Bihar, asteazkena, otsailak 19, Juan Manuel Santos 2016ko Bakearen Nobel saridun eta Kolonbiako presidentea (2010–2018) ‘Campus Iberus’ Nazioarteko Bikaintasun Campusa osatzen duten unibertsitateetako (Zaragoza, Lleida, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Errioxa) honoris causa doktore izendatuko dute. Ekitaldia Lleidako Unibertsitateko Cappont Campuseko Mugaz Gaindiko Lankidetzaren eta Kulturen Zentroko entzunaretoan eginen da 12:00etan (Jaume II kalea, 67. 25001 Lleida), eta zuzenean emanen dute udl.cat/tv estekaren bidez.
Juan Manuel Santos honoris causa doktore izendatzeko ekitaldiaren inguruan, Kolonbiako presidente ohia Espainian izanen denez, zenbait ekitaldi antolatu dituzte. Programa horren barruan, atzo, otsailak 17, Zaragozako Unibertsitatean, hedabideekin egindako ekitaldi batean parte hartu zuen, eta etorkizun globalerako eta bizikidetza demokratikorako giltzarri diren gaiak errepasatu zituen. Hitzaldiaren ondoren, Zaragozako Unibertsitatearen, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren, Errioxako Unibertsitatearen eta Lleidako Unibertsitatearen ohorezko liburua sinatu eta Kolonbiako bake-prozesuari buruz ikasleekin egindako elkarrizketa batean parte hartu zuen. Santosen hitzaldia Zaragozako Unibertsitatearen Youtube kanalean dago.


Aurrean, Juan Manuel Santos, NUPeko ohorezko liburuan sinatzen. Zutik, Ramón Gonzalo NUPeko errektorea.
Bihar, hilak 19, Campus Iberuseko lau unibertsitateetako errektoreek parte hartuko dute inbestidura-ekitaldian. Juan Manuel Santosen aitabitxi eta amabitxi izanen dira María Ángela Atienza López Errioxako Unibertsitateko Historia Modernoko katedraduna, Antonio Blanc Altemir Lleidako Unibertsitateko Nazioarteko Zuzenbide Publikoko eta Nazioarteko Harremanetako katedraduna, Inés Olaizola Nogales NUPeko Zuzenbide Penaleko katedraduna eta María Ángeles Rueda Martín Zaragozako Unibertsitateko Zuzenbide Penaleko katedraduna.
Hezkuntzaren funtsezko zeregina
Atzoko hitzaldian, Santosek nabarmendu zuen hezkuntzak elkarrizketa eraikitzailea sustatzeko duen funtsezko zeregina. Haren iritzian, hezkuntza funtsezkoa da gaur egungo munduko erronkei aurre egiteko. “Munduan dagoen armarik boteretsuena elkarrizketa da, baina modu eraikitzailean, eta horrek esan nahi du bestearengandik ikasi behar dela, ulertu behar dela zergatik pentsa dezakeen desberdin eta erdibide bat bilatu behar dela akordio batera iristeko”, adierazi zuen Santosek, eta nabarmendu zuen elkarrizketa mundu osoko ikastetxe eta unibertsitateetan sustatu behar dela.
Presidente ohiak azpimarratu zuen, testuinguru globalean, elkarrizketarik eza oztopo bihurtzen ari dela nazioek dituzten arazo existentzialak konpontzeko. Haren ustez, erronka premiatsuenei lankidetzaren bidez baino ezin zaie aurre egin, eta horretarako ezinbestekoa da ideien eta ikuspegien etengabeko trukea. “Elkarrizketarik ez badago, arazo horien konponbidea zailtzen da”, azaldu zuen Santosek. Orobat nabarmendu zuen polarizazio politikoak eragin negatiboa duela demokrazietan, eta ez direla hain eraginkorrak herritarren beharrak konpontzeko eginkizunean. Santosen arabera, gizartearen erronkak gainditzeko gai den demokrazia sendo baten eraikuntzak eztabaida eraikitzailea eta elkar ulertzea sustatu behar ditu.


Campus Iberuseko errektoreak, honoris causa doktorearekin. Ezkerretik eskuinera, Eva Sanz Errioxako Unibertsitateko errektorea, Ramón Gonzalo NUPeko errektorea, José Antonio Mayoral UNIZAReko errektorea, Claudia Pérez Aragoiko Unibertsitateen kontseilaria, Aurelio López de Hita UNIZAReko Gizarte Kontseiluko burua eta Yasid Redes Kolonbiako ministro ohia.
Lehenengo honoris causa doktoretza partekatua
Lehenengo aldia da Espainian hainbat erakunde akademikok, kasu honetan ‘Campus Iberus’ Ebro Ibarreko Nazioarteko Bikaintasun Campusa osatzen dutenek (Zaragoza, Lleida, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Errioxa) beren araudiak, protokoloak eta ahaleginak koordinatzen dituztena gisa horretako aitorpena egiteko.
“Izendapen hori esanguratsua da, aitzindaria delako eta Iberus Campuserako garrantzitsua delako Juan Manuel Santosen mailako nazioarteko figura bat unibertsitateen partzuergo horrekin lotzea. Partzuergo horren helburu nagusia ikerketa, hezkuntza, berrikuntza eta nazioartekotzea sustatzea da, gizartearen mesedetan”, adierazi du Campus Iberusek. “Juan Manuel Santosen aintzatespen eta ezaugarriak –Bakearen Nobel Saria, Munduko Ekonomia Foroaren sariak, Harvardeko Kennedy Eskolako Lider Publiko Globalen programan parte hartzea...–, Campus Iberusen printzipioekin lotuta daude”, ziurtatu da.
