Otsailaren 8an, larunbata, osotara 1.230 lagun joan ziren Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Iruñean antolatutako Unibertsitatea Erakusteko lehen Egunera. Saioak Arrosadiko eta Osasun Zientzietako campusean egin ziren, eta zientzien, nekazaritzako elikagaien eta osasunaren arloko titulazioei buruzkoak izan ziren. Unibertsitatea erakusteko egunen egitaraua kontsultatzeko dago NUPen webgunean , eta heldu den larunbatean, otsailak 15, ingeniaritzako graduen aurkezpenak eginen dira; zehazki, industria, telekomunikazio eta informatika arlokoak.
Osasun Zientzien campusean, parte-hartzaileak bi saiotan banatu ziren. Bietan, Medikuntzako, Erizaintzako eta Psikologiako graduak ezagutarazi zituzten, eta 545 lagunek hartu zuten parte hitzaldietan. Arrosadiko campusean, hirugarren saio bat egin zen. Saioan 230 lagunek hartu zuten parte, eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Graduari, Fisioterapiako Graduari eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako eta Fisioterapiako Gradu Bikoitzari buruzkoa izan zen.
Arrosadiko campusean ere bi saio egin ziren. Lehenengoa, ikuspegi kronologikotik, zientzien arloko titulazioei buruzkoa izan zen, eta Bioteknologiako, Zientzietako eta Datuen Zientziako graduak aurkeztu ziren, eta Datuen Zientziako eta Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako gradu bikoitza eta Datuen Zientziako eta Bioteknologiako gradu bikoitza. 340 lagun joan ziren. Gero, nekazaritzako elikagaien arloko titulazioak aurkeztu ziren: Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritza, Elikagaien Prozesu eta Produktuen Berrikuntza eta Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako eta Elikagaien Prozesu eta Produktuen Berrikuntzako Gradu Bikoitza. 115 lagun joan ziren hitzaldira.
Saioetan, etorkizuneko ikasleek eta beren familiek graduetako irakasleen eskutik ezagutu zituzten titulazio bakoitzaren ezaugarri, irakasgai edo nazioartekotze aukerei buruzko xehetasunak eta ikasleen esperientzia pertsonalak ere aditu zituzten. Gainera, bisita gidatuak egin ziren unibertsitateko instalazioetara, bereziki laborategietara, eta, nekazaritzako elikagaien arloko titulazioen kasuan, Praktiketarako eta Nekazaritza Ikerketarako Etxaldera. Ibilbide horietan, Urkiak unibertsitateko egoitza eta kirol-instalazioak sartu zituzten. Orobat, goizean, Unibertsitatearen Arreta Bulegoan kontsultak egiteko aukera eskaini zen.
Hizlariak
Osasun arloko saioetan parte hartu zuten Roldán Jimeno Aranguren erakundeko idazkari nagusiak eta Osasun Zientzien Fakultateko zuzendaritza taldeko kide batzuek, hots, Almudena Sánchez Villegas dekanoa eta Alicia Alonso Martínez (Jarduera Fisikoa eta Kirolaren Zientziak), Ana Bays Moneo (Fisioterapia), Tomás Belzunegui Otano (Medikuntza), José Javier López Goñi (Psikologia) eta María Jesús Pumar Méndez (Erizaintza), zeinak dekanordeak baitira. Hiru ikaslek eman zuten beren lekukotasuna: Paula Calvo Bayón (Psikologia), Nerea Lasarte del Río (Medikuntza) eta Diego Mora Véliz (Erizaintza).
Zientzietako eta nekazaritzako elikagaien titulazioen kasuan, aurkezpenetan parte hartu zuten Jorge Elso Torralba Nazioartekotzeko eta Lankidetzako errektoreordeak eta Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikoko (NIBGMET) arduradunek, hala nola Ramo Barrena Figueroa zuzendariak eta Fernando Bimbela Serrano eta María Ángeles de Blas Corral zuzendariordeek. Bi ikaslek, Lucía Heras Álvarezek (Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako eta Elikagaien Prozesu eta Produktuen Berrikuntzako Gradu Bikoitza) eta Marta Zariquiegui Prietok (Datuen Zientziako eta Bioteknologiako Gradu Bikoitza) ikasle gisa izandako esperientziak kontatu zituzten.
Larunbat honetan, ingeniaritzetako saioak
Otsailaren 15ean, larunbata, Arrosadiko campusean, Unibertsitatea Erakusteko Eguna antolatu dute, eta ingeniaritzei buruzko saioak izanen dira. Zehazki, 10:00etan, industria-ingeniaritzen arloari buruzko informazioa emanen da. Zehazki, titulazio hauei buruzko informazioa: Ingeniaritza Elektrikoa eta Elektronikoa, Industria Teknologien Ingeniaritza, Ingeniaritza Mekanikoa, Diseinu Mekanikoaren Ingeniaritza eta Ingeniaritza Termikoa (gradu duala).
Gero, 12:00etan, Informatika eta Telekomunikazio arloko titulazioei buruz hitz egiteko garaia izanen da. Telekomunikazioaren Teknologien Ingeniaritza, Ingeniaritza Informatikoa, Ingeniaritza Biomedikoa eta Telekomunikazioaren Teknologien Ingeniaritzako eta Ingeniaritza Biomedikoko Gradu Bikoitza.