Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) bi egresatuk, Laura Muro Iribarrenek (International Businesseko Unibertsitate Masterra egin du) eta Laura López Agramonte Zuzenbideko graduatuak irabazi dute UNITA unibertsitateen nazioarteko aliantzak europar herritartasunarekin lotutako ikasketen amaierako lan hoberenak saritzeko egindako deialdia. Saritutako ikasleek 400 eta 200 euro jaso dituzte, hurrenez hurren, mailaren arabera (masterra eta gradua), bai eta egiaztagiri bana ere. UNITAk bere kanal informatiboen bidez zabalduko ditu proiektu irabazleak Europar partzuergo hori osatzen duten hamabi unibertsitateetako bakoitzean saritutako gainerako ikasleen proiektuekin batera.

zoom Laura Muro Iribarren, masterreko mailako irabazlea.

Laura Muro Iribarren, masterreko mailako irabazlea.

UNITA aliantzak helburu hau lortu nahi du gisa horretako ekimenak antolatuz: bere unibertsitate bazkideetako komunitateen artean europazaletasunaren sentimendua sustatzea, eta, horrela, Europako nortasun partekatua etengabe eraikitzen laguntzea.

Lan irabazleak

Laura Muro Iribarrenek Master Amaierako Lan Onenaren Saria lortu du “Partnerships for innovation: a strategy for the internationalisation of firms”  lanagatik. María Jesús Campión Arrastia eta Nuria Osés Eraso irakasle eta INARBE institutuko ikertzaileek zuzendu dute (Institute for Advanced Research in Business and Economics) . Irabazlea Ekonomian graduatu zen NUPen, eta han International Businesseko Unibertsitate Masterra egin zuen. Egun Ekonomiako, Enpresako eta Zuzenbideko Doktoretza egiten ari da Nafarroako erakunde akademikoan.

zoom Laura López Agramonte, graduko mailako irabazlea.

Laura López Agramonte, graduko mailako irabazlea.

Saritutako lanak aztergai du lankidetzaren eta berrikuntzaren zeregina, erreferentziatzat hartuz oztopoak gainditzea, lurralde kohesioa eta eskualdeen arteko aliantzak sustatzea helburu duten Europako hainbat proiektu. Ikerketak aztergai du, lehenik eta behin, lankidetzaren eta berrikuntzaren eragin positiboa enpresen nazioarteko zabalpenean, eta gero harreman hori aztertzen du Espainiako enpresa txiki eta ertainen kasurako.

Gradu Amaierako Lan Hoberenaren saria “La causalidad y el título de imputación de la responsabilidad civil derivada de la inteligencia artificial de alto riesgo”  lanari eman diote. Laura López Agramontek egin du. María Luisa Arcos Vieira Zuzenbide Saileko katedradun eta INARBE Institutuko ikertzaileak zuzendu dute lana, eta aztergai ditu adimen artifizialaren garapenak esparru juridikoan eta zehazki adimen artifizialaren erabileratik eratorritako erantzukizun zibila egozteari dagokionez izan dituen erronkak. Egun, Laura López Agramonte Abokatutzarako eta Prokuradoretzarako Sarbideko Unibertsitate Masterra eta Nazioarteko Abokatutzako Masterra egiten ari da Madrilgo Zuzenbideko eta Ekonomiako Goi Mailako Institutuan (ISDE).

UNITA – Universitas Montium

UNITA – Universitas Montium  aliantza 2020an sortu zen, eta egun honako hauek osatzen dute: hamabi unibertsitate, eskubide osoko hamar bazkide (horien artean NUP 2023tik) eta bi erakunde elkartu. Beraz, 250.000 ikasleko eta 22.000 laguneko giza taldea irakasleen eta teknikari eta administrazioko langileen artean. Horiek guztiek ezaugarri komun hauek dituzte: eskualde menditsuetan daude, beren herrialdeetako mugetatik gertu eta hizkuntza erromantzeak hitz egiten diren lekuetan.

Honako hauek dira unibertsitate bazkideak: Barnealdeko Beirako Unibertsitatea eta Guardako Institutu Politeknikoa (Portugal); Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zaragozako Unibertsitatea (Espainia); Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatea eta Savoia Mont Blanceko Unibertsitatea (Frantzia); Turingo Unibertsitatea eta Bresciako Unibertsitatea (Italia); Timisoarako Mendebaldeko Unibertsitatea eta Brasoveko Transilvania Unibertsitatea (Errumania). Honako erakunde hauek parte hartzen dute elkartu gisa: Mendebaldeko Suitzako Goi Mailako Eskola Espezializatua - HES-SO (Suitza) eta Yuriy Fedkovych Chernivtsi Unibertsitate Nazionala (Ukraina).