Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) antolatutako haptikari buruzko “Haptics Demo Velada” ekitaldian, 80 lagunek baino gehiagok parte hartu zuten ikertzaileen, enpresen, ikasleen eta publikoaren artean. Teknologiarekin lotutako ukimena aztertzen duen zientzia da haptika.  Touchless eta InteVol europar proiektuek finantzatu zuten jarduera, eta NUP zen proiektu horien burua.

zoom Sario eraikinean egindako ekitaldiaren une bat.

Sario eraikinean egindako ekitaldiaren une bat.

Ekitaldian, publikoak 16 erakusleren ukipen-sentsazioak bertatik bertara esperimentatzeko aukera izan zuen, eta horien artean zeuden zenbait unibertsitatetako enpresa eta ikerketa-taldeak. “Esaterako, errealitate birtualeko esperientzia bat eskaintzen zen, non beroa, elektrizitatea eta ultrasoinuak aplikatzen baitziren pertsonaren eskuan mundu birtualean “ukitzen” zuenaren arabera: eguzki bat, lantzak edo plater hegalari bat. Beste erakustaldi batean, pertsona bat bolante bat gidatzen ari zen, urrutitik hatz-koskorretan ukipen-sentsazioak aplikatzen zitzaizkiola errepideko oztopoak adierazteko. Beste esperientzia batek besoko ilea elektrostatikaren bidez harrotzen zuen”, azaldu du Asier Marzo antolatzaileak. Marzo NUPeko irakasle eta Smart Cities Institutuko (ISC) ikertzailea da.

Ekitaldira joan zirenen artean, hainbat ikertzaile ezagun zeuden, hala nola Sriram Rechamanian (University College London, gailu interaktiboetan espezializatua), Ana Serrano (Zaragozako Unibertsitatea, ordenagailu bidezko grafikoetan zentratua), Johan Kildal (Tekniker, robot kooperatibo eta haptikoetan espezializatua), Joanna Bergstrom (University of Copenhagen, errealitate birtualean aditua) edo Orestis Georgios (UltraLeap Ltd, haptikan aritzen den enpresa).

zoom Interakzioa egon zen parte-hartzaileen eta teknologiaren artean.

Interakzioa egon zen parte-hartzaileen eta teknologiaren artean.

Asier Marzok azaldu duenez, ekitaldiak bi asmo zituen. Alde batetik, H2020 Touchless europar proiektua bukatu nahi zuen, zeinean University Collegue Londonek (Erresuma Batua), Kopenhageko Unibertsitateak (Danimarka), UltraLeap Ltd-ek (Erresuma Batua), Soft Serve inc-ek (Nazioartekoa), Crowdhelix (Erresuma Batua) eta NUPek parte hartzen duten. “Proiektua amaitzean, berrikusle eta parte-hartzaileek denbora partekatu zuten proiektuaren azken emaitzak probatzen”, esan du ikertzaileak.

Bestetik, ekitaldiaren bidez NUPen haptikari buruz egiten ari diren ikerketaren berri eman nahi zitzaien Nafarroako ikertzaileei, enpresei eta publikoari. “Teknologia haptikoak ukimenaren zentzua gehitzen die erabiltzailearen errealitate birtualari eta interfazeei; esperimentatzeko, aurrez aurre probatu behar da”, esan du amaitzeko Asier Marzok.