Campus Iberusen eta Kolonbiaren arteko harremanak
Campus Iberusek egoitza iraunkorra du Bogotan 2018tik, eta hura martxan jartzeak Juan Manuel Santosen gobernuarekin etengabeko harremana izatea ahalbidetu zuen. Yesid Reyes Alvarado Justizia ministroa Juan Manuel Santosekin, edo Juan Fernando Cristo oraingo Barne ministroa pertsona garrantzitsuak izan ziren Campus Iberusek Kolonbian duen egoitzaren ateak irekitzeko. “Kolonbiak Ebro Ibarreko Nazioarteko Bikaintasun Campusaren lanari emandako laguntza eta babes hori areagotu egin da urteekin”, adierazi du Campus Iberusek.
Gogoratu behar da Juan Manuel Santosek bilera bat egin zuela 2024ko azaroan partzuergoko lau unibertsitateetako orduko errektoreekin (Jose Antonio Mayoral, Jaume Puy, Ramon Gonzalo eta Juan Carlos Ayala). “Bilera hartan azaldu zen bake-prozesuko negoziazioak irauteko eta burutzeko helburuari eutsi zioten balioak printzipio unibertsal partekatuak direla. Orain, balio unibertsal horiek estuki lotuta egonen dira Campus Iberusekin, Juan Manuel Santos honoris causa doktore izendatuko baitute Ebro ibarreko lau unibertsitateek”, adierazi du Campus Iberusek.
Juan Manuel Santos
Juan Manuel Santos (Bogotá – Kolonbia –, 1951) Kolonbiako Errepublikako presidentea izan zen 2010etik 2018ra arte, eta aldi horretan nabarmen hobetu ziren herrialdeko adierazle sozial eta ekonomikoak. Narkotrafikoaren aurkako mundu gerraren porrotaz konbentzituta, Nazio Batuen Batzar Nagusiaren (UNGASS 2016) bilkura berezi baterako deialdia bultzatu zuen, itxura guztien arabera galdu den gerra horri aurre egiteko modu eraginkorragoak eztabaidatzeko asmoz.
Bakearen Nobel Saria 2016an eman zioten “50 urte baino gehiago iraun zuen gerra zibilari amaiera emateko egindako ahalegin irmo eta ausartengatik”. Eliza Katolikoaren eskutik, Asisko San Frantziskoren Bakearen Lanpara, Irlandako Tipperaryko Bakearen Nazioarteko Saria eta Londresko Chatham Houseren Saria ere jaso zituen, bakea bere herrialdera eta eskualdera eramateko egindako ahaleginengatik.
Bere herrialdeko biodibertsitatea babesteko eta klima-aldaketari aurre egiteko ingurumen politikei esker, Royal Botanic Gardensen Kew Nazioarteko Domina eta Wildlife Conservation Societyren Theodore Roosevelt Saria jaso zituen. Gainera, National Geographic Societyk kontserbazioarekin zuen konpromiso hautsiezinagatik ohoratu zuen, eta Conservation Internationalek Bisionario Globalaren Saria eman zion.
Pobreziaren eta desberdintasunaren aurka borrokatzeko garatu zituen politika berritzaile eta arrakastatsuak zirela-eta, Dimentsio anitzeko Pobreziaren Sarearen sortzaileetako bat izendatu zuten Oxford Poverty and Human Development Initiativek (OPHI izenez ezaguna ingelesezko sigletan), bere irakasle ohi eta politika horien inspiratzailearekin batera: Amartya Sen Ekonomiako Nobel sariduna.
Presidente izan aurretik, Defentsa Nazionaleko ministroa izan zen (2006-2009). Bertan, Indar Armatuak modernizatu zituen, eta FARC gerrillari bere 50 urteko bizitzako kolperik gogorrenak eman zizkion, negoziazio-mahaira eramateko. Gainera, “El Tiempo” egunkariaren zuzendariordea zian zen zortzi urtez (1983-1991). Kazetaritzako Espainiako Erregea Saria irabazi zuen Nikaraguako Iraultza Sandinistaren ustelkeria agerian jarri zuten kronika batzuengatik. Prentsa-askatasunaren defendatzaile sutsua izan da beti. Munduko Ekonomia Foroak Lider Global Gaztea izendatu zuen. “Time” aldizkariaren lehen orrialdean agertu zen, eta bi aldiz munduan eragin handiena duten 100 pertsonen zerrendan.
Zenbait libururen egilea da, hala nola “La tercera vía”, “La batalla por la paz”, “Un mensaje optimista para un mundo en crisis” eta “La batalla contra la pobreza”. Egun, Compaz Fundazioaren sortzailea eta presidentea da. Fundazioa Kolonbiako berradiskidetzean dago zentratuta. Droga Politikei buruzko Batzorde Globaleko kidea da, eta The Elders izeneko jakintsuen taldeko kidea. Irakasle bisitaria izan da Oxfordeko Unibertsitatean, Harvardeko Unibertsitatean eta Columbiako Unibertsitatean.