Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Navarra Cybersecurity Center (NavCC) Nafarroako Gobernuak bultzatutako erakundeak hitzarmena sinatu dute NUPeko Zibersegurtasunaren Katedra sortzeko. Haren helburua da unibertsitatearen eta aipatu zentroaren arteko lankidetza garatzea, eta ezagutza berria sustatzea eta zabaltzea, bai eta ikasleen prestakuntzan ekarpena egitea ere, eskaintza akademikoa hobetzen laguntzea, dibulgazio zientifiko eta teknikoko jarduerak egitea, emakumeen parte-hartzea sustatzea zibersegurtasunaren arloan eta ikerketa aurreratua sortzea arlo horretan.


Katedra sinatzeko ekitaldia. Ezkerretik eskuinera, Eduardo Magaña katedraduna, Juan Ramón Aramendia NavCCko zuzendaria, Juan Luis García kontseilaria, Ramón Gonzalo errektorea, Eva Perujuániz Unibertsitateko zuzendari nagusia, Iñaki Pinillos Naserticeko zuzendaria eta Mikel Izal NUPeko irakaslea.
Sinadura-ekitaldian izan dira NUPeko errektorea, Juan Ramón Aramendía Navarra Cybersecurtiy Center-eko koordinatzailea, Juan Luis García Nafarroako Gobernuaren Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria, Eva Perujuániz unibertsitateko zuzendari nagusia eta Iñaki Pinillos Naserticeko zuzendaria. NUPen aldetik, ekitaldian izan dira orobat Mikel Izal Azcárate Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko irakaslea eta Eduardo Magaña Lizarrondo Ingeniaritza Telematikoko katedraduna, biak NUPeko ISC ikerketa-institutuko kideak.
Lankidetza modalitateak
Bi entitateen arteko lankidetzak baterako jardueren garapena izanen du ardatz. Horien artean, aipatzekoak dira honako hauek: katedrak estaltzen duen eremuko hainbat gairi buruzko ikerketa-proiektuak, doktoretza-tesiak eta ikasketen amaierako lanak (masterrekoak edo gradukoak), zibersegurtasunean adituak diren pertsonek jarduera akademikoetan parte har dezaten sustatzea edo zibersegurtasunaren sektoreko profesionalentzako prestakuntza jarraitua sustatzea.
Orobat Nasertic-en ikasleen praktikak egitea eta NUPeko ikasleek zibersegurtasunaren arloan interesa duten enpresen produkzio-zentroetara bisitak egitea aurreikusten da, baita komunikazio- eta prestakuntza-jarduerak sustatu, diseinatu eta antolatzea ere (hitzaldiak, ikastaroak, mintegiak edo ekitaldietara joatea, besteak beste).
Segimendu batzorde misto batek ezarriko du katedraren jardueren urteko programazioa. Batzorde hori katedra osatzen duten entitateetako bakoitzeko (NUP eta Navarra Cybersecurity Center) gutxienez 2 ordezkarik eta gehienez 5ek osatuko dute, eta urtean bitan bilduko da gutxienez. Unibertsitateak, batzordeak proposatuta, katedraren ardura izanen duen zuzendari bat izendatuko du, eta hark urtebeteko aldietan beteko du kargua, luzatzeko aukerarekin.
Navarra Cybersecurity Centerri buruz
Navarra Cybersecurity Center CIBERREG lankidetza-proiektuko -zibersegurtasuna bultzatzea lurraldeetatik- ekimen bat da, Nafarroako Gobernuaren Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak gidatua. Espainiako beste zazpi eskualderen partaidetza du, eta RETECH programaren parte da (Espezializazio Teknologikoko Lurralde Sareak). Programa hori Digitalizazioko eta Adimen Artifizialeko Estatu Idazkaritzak sustatzen du, INCIBEk koordinatzen du, eta Errekuperazio, Eraldaketa eta Erresilientzia Planeko (Next Generation) funtsekin finantzatzen da.
Navarra Cybersecurity Center Nafarroan zibersegurtasunaren arloko erreferentziazko zentroa izateko asmoz sortu da, eta leihatila bakarra da arlo horretako zerbitzuei erantzuteko. IRIS Nafarroako Berrikuntza Digitalerako Gunean dago integratua. Bi ekimen horiek Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak bultzatzen ditu Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusiaren bidez. Navarra Cybersecurity Centerren helburu nagusia da bultzatzea zibererresilientzia areagotuko duten ekimenen garapena bultzatzea Nafarroako Foru Komunitateko eremu guztietan (herritarrak, enpresa-ehuna –arreta berezia jarriz ETEetan eta autonomoengan– eta administrazio publikoak).
2024an, NUPek eta NavCCk lankidetzan jardun dute zibersegurtasunaren arloan espezializatutako talentuaren sorkuntza bultzatzeko zenbait ekimenetan. Batetik, ahaleginak batu zituzten NUPek ikasturte honetatik aurrera duen Zibersegurtasuneko Masterra sustatzeko, eta bestetik graduko ikasle eta LHko ikasleei zuzendutako zibersegurtasuneko lehen lehiaketa antolatu zuten.