Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), Intermon Oxfam GKEarekin batera, “Tax Wars” filmaren emanaldia antolatu du, eta ondoren eztabaida eginen da. Jarduera 18:30ean hasiko da Ikasgelategiko 018. Ikasgelan (Arrosadiko campusa), eta NUPen aldetik Herritartasun Globalari buruzko Foroak (Nazioartekotze Errektoreordetzaren mendeko erakundeak) eta Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzak antolatu dute. Sarrera librea da toki guztiak bete arte.
Hege Dehli da filmaren zuzendaria, eta Enrique Abad Intermon Oxfameko kanpainen eta lurralde-aktibismoaren koordinatzaileak aurkeztuko du NUPen. Jardueraren aurkezpenean azaltzen denez, “Tax Wars pelikulan, munta handiko zenbait adituren istorioa kontatzen da, zeinak borrokan ari baitira multinazionalek zergak ordaindu ditzaten. Multinazionalei beren irabazien gainean % 15eko gutxieneko zerga globala ezartzeko akordio bat idazten lagundu zuten justizia fiskalaren paladin horiek. Akordio hori 2021ean sinatu zuten 136 herrialdek. Herritarren parte-hartzeak mundua alda dezake”.