Guztira, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) eta CENIFER (Imarkoain) eta IES Ega (San Adrian) zentroetako Lanbide Heziketako titulazio desberdinetako 25 ikaslek parte hartu dute Arrosadiko campusean egindako tailer batean, AN Taldeak jasangarritasunaren arloan proposatutako benetako erronka bati soluzioa bilatzeko. Jarduera hori ARIES4 proiektuaren barruan dago, eta Europar Batasunaren babesa du Erasmus+ programaren bidez. Foru Komunitatean, proiektu horretan parte hartzen dute Nafarroako Garapenerako Sozietateak (SODENA), NUPek eta Hezkuntza Departamentuak, aipatutako LHko bi zentroek ordezkatuta. ARIES4 proiektuak Europako lau eskualde lotzen ditu (Nafarroa, Varmland Suedian, Hego Danimarka eta Gabrovo Bulgarian). Eskualde horiek guztiek konpromisoa dute Jasangarritasunerako Espezializazio Adimenduneko Estrategiekin (S4), eta unibertsitate publikoen laguntza dute estrategia horiek praktikan jartzeko.


NUPeko eta Lanbide Heziketako ikasleak, epaimahaia eta ARIES4 proiektuko kideak, jardueraren hasieran Arrosadiko campusean.
NUPen egin zen CRE8 tailerrean erabilitako metodologia Karlstadeko Unibertsitateak diseinatu zuen (Suedia), ARIES4 proiektuko bazkide baita. Ikasleak diziplinarteko bost taldetan antolatu ziren, eta beren sormena bakarrik zuten erronkari aurre egiteko tresna nagusi gisa: nola kokatu oilasko-haragia kalitatezko aukera etiko eta jasangarri gisa proteinaren iturri alternatibo berriak sortzen ari diren garai batean. Hiru orduz, papelografoekin edo arbelekin eta errotuladoreekin lan egin zuten, eta arazoa aztertzeko eta irtenbideak proposatzeko erabili zituzten.
Epaimahaiak, bost taldeen aurkezpenak entzun ondoren, erabaki zuen haietako zeinek eman zion erronkari soluziorik aproposena. Hauek izan dira epaimahai horretako kideak: Maite Muruzabal Muruzabal (AN Taldea Fundazioko zuzendaria), Sandra Aguirre Sainz (Nafarroako Elikagaien Klusterreko kudeatzailea - NAGRIFOOD), Miren Ausín Lecuona (Nafarroako Gobernuko Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria) eta Martin Larraza Kintana (NUPeko Ikerketako errektoreordea eta ARIES4 proiektuaren zuzendaria). Espezialisten talde horren iritzian, bost taldeek ideia baliagarriak eta berritzaileak aurkeztu zituzten.
Bestalde, Maite Muruzabalek eskerrak eman zizkien ikasleei bere hegazti-atalak planteatutako “erronkari irtenbide berritzaileak eskaintzeko egindako ahaleginagatik, sormenagatik eta talde lanagatik”. Gainera, nabarmendu zuen talde guztiek ekintzak proposatu zituztela kontsumitzaileak hegazti-prozesua eta oilasko-haragiaren bertuteak zehatz-mehatz ezagut ditzan: “osasungarria eta jasangarria”. Zehazki, talde irabazleak “datuak kontakizuna hiltzen du” lelotik abiatuta garatu zituen bere ebazpenak, eta horrek bere hipotesia azaltzen du, alegia, erronka konpontzeko gakoa informazioa testuinguru eta egoera egokian aprobetxatzea dela.
Jarduera horren aurretik, Lucía Nieto Sádaba NUPeko Enpresa Berritzaileak Sortzeko Unibertsitate Laborategiko (LUCE) eta Nafarroako Enpresen eta Berrikuntzaren Europar Zentroko (CEIN) arduradunak ikasleak motibatu eta haien arteko sinergiak sortzera bultzatu zituen, sormenari buruzko hitzaldi baten bidez.
Tailerrean parte hartu zuten NUPeko ikasleak ikastegi hauetakoak ziren: Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatea; Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoa (IITIGMET); eta Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikoa (NIBGMET).
Negozio-eredu jasangarriagoetarako trantsizioa
Honako helburu hau du ARIES4 proiektuak (Jasangarritasunerako Espezializazio Adimenduneko Estrategietan oinarriturik dauden Berrikuntzarako Eskualdeko Ekosistemen Aliantzaren siglak ingelesez): tartean dauden eragileen artean estrategia horiekin lotutako ezagutza sortzen eta trukatzen laguntzea, hala nola unibertsitateak, LHko zentroak, sektore publiko eta pribatuak eta gizartea oro har. Jarraipenerako eta ebaluaziorako tresnak garatzea ere azpimarratzen du. Orobat proiektuak negozio eredu jasangarriagoetarako trantsizioa sustatu nahi du, horretarako jardunbide egokietan oinarritutako prestakuntza-programak praktikara eramanez.
Gainera, proiektuak ekintzailetzako mentalitatea, jarrerak eta trebetasunak sustatu nahi ditu berrikuntza-ekosistemen funtsezko eragileen artean, arreta berezia eskainiz unibertsitateetako eta LHko ikastetxeetako ikasleei. Ahalegin horiek guztiak bideratuta daude jasangarritasunerako trantsizioa lortzera. Azkenik, eskualde parte-hartzaileen artean komunikazio sareak sortzea du asmoa, ezagutza hori Europako beste esparru batzuetara zabaltzeko.
Espezializazio Adimenduneko Estrategia Nafarroan
Espezializazio Adimenduneko Estrategiak eskualdeen garapen ekonomikoko ereduak dira, Europak bultzatuak, eta haien xedea da eskualde bakoitzak lehiarako abantailak dituen arlo ekonomikoetara bideratzea baliabideak. Estrategia horiek eskualde bakoitzaren potentzial ekonomiko, zientifiko eta teknologikoa hartzen dute kontuan, bai eta eskariaren joerak ere. Nafarroak, zehazki, honako sei arlo estrategiko hauek ditu: mugikortasun elektrikoa eta konektatua, elikadura osasungarria eta jasangarria, energia berdearen industria, medikuntza pertsonalizatua, turismoa eta ikus-entzunezkoen industria. Jasangarritasuna da estrategia osoaren zehar-lerroa, 2021-2027 aldirako txertatua dago Nafarroan eta Europako Itun Berdearekin bat egiten du. Haren gobernantza bost lan-organotan egituratzen da, eta NUPek parte hartzen du horietan.