Ebro Ibarreko Nazioarteko Bikaintasuneko Campusak InterDoc nazioarteko programa abiarazi du, nazioarteko talentua erakartzeko, egonkortzeko eta atxikitzeko programa bat, lau urteko 23 doktoretza-kontratu eskainiko dizkiena bikaintasuneko nazioarteko ikertzaileei. Horizonte Europaren Marie Skłodowska-Curie Cofund ekintzaren esparruan finantzatutako proposamena da. Haren xedea da ikerketa sustatzea funtsezko sektoreetan, hala nola nekazaritzako elikagaiak eta nutrizioa, osasun teknologiak, energia eta jasangarritasuna, gizarte eta lurralde garapena edo biekonomia zirkularra.


Campus Iberuseko errektoreak. Ezkerretik eskuinera, Eva Sanz Errioxako Unibertsitateko errektorea; José Antonio Mayoral Zaragozako Unibertsitateko errektorea; Jaume Puy Lleidako Unibertsitateko errektorea; eta Ramón Gonzalo Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorea (NUP).
Atzo, asteazkena, otsailak 5, aurkeztu zen programa Zaragozan, eta aliantzako lau unibertsitateek parte hartu zuten. Ekitaldi horretan, Marta de Miguel Campus Iberuseko zuzendariak Jaume Puy Lleidako Unibertsitateko errektorearekin, José Antonio Mayoral Zaragozako Unibertsitateko errektorearekin, Ramón Gonzalo Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) errektorearekin eta Eva Sanz Errioxako Unibertsitateko errektorearekin aztertu zituen proiektuaren mugarri nagusiak.
Programa beren ibilbidean hastapenetan dauden ikertzaileentzako dago diseinatuta, eta aurretiaz doktoretza gradurik izan gabe doktoretza-programa baterako sarbidea emanen dien goi mailako hezkuntzako titulu bat dutenentzat da. Ekimen horren bidez, Campus Iberusek eragin positiboa izan nahi du bikaintasun zientifikoan eta eskualde-garapenean.
Iberus InterDoc programaren bidez, unibertsitateek ikerketa-lerroak beste erakunde batzuekin batera finantzatu eta eskainiko dituzte. Zehazki, Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) zazpi doktoregai hartuko ditu, Zaragozako Unibertsitateak eta Lleidako Unibertsitateak seina eta Errioxako Unibertsitateak lau. “Erakunde horiek funtsezko zeregina beteko dute kontratazio-entitate gisa, eta lehen mailako ikerketa ingurune bat bermatuko dute, Human Resources Strategy for Researchers (HRS4R) zigiluaren bermearekin, zeinak ikerketako giza baliabideetako praktika onekiko konpromisoa ziurtatzen baitu”, esan du Campus Iberusek.
Programaren ezaugarriak
“Iberus InterDoc programaren ezaugarri erakargarriak bat datoz Ikertzailearen Europako Gutunarekin, Ikertzaileak Kontratatzeko Jokabide Kodearekin eta doktoretzako prestakuntza berritzailerako Europako printzipioekin”, azaldu du Campus Iberusek. “Gainera, nazioarteko hainbat unibertsitateren, enpresaren, ikerketa-zentroen eta ospitaleren laguntza du, parte-hartzaileen ikerketa-ibilbidea indartzeko egonaldiak, bisitak eta lankidetza-aukerak errazteko”, zehaztu dute.
Doktoregaiek laguntza administratiboa eta finantzarioa izanen dute nazioarteko ikerketako, prestakuntzako eta sare akademikoetan parte hartzeko kostuak estaltzeko. Beren kontratuaren hasieratik, Ibilbidearen Garapen Plan Pertsonalizatu bat zehaztuko dute, eta prestakuntza espezializaturako sarbidea eta trebetasun zientifiko eta zeharkakoen tailerrak izanen dira.
Gainera, Iberus InterDoc programak zenbait jarduera diseinatu ditu ikertzaileak unibertsitateko bizitzan integratzea errazteko. Jarduera horietako bat Iberus Connect ekimena da, doktoregaien komunitatea eta nazioarteko sarea, hainbat herrialdetako ikertzaileen konexioa bultzatzen duena. Beste laguntza-neurri batzuen artean, aukera dago doktoregai berriek bertako mentoreen laguntza izateko unibertsitate hartzailean.
“Iberus InterDoc programak Campus Iberusen aurretiazko beste programa batzuen ibilbide bera du, hala nola Iberus Talent eta Iberus Experience, eta erreferente bihurtu da mundu eta eskualde mailako eragina duen talentua erakartzeko nazioarteko 70 ikertzaile hartuz”, esan du amaitzeko Campus Iberusek.