Depresioak Medikuntzako ikasleen % 27ri eragiten die, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) gradu horretako ikasleek egindako metaanalisi baten arabera. Ikerketa “Medicina General y de Familia” aldizkari zientifikoan argitaratu da, eta nabarmentzen du titulazio hori ikasten dutenek “morbilitate psikologiko handiagoa dutela, irakastorduen kopuru handiaren eta ikasketa horien iraupenaren ondorioz”. Cristina Albuixech Albert, Paula Fauste Soto, Mikel Lacalle Pérez, Maddalen Monreal Pascual eta Aída Rudiez Gómez Medikuntzako Graduko 6. ikasmailako ikasleek sinatu dute artikulua.


Zutik (ezkerretik eskuinera), Maddalen Monreal, Mikel Lacalle eta Aída Rudiez. Eserita (ezkerretik eskuinera), Cristina Albuixech eta Paula Fauste, NUPen Osasun Zientzien Fakultatean.
Ikerketak aztergai izan zituen azken hamabost urteetako datuak, munduko hainbat eskualdetatik bildutakoak. Ehuneko hori (% 27) batez besteko globalari dagokio, baina alde esanguratsuak daude tasa txikienaren (% 18,9, Pazifikoko mendebaldeko herrialdeena) eta handienaren artean (% 40,9, Afrikan). Emaitzen arabera, intzidentzia handiagoa da lehen ikasturtean, eta hurrengo urteetan murrizteko joera dago. Ez zegoen alde nabarmenik sexuaren arabera.
Nola eragiten dien profesionalei etorkizunean
“Medikuntzako ikasleen depresioak arreta berezia behar du, ikusi baita ez duela soilik aldi akademikoan eragiten, baizik eta, epe luzera, ikasketetan zehar sintomatologia depresiboa dutenek arrisku handiagoa dutela pazienteei laguntza mediko eskasagoa emateko”, idatzi du ikertzaile taldeak artikuluan, agerian utzi aurretik kopuru horietan eragina duten faktore indibidual, biologiko, genetiko eta sozialak aztertuko dituzten ikerketa sakonagoak egin beharra dagoela.
Ikerketan egindako metaanalisia teknika zientifiko bat da, hainbat ikerketa independenteren datuak konbinatzen dituena ondorio sendoagoak eta orokortzeko modukoak lortzeko. Kasu horretan, ikerketa-taldeak PRISMA jarraibideei jarraitu zien, hots, berrikuspen sistematikoen eta metaanalisien kalitatea hobetzeko nazioarteko estandarra.