Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), Europako beste hamabi bazkiderekin lankidetzan, Autoebaluaziorako tresnak (“Self-Assessment Tool”, ingelesez) izeneko baliabide digital bat garatu du. Baliabide horri esker UNITA aliantzako unibertsitateek beren graduko programen nazioartekotze maila ebaluatzen ahal dute. Tresna horrek diagnostiko zehatza eskaintzen du, eta aholku espezifikoak ematen ditu goi mailako hezkuntza globalago, inklusiboago eta eskuragarriago bat sustatuko duten estrategia eraginkorrak diseinatzeko eta praktikara eramateko.

Tresna hori NUPen aurkeztu zen UNITA RECIPES for INTERNATIONALISATION (nazioartekotzeko UNITA errezetak) Erasmus+ proiektuaren bilera batean (“Ekitaldi biderkatzailea” izenekoan). Topaketa Arrosadiko campusean egin zen, eta proiektuarekin lotutako unibertsitate eta entitateen ordezkariak bildu zituen.

zoom Proiektuko europar entitateen ordezkariak NUPen Jorge Elso errektoreordearekin (lehen lerroan, erdian).

Proiektuko europar entitateen ordezkariak NUPen Jorge Elso errektoreordearekin (lehen lerroan, erdian).

Jorge Elso Torralba NUPeko Nazioartekotzeko eta Lankidetzako errektoreordeak ongietorria egin zien, eta proiektuaren garrantzia nabarmendu zuen graduko programen nazioartekotzerako funtsezko tresna gisa, zeinak abantaila hau baitauka: “ikuspegi praktiko eta eskuragarria” eskaintzea praktikara eramateko, eta horrek “oztopo kultural eta geografikoak gainditzen laguntzen du”.

Nazioartekotzeko aholkularitza

UNITA RECIPES for INTERNATIONALISATION proiektua 2023ko abenduan hasi zen, eta hiru urteko iraupena du. Haren helburua da UNITA aliantzako unibertsitateen graduko programen nazioartekotzea erraztea figura profesional berri baten laguntzaz: nazioartekotzeko aholkularitza. Rol berritzaile horren bidez, laguntza pertsonalizatua (“coaching”) eman nahi zaie titulazioen arduradunei, nazioartekotze inklusibo eta eraginkorra sustatzen duten gaitasunak garatzeko, aukera gutxien dituzten ikasleengana iristeko eta “etxean nazioartekotzea” sustatzeko.

Proiektuak 400.000 euroko aurrekontua du, eta Erasmus+ programak eta MOVETIA (Hezkuntza Arloan Trukeak eta Mugikortasunak Sustatzeko Suitzako Agentziak) eta unibertsitate parte-hartzaileek finantzatu dute batera. Proiektuak azpimarratzen du testuinguru global batean goi mailako hezkuntza hobetzeko xedea duten europar unibertsitateen konpromisoa. 

Savoia Mont Blanceko Unibertsitateak (Frantzia) koordinatu du proiektua, eta unibertsitate bazkide hauek hartzen dute parte: Brescia (Italia), Brasoveko Transilvania (Errumania), Guardako Institutu Politeknikoa (Portugal) eta NUP. Gainera, erakunde elkartu gisa parte hartzen dute ARACISek (Errrumaniako Ebaluaziorako Agentzia Nazionala) eta UNITA aliantzako gainerako unibertsitateek: Zaragoza, Turin (Italia), Beira Interior (Portugal), Pau eta Aturrialdea (Frantzia), Timisoarako Mendebaldekoa (Errumania), Mendebaldeko Suitzako Goi Mailako Eskola Espezializatua - HES-SO (Suitza) eta Fedkovych Chernivtsi Unibertsitate Nazionala (Ukraina). 

Autoebaluaziorako tresna, baliabide praktikoa

NUPen egindako ekitaldiak autoebaluaziorako tresnaren ezaugarrietan sakontzeko balio izan zuen, eta diseinatuta dago graduko programen zuzendariei eta irakasleei beren programa akademikoen nazioartekotze maila ebaluatzen eta hari buruz hausnartzen laguntzeko. Hobetzeko arloak identifikatzeaz gain, funtsezko bost dimentsiotan bilduta dauden hamasei irizpidetan oinarritzen den tresnak aholku espezifikoak edo “errezetak” iradokitzen ditu ingurune akademiko globalago eta eskuragarriago bat erraztuko duten aldaketak ezartzeko.

Proiektuaren hurrengo faseetan, tresna probatuko da proiektuan parte hartzen duten unibertsitateen graduko 150 programatan baino gehiagotan.

UNITA – Universitas Montium 

UNITA – Universitas Montium aliantza 2020an sortu zen, eta egun honako hauek osatzen dute: hamabi unibertsitate, eskubide osoko hamar bazkide (horien artean NUP 2023tik) eta bi erakunde elkartu. Beraz, 250.000 ikasleko eta 22.000 laguneko giza taldea irakasleen eta teknikari eta administrazioko langileen artean. Horiek guztiek ezaugarri komun hauek dituzte: eskualde menditsuetan daude, beren herrialdeetako mugetatik gertu eta hizkuntza erromantzeak hitz egiten diren lekuetan.