Joan eduki nagusira

Nafarroako ikastetxe batzuetako Bigarren Hezkuntzako berrogeita hamar ikaslek parte hartu zuten berriki Iruñeko Planetarioak (NICDO) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) CanSat erronkari buruz antolatutako dibulgaziozko jardunaldi batean. Europako Espazio Agentziaren ekimen bat da, eta hezkuntza-etapa horretako ikasleei erronka egiten die freskagarri-lata baten tamainako satelite bat eraiki eta jaurti dezaten. NUPek, Iruñeko Planetarioarekin batera, urtero jarduera horretan parte hartzen duten ikasleak gidatu eta orientatzen ditu. Jardueraren helburua da Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika (ZTIM) bokazioak sortzea.

zoom cansat

Ikasleak beren proiektuak azaltzen NUPeko irakasleei Ikasgelategiko 09 bis ikasgelan.

Aurten, guztira, 73 ikaslek hartzen dute parte proiektuan, 15 taldetan banatuta eta Iruñea, Martzilla eta Tafallako 6 ikastetxetakoak dira: Navarro Villoslada BHI, Caro Baroja BHI, Marqués de Villena BHI, Padre Moret Irubide BHI, Sancho III El Mayor BHI eta Irabia-Izaga ikastetxea. Zehazki, hauek dira taldeak: Space Makers, AeroNimbus, Stellarion Project, Guardianes del cielo, Templarios celestiales, Astropetas, Cansatdos con salsa, Leones de Montepinar, SatConnect, Las Navarricas, Los_Robochocantes, AstroBite, Navarrocket, Irubide eta SkyScope. 

Jardunaldiko mahai-inguru batzuetan, ikasleek Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoko irakasleei (IITIGMET) azaldu zizkieten lantzen ari ziren proiektuak eta erabili zituzten soluzioak erronkari erantzuteko. Era berean, Unibertsitateko ikertzaileek erronka horrekin lotuta Unibertsitatean egiten diren jarduerak azaldu zituzten. Hala, proiektuak aurkeztu baino lehen, ikasleek dibulgaziozko hitzaldi batzuetan parte hartu zuten: “Zer egiten du zu bezalako irrati-teleskopio batek hau bezalako unibertsitate publiko batean?” (Rafael Ruiz Feliu), “Miura satelite-jaurtigailuaren antenak diseinatzen” (Jorge Teniente Vallinas), “HERA - Defending Planet Earth” (Francisco Perez Zabalza), “Zaindari: etxerako zibersegurtasuna made in Navarra” (Xabier Erro) eta “Lebitazio akustikoa” (Asier Marzo). 

CanSatekin lotutako jarduera hori NUPeko Elektronikaren Astearen barruan egin zen Arrainontzian, Iruñeko campusean, erakundeko Teknologia Elektronikoaren Katedrak antolatuta.. Mikel Sagues García Ingeniaritza Saileko irakaslea da CanSat-eko koordinatzailea NUPen.

zoom cansat

Parekoen arteko topaketaren une bat.

CanSat proiektuari buruz

CanSat Europako Espazio Agentziak ESEROren bidez sustatutako ekimen bat da, Europa osoko ikasleei desafio egiten diena freskagarri-lata baten tamainako satelite txiki bat eraiki eta jaurti dezaten.

Ikasleei zuzendutako erronka da satelite batean dauden azpisistema nagusi guztiak freskagarri-lata baten bolumenean eta forman egokitzea, hala nola energia, sentsoreak eta komunikazio sistema bat. Gero, suziri batek CanSat jaurtitzen du gutxi-gehiago kilometro bateko altuerara, eta une horretan hasten da bere misioa. Erorikoan esperimentu zientifiko bat egiten da lurreratze segurua lortzeko eta bildutako datuak analizatzeko. 

Europara bidaiatzen duen taldea aukeratzeko, lehenik eta behin eskualde mailako fase bat antolatzen da, eta gero, autonomia-erkidego bakoitzeko finalistekin, fase nazional bat.

Nafarroako CanSat  irabazlearen aukeraketa  

Martxoaren 28ko eta 29ko asteburuan, erronkaren irabazlea nor den jakinen dute Nafarroako 6 ikastetxeetako ikasleek. Hitzordua martxoaren 28an, larunbata, hasiko da Lerinen, eta talde bakoitzak bere CanSat-a jaurtiko du. 

Beren prototipoek nola funtzionatzen duten probatu ondoren, biharamunean proiektu irabazlea nor den jakinen da Iruñeko Baluarten, eta epaimahai espezializatu batek jaurtiketa bakoitza ebaluatuko du fase nazionalera zein talde joanen den erabakitzeko. 

Nafarroako Gobernuak, Iruñeko Planetarioak, NICDO Planeta STEMek, ESEROk eta NASERTICek antolatutako programa horrek ZTIM bokazioak sustatzea du helburu, eta NUPen, Leringo Udalaren eta Granadako Zientzien Parkearen laguntza du.