Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) zortzi ikasle Waterpolo Iruña 98 02 taldean ari dira jokatzen denboraldi honetan. Taldea kirol horretako lehen mailako Iberdrola Ligan dago. Ikasleek batera egiten dituzte praktikak eta eskolak eta entrenamenduak (astelehenetik ostiralera) eta hamabi taldek osatutako Ohorezko Maila bateko lehiaketa (larunbatetan). Talde horietatik bederatzi Kataluniakoak dira (txapeldun olinpikoak dituzte), bat Madrilekoa eta beste bat Kanariar Uharteetakoa, Nafarroako taldeaz gain. Talde nafarrak NUPeko igerileku estalian jokatzen ditu partidak.


Ezkerretik eskuinera: Ane Cuervo, Maite Aramendía, Miren Bedialauneta, Naroa Oto, Larraitz Idiáquez, Andrea Sariñena, Olarizu Ibáñez eta Miren Urizar.
Hona hemen Waterpolo Iruña 98 02 taldean jokatzen duten zortzi ikasleak, zer ikasketa egiten ari diren adierazita eta alfabetoaren arabera ordenatuta: Maite Aramendía Zabalza (Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritza), Miren Bedilauneta Sancet (Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritza), Ane Cuervo Hernandorena (Gizarte Lana), Larraitz Idiáquez García (Lehen Hezkuntzako Irakasletzako Nazioarteko Programa), Olarizu Ibáñez López (Medikuntza), Naroa Oto Remón (Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak), Andrea Sariñena Lalana (Medikuntza) eta Miren Urizar Molina (Medikuntza).
“Astean bost egunez entrenatzen dugu —azaldu du Ane Cuervo jokalariak—. Egun horietako hirutan, hiru entrenamendu saio egiten ditugu: goizez, gimnasioan; eguerdian, uretan, eta arratsalde-gauetan, berriz ere igerilekuan. Beste egun batean, bi saio baino ez ditugu: gimnasioa eta ura. Eta ostiralean, igerilekuko saioa. Larunbatean, partida jokatzen dugu; horrenbestez, igandea izaten dugu egun libre bakarra”.
Miren Urizar taldekideak gehitu du: “Iruñetik kanpo jokatzen dugun asteburuetan, bidaiak egun osoa hartzen du, autobusez joaten baikara urrutira”.
Ikasteko eta maila gorenean jokatzeko gakoak
NUPek, Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzako Unibertsitate Zabalpenaren Atalaren bidez, ikasketak erakunde horretan egiten ari diren goi mailako kirolarientzako programa bat dauka. Bere jardueren artean, laguntza akademikoko neurriak eskaintzen ditu. Esaterako, azterketen datak aldatzea lehiaketekin bat datozenean, taldea aldatzea edo klasera ez joatearen justifikazioa. Horrekin kirol jarduera eta ikasketak bateragarri egin nahi dira. Waterpolo Iruña 98 02 taldean jokatzen duten zortzi ikasleetatik biri goi mailako kirolarien izaera aitortu diete.
NUPeko programa horrez gain, waterpoloko jokalariek bestelako neurri batzuk ere hartzen dituzte ikasketak eta goi mailako kirola bateragarri egiteko. Hala, Miren Urizar jarrera positiboa eta helburu argiak izaten saiatzen da.
“Urratsez urrats joaten saiatzen naiz, gauzak ahalik eta ondoen eginez eta gehiegi estutu gabe — adierazi du —. Kirol horretaz gozatzen dut, eskola-adinean egiten nuen bezala, eta zertarako aldatu ongi sentiarazten nauen zerbait. Orobat uste dut talde on baten babesak asko laguntzen duela gustura egoten; giroak eragin handia dauka”.
Ane Cuervoren kasuan, “antolatzea” da waterpoloan maila gorenean jokatu bitartean ikasketak egiteko erronkari aurre egiteko faktore erabakigarria. “Hori gabe, ezinezkoa da bi gauzei batera aurre egitea — dio waterpoloko jokalariak—. Kirolaren ikuspegitik, maila horretan egoteak buru-neke handia eragiten du. Prest egon behar da gol askoren aldeaz galtzeko eta oso partida gutxi irabazteko. Gure erronka da burua oso ondo lantzea ez hondoratzeko eta ahalik eta gehien saiatzeko. Hori gainditzen dugu ikusiz gure lanarekin emaitza positiboak lortzen ditugula, eta horrek ahalegintzen jarraitzera bultzatzen gaitu”.
Gure taldea igo berria denez, Ohorezko Mailan jarraitzea da Waterpolo Iruña 98 02 taldearen helburu nagusia. Zenbaki horiek taldearen historiari buruzkoak dira: 1998an gizonezkoen taldea sortu zen, eta 2002an emakumezkoen taldea. Hamabi taldeko liga batean, fase erregularreko azken lau taldeek “play-off” bat jokatuko dute jaitsiera-postutik ateratzeko.
“Taldea txikia gara, eta Championseko, Joko Olinpikoetako, Europako txapelketetako eta abarretako irabazleen aurka jokatzen dugu —laburbildu du Miren Urizarrek—. Espainiako Ohorezko Mailako Liga munduko onenetakoa da, eta, horrenbestez, kosta egiten da leku bat hartzea. Bai entrenamenduetan bai konpromisoan eta indar mentalean ia ehuneko ehuna eman behar dugu, eta hori oso nekagarria izaten ahal da, batez ere, beste betebehar batzuk ere baditugulako, hala nola ikastea”.
Esker ona eta gogobetetzea
Gogor lan egitea eskatzen badu ere, waterpoloa esker onaren eta gogobetetzearen iturria da. “Jokatzen dugun mailan nolabaiteko profesionaltasuna beharrezkoa bada ere, oso gustura egiten dut, eta neure burua argitzeko eta ondo pasatzeko modu bat da —esan du kirolariak—. Denbora, ahalegin eta sakrifizio asko eskaintzen diodan zaletasun bat da, baina, aldi berean, irribarreak, adiskideak eta osasun fisiko eta mentala ere ematen dizkit. Oso eskertuta nago waterpoloari esker bizi izan ditudan eta oraindik bizitzeko ditudan esperientzia guztiengatik”. Ane Cuervoren kasuan, kirol hori “dena” da harentzat. “Adiskideak, familia, zaletasuna, ‘lana’…”, aipatzen ditu.
Waterpoloko bi jokalariek beste pertsona batzuk animatzen dituzte kirola eta ikasketak batera egitera. “Etorkizunean pentsatuz prestakuntza baloratzen dut —esan du Miren Urizarrek—. Ikasketetan, lanerako prestatzen zara, baina liburu batekin lortzen ez diren ezaugarriak ematen dizkizu kirolak: diziplina, konpromisoa, enpatia, babesa... eta horrez gainera osasuna eman eta ate asko irekitzen dizkizu”. Eta amaitzeko, hau esaten du Ane Cuervok: “Kirola lagungarri da ikasketetan emaitza hobeak lortzeko”.