Otsailaren 19an, Campus Iberus Ebro Ibarreko Nazioarteko Bikaintasun Campusak, hots, Zaragozako Unibertsitateak, Lleidako Unibertsitateak, Errioxako Unibertsitateak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak osatutako aliantzak bere lehen honoris causa doktorea izendatuko du, Juan Manuel Santos Calderón Kolonbiako presidente ohi eta 2016ko Bake Nobel Saria. Izendapen hori dela eta, aliantzako unibertsitateek hainbat ekitaldi antolatu dituzte “Bakearen aldeko jardunaldiak” izenarekin. Zehazki, NUPek saio bat antolatu du, eta otsailaren 17an, astelehena, 17:00etan eginen da Bisitazioko Amen eraikineko Pinaquy aretoan (San Frantzisko kalea, 5).
NUPek antolatutako saioak “Bakea eta nazioarteko gatazkak: Posible ote da bakea gaur egungo munduko agertokian?” du izenburua, eta hiru hitzaldi izanen ditu. Honako hau da lehenengo hitzaldiaren izenburua: "Nazioarteko Zuzenbidea eta nazioartekoa ez den gatazka armatu bateko aldeen arteko akordioak eta elkarrizketa baketsuak. Begirada bat Kolonbiako testuingurutik”. Elquin Infante Kolonbiako Unibertsitate Kooperatiboko irakasle eta Giza Eskubideetako eta Enpresetako abokatu aholkulariak emanen du. Beste kargu batzuen artean, Kolonbiako Armada Nazionaleko Trantsizioari Laguntzeko Zuzendaritzako aholkularia izan da, eta Kolonbiako Batzorde Olinpikoko zuzendari akademikoa.
Honako hau da bigarren hitzaldiaren izenburua: “Mendebaldeko Saharako gatazka: Fronte Polisarioak Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren aurrean hasitako prozedurak”. Juan Soroeta Nazioarteko Zuzenbide Publikoko eta Nazioarteko Harremanetako irakasleak emanen du. Irakaslea Frente Polisarioko aholkulari juridikoen taldeko kidea da, eta bere ikerketaren zatirik handiena herrien autodeterminazio eskubideari eskaini dio, baina, bereziki, Saharako gatazkari, gai horri buruzko hainbat argitalpen baititu.
Annalisa Lenti Alboan GKEko Mendebaldeko Afrikako eskualdeetarako eta Laku Handietarako giza mugikortasunaren arloko lankidetza teknikariak emanen du hirugarren hitzaldia, eta honako hau du izenburua: “Gatazka baten atzean pertsonak daude: ALBOANen laguntza krisi humanitarioetan”. Hizlaria Politika Zientzietan lizentziaduna da Milango Unibertsitate Katolikoan, eta 18 urteko esperientzia du nazioarteko lankidetzaren sektorean. Brasilen, Bolivian, Kolonbian eta Txaden lan egin du, abandonatutako haurrak eta umezurtzak babesteko garapen programen eta errefuxiatu eta desplazatuei buruzko ekintza humanitarioko programen koordinatzaile gisa.
Juan Manuel Santos Calderón, honoris causa doktore
Aipatu denez, Juan Manuel Santos Calderón (Bogotá, 1951) izanen da Campus Iberuseko lehen honoris causa doktorea. Izendapena otsailaren 19an izanen da, 12:00etan, Lleidako Unibertsitateko Cappont Campuseko Mugaz Gaindiko Lankidetzaren eta Kulturen Zentroko entzunaretoan.
Juan Manuel Santos Ekonomian eta Administrazioan tituluduna da Kansasko Unibertsitatean (Estatu Batuak) eta graduondoko ikasketak ditu Londresko Ekonomia Eskolan eta Harvardeko Unibertsitateko Gobernu Eskolan. Santos nazioarteko figura politiko nabarmenetako bat da, eta errekonozimendu ugari egin dizkiote bere ibilbide publikoan zehar bultzatutako neurriengatik, hala nola Kolonbiako gatazkari amaiera emateko egin zuen ekarpena. 2010etik 2018ra bitartean Kolonbiako presidentea izan zen, eta garai horretan nabarmen hobetu ziren herrialdeko adierazle sozial eta ekonomikoak. Santosek FARCekin bake-akordio bat sinatzeko egindako ahaleginari esker, Bakearen Nobel Saria eman zioten, "50 urte baino gehiago iraun duen gerra zibilari amaiera emateko egindako ahalegin erabakigarri eta ausartengatik".