseko Liburutegiko 2. solairuan dago.
Azkenik, Osasun Zientzien campuseko “Bizitzaren amaiera: heriotzari buruzko liburuak” aukeraketak 45 lan ditu, eta pertsona bati hil aurreko azken aldian laguntzeko erronkari buruz gogoeta egitera bultzatzen dute.