Antonio Gil Bravo Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Material Aurreratuetarako eta Matematikarako Institutuko (INAMAT2) katedradun eta ikertzaileak hitzaldi bat eman du Aljerian nekazaritza-, baso-, hiri- eta industria-hondakinak eta algak erabiliz bioerregai likido aurreratuak eraginkortasunez lortzeko azken teknologiei buruz. Bioerregai horiek erregai fosilen alternatiba dira, bereziki elektrifikazioa bideragarria ez den sektoreetan, hala nola aireko eta itsasoko garraioa eta karga astunen garraioa.
Hitzaldia Petrolio eta Gas Industriarako Ingeniaritza Kimikoari buruzko Nazioarteko Biltzarrean egin zen (International Conference on Chemical Engineering for Oil and Gas Industry ICCE "24-OGI). Biltzarra Sétifeko (Aljeria) Ferhat Abbas Unibertsitatean egin zen, eta zentro akademiko horrek eta Sonatrach hidrokarburoen estatu-konpainiak antolatu zuten. Sonatrach Afrikako iparraldeko herrialde horretako enpresarik handiena eta munduko petrolio-partzuergo garrantzitsuenetarikoa da.
Energia jasangarri baterako bioerregaiak
“Gaur egun, bioerregaiek zeregin garrantzitsua dute energia jasangarri eta berriztagarri baterako trantsizio globalean —nabarmendu zuen Antonio Gilek bere hitzaldian—. Ibilgailu elektrikoekin eta energia berriztagarrien hazkundearekin batera, bidaiarien garraioan petrolioaren erabileratik aldentzen lagun diezagukete. Orobat bioerregai fosilen alternatiba praktiko bakarra dira hegazkin, itsasontzi eta garraio astuneko kamioietarako, horiek energia-iturrien aukera mugatuagoa baitute”.
Bere hitzaldian, NUPeko katedradunak azaldu zuen zer iturritatik lortzen ahal diren bioerregai likido aurreratuak. Esaterako, “laboreekin lotutako nekazaritza-hondakinak, baso-hondakinak, zur-ekoizpenaren zerrautsa, hondakin organiko solidoak — udal- eta industria-hondakinen frakzio biodegradagarriak barne, baita lorezaintzako hondakinak ere — eta algak”.
“Sortzen ari diren aukera horiek garraiorako bioerregaiak ekoizteko eskuragarri dauden lehengaien aukera zabaltzen dute, eta, aldi berean, lurraren erabilera aldatzearekin eta elikagaiak ekoizteko lehiarekin lotutako jasangarritasun-arriskuak gutxitzen dituzte — adierazi zuen ikertzaileak —. Hondakinak ez dira laboreen edo zuraren ekoizpenarekin lehiatzen, baizik eta haren ondoan hazten dira. Errendimendu handiko larre eta zuhaitzek bioerregaietarako ohiko laboreek baino energia gehiago sor dezakete lurrazaleko unitate bakoitzeko, eta horrek lurraren erabileran gertatzen den edozein aldaketaren eragina arindu dezake”.
Erregai jasangarrietarako teknologia
Bere hitzaldian, zuzentzen duen ikerketa-taldeak (INAMAT2 Institutuko Ingurumen Teknologiak eta Aplikazioak) egindako aurrerapenak aurkeztu zituen Antonio Gilek. Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioaren eta Nafarroako Gobernuaren babesa dute taldearen ikerketek. Aipatu lanek aztergai dituzte transformazio termokatalitikoko prozesuak. Prozesu horietan, beroa eta katalizatzaile izeneko substantzia kimikoak aplikatzen dira, eta hondakin organikoak deskonposatu eta kalitate handiko bioerregai likido bihurtzen dira. Metodo horrek aldaketaren efizientzia hobetu eta hondakina murrizten du eta aukera ematen du modu efizienteagoan erabiltzeko erregai jasangarriak ekoizteko materialak, hala nola nekazaritza- eta baso-hondakinak edo hiri-hondakinak.
Ikerketa horien emaitzak ingeniaritza kimikoaren arloko eragin handiko aldizkarietan argitaratu dira, hala nola “Catalysis Reviews - Science and Engineering”, “Chemical Engineering Journal”, “Catalysis Today” eta “Fuel”.