Gaur, asteartea, otsailak 18, kirol egokituari buruzko jardunaldi bat egin da Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) Burlatako Regina Pacis ikastetxearekin lankidetzan, “Incluyendo se gana más que un juego” ikaskuntza-zerbitzuko proiektuaren esparruan. Ikastetxea proiektu hori garatzen ari da. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua 50 ikaslek parte hartu dute jardueran, eta esperientziak partekatu dituzte ikastetxeko Lehen Hezkuntzako eta DBHko ikasleekin (35 ikasle) dibertsitate funtzionalari buruz sentsibilizatzeko egindako saio praktiko batean. Hala, bi ikasle-taldeek kirol egokituen zirkuitu bat egin dute. Horri esker kirol paralinpikoak egin dituzte, hala nola saskibaloia aulki gurpildunean, golbola edo “goalballa” (ikusteko desgaitasuna dutenentzat) eta petanka edo “boccia” (mugitzeko desgaitasuna, desgaitasun funtzionala eta desgaitasun intelektuala dutenei egokitua).


NUPeko eta Regina Pacis Ikastetxeko ikasleek batera ateratako argazkia Arrosadiko campuseko kirol instalazioetan.
“Jardunaldi horrek esperientzia praktiko baliotsua eman die NUPeko ikasleei inklusioaren eta dibertsitate funtzionalaren arloan, eta horri esker gogoeta egin dute Gorputz Hezkuntzaren eduki eta metodologiak egokitzearen garrantziari buruz, pertsona guztiek parte hartzen dutela bermatzeko —gogoeta egin du Alicia Alonso Martínez Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Graduaren dekanordeak Nafarroako erakunde akademikoan—. Gainera, ikasle gazteenek beren ikaskuntza partekatzeko eta NUPeko ikasleak inklusio sozialaren garrantziaz sentsibilizatzeko aukera izan dute”.
Sentsibilizaziotik praktikara
NUPeko topaketa horrek amaiera eman dio ikasturtean zehar Regina Pacis ikastetxean garatutako proiektuari. Ikaskuntza-zerbitzuko ekimen horrek zenbait fase izan ditu. Hala, lehenik sentsibilizazioarekin hasi ziren elkarte espezializatuekin egindako saioen bidez, hala nola BSR Navarra aulki gurpilduneko saskibaloi taldea, eta kirol egokituak erakutsi zituzten praktikan, hala nola, errugbia, eslaloma eta lehen aipatu den saskibaloia aulki gurpildunekin. Jarraian, Regina Pacis ikastetxeko ikasleek desgaitasun funtzionalen arabera kirol bakoitza egiteko beharrezkoak diren egokitzapenak ikertu, diseinatu eta probatu zituen: golbola eta errelebo-lasterketa (biak ikusteko desgaitasuna dutenentzat), boleibola eserita eta saskibaloia aulki gurpildunekin (biak mugitzeko desgaitasuna dutenenetzat), futbola gorrentzat (entzuteko desgaitasuna dutenentzat) eta petanka (mugitzeko desgaitasuna eta desgaitasun funtzionala eta intelektuala dutenentzat).
Eta amaiera gisa, astelehenero, atsedenaldian, Lehen Hezkuntzako azken bi ikasmailetako eta DBHko lau ikasmailetako ikasleek aipatu kirol paralinpikoak egin zituzten Nafarroako Kirol Egokituen Federazioak utzitako materialari esker. “Proiektuak kirolaren esparrutik landu du desgaitasuna, eta erakutsi du tresna indartsua dela inguratzen gaituen dibertsitatea ikusarazteko eta errespetua, enpatia eta talde-lana bezalako balioak sustatzeko”, esan du Raquel Pascual Echeverría Regina Pacis ikastetxeko zuzendari pedagogikoak.
Proiektuak ikastetxe barruko inklusioa eta bizikidetza sustatu ez ezik “elkarrizketarako gune bat ere sortu du hainbat hezkuntza-mailatako ikasleen eta jarduera fisikoaren eta kirolaren zientzietako profesionalen etorkizuneko belaunaldien artean”, esan du Regina Pacis ikastetxeko irakasleak. Nabarmendu duenez, “dibertsitatea ez da oztopoa, aukera bat baizik gizarte gisa hazteko”.