Nafarroako Unibertsitate Publikoari (NUP) aldi baterako utzi diote “Zientzialari Emakume Ilustratuak” erakusketa. ADItech unibertsitatea kide duen Nafarroako I+G+Bko Sistemaren (SINAI) eragile koordinatzaileak bultzatu du erakusketa. Gaur, otsailak 11, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna, inauguratu dute erakusketa, eta inaugurazio-ekitaldian parte hartu dute Juan Luis García Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak, Begoña Pérez Eransus NUPeko Unibertsitate Proiekzioko errektoreordeak eta Diego Garrido ADItecheko zuzendari nagusiak. Maruxa Arana ADItecheko Bikaintasuneko eta I+G+Bren Dibulgazioko arduradunak aurkeztu ditu lanak.


Inaugurazioan parte hartu duten agintariak. Ezkerretik eskuinera, NUPeko Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrako zuzendaria; Agurtzane Martínez Ortigosa Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusia; Juan Luis García Martín Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria; Begoña Pérez Eransus Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko errektoreordea; Diego Garrido Vidal Aditecheko zuzendari nagusia; Eva Perujuániz Unibertsitateko zuzendari nagusia; eta Maruxa Arana Maruxa Arana ADItecheko Bikaintasuneko eta I+G+Bren Dibulgazioko arduraduna.
Erakusketak artea eta dibulgazioa uztartzen ditu SINAIko emakumezko ikertzaileen lana agertzeko. Erakusketan Leire Urbeltz nafar artistaren eskultura bat eta 11 ilustrazio ere badaude –panel informatibo batekin batera–, eta emakumezko ilustratzaile baten eta SINAIko I+G proiektuetako zientzialari liderren arteko elkarrizketaren emaitza dira. Sortu zenetik, erakusketa hainbat herritan egon da ikusgai, hala nola, Iruñea, tutera, Zangoza, Altsasu, Lizarra eta Viana. Gaurtik aurrera eta martxoaren 18ra bitartean, ikusgai egonen da NUPeko Arrosadiko campusean.
“Historiako Emakume Zientzialariak”, Zientziaren emakumezko aitzindariekin batera egindako ibilbidea
Aipatu erakusketaz gainera, “Historiako Emakume Zientzialariak” erakusketa ere ikusgai egonen da Ikasgelategiko hirugarren solairuan. NUPek antolatu du erakusketa. Kasu horretan, Gurutze Pérez Artieda NUPeko Kulturaren eta Dibulgazioaren Arloko eta Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrako zuzendariak aurkeztu du erakusketa. Erakusketak 14 panel ilustratu ditu, eta emakumezko zientzialarien bizitza eta historian zehar izan dituzten lorpenak nabarmentzen dituzte emakumeek Zientzian izan duten parte hartzeari eta haien presentzia indartzeari buruzko sarrera batekin batera. Bigarren erakusketa hori ikusgai egonen da NUPeko Ikasgelategiko hirugarren solairuan otsailaren 28ra arte.
NUPek Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatzeko prestatu duen programazioaren barruan daude bi erakusketak. Programa osoa Unibertsitatearen webgunean dago kontsultatzeko.