Joan eduki nagusira

Irantzu Recalde Esnoz (Soziologia Aplikatuan Graduatua) eta Marina Urra Rodríguez (Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzan Graduatua) Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) egresatuek Ikasketa Amaierako hirugarren sari nazional bana lortu dute. Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioak eman ditu sariak. Saria 2.200 eurokoa da.

zoom NUPeko egresatu saridunak, errektoretzako eraikinean. Ezkerretik eskuinera, Marina Urra Rodríguez eta Irantzu Recalde Esnoz.

NUPeko egresatu saridunak, errektoretzako eraikinean. Ezkerretik eskuinera, Marina Urra Rodríguez eta Irantzu Recalde Esnoz.

Irantzu Recalderen CV laburra

Irantzu Recalde Esnoz (Iruñea, 1993) Soziologia Aplikatuan Graduatua da NUPen, Gizarte Ikerketa Aplikatuko Tekniketako espezialista Ikerketa Soziologikoen Zentroan, Orientazio Publikoko Antropologiako Unibertsitate Masterra du Madrilgo Unibertsitate Autonomoan, eta Hezkuntza Zientzietako doktorea da Alcalako Unibertsitatean (2024). Tesia Ministerioaren Unibertsitateko Irakasleak Prestatzeko beka batekin egin zuen, eta bere garapenean doktoratu aurreko bi egonaldi egin zituen Lundeko Unibertsitatean (Suedia).

Irantzu Recaldek hainbat argitalpen zientifiko ditu, bai eta Espainiako eta nazioarteko hainbat kongresu zientifikotako parte-hartzeak ere. Orobat zenbait azterketa egiten lagundu du hala nola “Impacto de la violencia de género y de la violencia sexual contra las mujeres en España: una valoración de sus costes”, Alcalako Unibertsitateak egina Espainiako Gobernuak eskatuta. Egun, Errioxako Nazioarteko Unibertsitateko irakaslea da.

Marina Urraren CV laburra

Marina Urra Rodríguezek Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako Gradua (Nazioarteko Programa) egin zuen NUPen, eta espediente onenaren sari berezia lortu zuen. Nekazaritzako Ingeniaritzako Masterra egin zuen Europar Talentua Erakartzeko Beka baten bidez eta Datuen Zientziako eta Big Datako Unibertsitate Adituaren titulua. Bi tituluak NUPen egin zituen. Master Amaierako Sari Berezia eta master espediente onenaren Tomás Rubio de Villanueva saria lortu zituen. Azkena Nafarroako Nekazaritza Ingeniarien Elkargoak emana.

Ingurumen Agrobiologiako Doktorea da (2023) nazioarteko aipamenarekin NUPen eta Ludwig-Maximilians-Universität München-en (Alemania) doktoretza aurreko egonaldi bat egin zuen Nafarroako Gobernuaren laguntza batek finantzatuta. Bere lana artikulu zientifikoetan eta Espainiako eta nazioarteko biltzarretan argitaratu da, eta haren zati bat Europako patente batean jasotzen da.

2024an, Miriam Osés Ruiz hasi zen ikerketa-taldean (IMAB) doktoretza ondoko kontratu batekin. Bere ikerketaren helburua da ulertzea nola erregulatzen den maila molekularrean Magnaporthe oryzae onddo fitopatogenoan DNAri egindako kaltearen erantzuna. Onddo horrek arrozaren uzta globalaren % 10 - % 30 suntsitzen du (60 milioitik gora lagunentzat elikagai dena), eta behar-beharrezko beste zereal batzuei ere eragiten die, hala nola garia, garagarra eta artatxikia.