Joan eduki nagusira

Otsailaren 15ean, larunbata, osotara 1.150 lagun joan ziren Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Iruñean antolatutako Unibertsitatea Erakusteko bigarren Egunera. Saioak Arrosadiko campusean egin ziren, eta industria, informatika eta telekomunikazioaren arloko titulazioei buruzkoak izan ziren. Unibertsitatea Erakusteko Egunen programa NUPen webean dago kontsultatzeko, eta otsailaren 22an, larunbata, amaituko dira zientzia juridikoetako, ekonomia eta enpresako, hezkuntzako eta giza eta gizarte zientzietako graduen aurkezpenekin.

zoom puertas abiertas

Sarioko Fernando Remacha aretoan industria arloko titulazioei buruz egindako saioa.

Aurreko larunbateko lehen saioa, ordena kronologikoan, industria arloko titulazioei buruzkoa izan zen: Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoa, Ingeniaritza Mekanikoa, Industria Teknologien Ingeniaritza, Diseinu Mekanikoaren Ingeniaritza eta Ingeniaritza Termikoko gradu duala. 600 lagun joan ziren saiora. Gero, informatika eta telekomunikazio arloko titulazioak aurkeztu ziren: Ingeniaritza Informatikoa, Telekomunikazioaren Teknologien Ingeniaritza, Ingeniaritza Biomedikoa eta Telekomunikazioaren Teknologien Ingeniaritzako eta Ingeniaritza Biomedikoko Gradu Bikoitza. 550 lagun joan ziren hitzaldira.

Hitzaldietako hizlariak

Saioetan parte hartu zuten Edurne Barrenechea Tartas Garapen Digitaleko errektoreordeak, Alfredo Ursúa Rubio Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoko (ETSIIIT) zuzendariak, Juan Carlos Iriarte Galarregui aipatuko eskolako zuzendariordeak eta ikasle hauek: Elisa Irujo Izcue, Industria Teknologien Ingeniaritzako Graduko egresatua (Nazioarteko Programa), bai eta Industria Ingeniaritzako eta Enpresen Zuzendaritzako Unibertsitate Master Bikoitza duena eta doktoretzako ikaslea ere, eta Amaia Vértiz Conde, Industria Teknologien Ingeniaritzako Graduko egresatua eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Unibertsitate Masterreko ikaslea.  

Saioetan, etorkizuneko ikasleek eta beren familiek graduetako irakasleen eskutik ezagutu zituzten titulazio bakoitzaren ezaugarri, irakasgai edo nazioartekotze aukerei buruzko xehetasunak eta ikasleen esperientzia pertsonalak ere aditu zituzten. Gainera, bisita gidatuak egin ziren unibertsitateko instalazioetara, bereziki, laborategi eta lantegietara, bai eta Urkiak unibertsitate-egoitzara eta kirol-instalazioetara ere. Orobat, goizean, Unibertsitatearen Arreta Bulegoan kontsultak egiteko aukera eskaini zen.

Larunbat honetan, azken saioak

Unibertsitatea Erakusteko Egunak larunbat honetan amaituko dira Arrosadiko campusean eginen diren lau saiorekin. Lehen saioa 9:30ean hasiko da Sario eraikinean, eta Hezkuntzako graduei buruzkoa izanen da: Haur Hezkuntzako Irakasletza, Lehen Hezkuntzako Irakasletza eta Haur Hezkuntzako Irakasletzako eta Lehen Hezkuntzako Irakasletzako Gradu Bikoitza. 10:00etan, Ikasgelategian, esparru juridikoko titulazioak aurkeztuko dira: Lan Harremanak eta Giza Baliabideak, Zuzenbidea eta Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako (EAZ) eta Zuzenbideko Gradu Bikoitza.  

Amaitzeko, bi saio eginen dira 12:00etan: Ikasgelategian, giza eta gizarte zientzien arloko graduen berri emanen da (Historia eta Ondarea, Gizarte Lana eta Soziologia Aplikatua), eta Sario eraikinean ekonomia eta enpresa arloko graduei buruz arituko dira (EAZ, Ekonomia, EAZko eta Zuzenbideko gradu bikoitza, EAZko eta Datuen Zientziako Gradu Bikoitza eta EAZko eta Ekonomiako Gradu Bikoitzaren Nazioarteko Programa).