Joan eduki nagusira

Gorputz anitzeko sistemen dinamika sistema mekaniko konplexuen mugimendua eta portaera simulatzeko aukera ematen duen tresna bat da, hasi beso robotiko eta aerosorgailuetatik eta trenetaraino. Metodologia horren aplikazioa bereziki garrantzitsua da industrian, hainbat kontrol-sistematan erabiltzen baita, eta makinek nola funtzionatzen duten ulertzen eta optimizatzen laguntzen du efizienteagoak eta fidagarriagoak izateko. Hala ere, hura garatzeko beharrezko kalkuluen konplexutasunak zaildu egin dezake denbora errealean erabiltzea. José David Fuentes Lárez (Caracas, Venezuela, 1989) ingeniari mekanikoak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatutako doktoretza tesi batek simulazio-eredu konplexuak sinplifikatzen dituzten teknika berriak garatu ditu. “Eredu konplexuak beren funtzionaltasuna arriskuan jarri gabe sinplifikatzeko gaitasunak atea irekitzen die simulazio azkarragoei eta eskuragarriagoei, eta, horrela, diseinu- eta optimizazio-prozesua hobetzen da”, adierazi du ikertzaileak.

“Gorputz anitzeko sistemen dinamikaren teknikei esker edozein sistema mekaniko simulatzen ahal da, eta horrek sistema aztertzea, diseinatzea eta hobetzea ahalbidetzen du —azaldu du José David Fuentesek—. Simulazio-gaitasun hori oso garrantzitsua da gaur egungo industrian, hainbat testuingurutan erabiltzen baita, hala nola robot industrialen garapena, tren industriako kontrol sistemen optimizazioa eta aerosorgailuen analisia, hainbat egoeratan. Prozesu horien doitasuna eta efizientzia funtsezkoak dira aplikazio industrialen segurtasuna, errendimendua eta jasangarritasuna bermatzeko”.

zoom José David Fuentes Lárez, NUPeko doktore berria.

José David Fuentes Lárez, NUPeko doktore berria.

José David Fuentesek emaitza aipagarriak lortu zituen bere tesirako garatu zituen eredu sinplifikatuak aplikatzean. NUPeko Ingeniaritza Saileko bi irakaslek zuzendu zuten tesia: Javier Ros Ganuza, Smart Cities Institutuko (ISC) ikertzailea eta Aitor Plaza Puértolas. Esaterako, beso robotiko baten kasuan, 49tik 19ra murriztu zituen bere funtzionamendua simulatzeko beharrezkoak diren parametroak, % 1eko errore-tartearekin. 

Aplikazioa tren-industrian

Tren-modelo batean, konplexutasun handiko metodo bat garatu zuen, faktore kritikoak zituena, hala nola trenbideko irregulartasunak, Kalkerren indarrak (gurpilaren eta errailaren arteko talka azaltzen dute) eta gurpilen alboetako alboko talka. Egoera hori, esaterako, bihurguneetan gertatzen da. Proposatutako teknikei esker, José David Fuentesek modelo osoaren jatorrizko emaitzak erreproduzitzea lortu zuen hasierako hamar parametroetatik hiru bakarrik erabilita. Horrez gain, identifikatu zuen eredua are gehiago optimiza zitekeela malgukien moteltze- eta zurruntasun-parametro gehigarriak txertatuz.  Horri esker % 47 jaitsi zen eragiketa konputazionalen kopurua, eta horrela modeloa askoz ere efizienteagoa bihurtu zen fidagarritasunik galdu gabe.

“Metodo horiek gorputz anitzeko sistemen dinamikan inplementatzeak, soluzio eraginkorrak eta kostu txikikoak eskaintzeaz gain, aukera ematen du hainbat kontrol sistematan erabiltzeko — adierazi du ikertzaileak —. Hori bereziki garrantzitsua da aurrekontu eta baliabide tekniko mugatuak dituzten industrietan. Gainera, modeloaren parametroen garrantzia ulertzeak hobekuntza esanguratsuak ekartzen ahal ditu bere diseinuan eta errendimenduan. Parametro garrantzitsuenak identifikatuz ingeniariek sistemaren portaeran benetan eragiten duten alderdietan zentratzen ahal dituzte beren ahaleginak, eta, horrela, baliabideen erabilera optimizatzen da”.

Curriculum laburra

José David Fuentesek Ingeniaritza Mekanikoko titulua lortu zuen 2012an Antonio José de Sucre Unibertsitate Nazional Esperimental Politeknikoan (Venezuela), eta handik NUPera etorri zen Ingeniaritza Mekaniko Aplikatu eta Konputazionaleko Unibertsitate Masterra (2014-2016) eta Materialen eta Fabrikazioaren Ingeniaritzako Unibertsitate Masterra (2016-2018) egiteko hurrenez hurren. 

Doktore berria tesia egiten eta Entecnia Consulting enpresako ingeniari-lanetan aritu da batera. Nafarroako enpresa hori produktuaren ingeniaritza-zerbitzuetan espezializatuta dago, eta doktorea berria han aritu da lanean 2019az geroztik. Aurretiaz, Nafarroako eta Venezuelako hainbat enpresatan aritu zen beren lanbidean, eta, horrenbestez, hamar urteko esperientzia du ingeniaritzako-proiektuen diseinuan, inplementazioan eta kudeaketan.