Gaur, astelehena, otsailak 3, Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) lau errektoreorde berriak eta kudeatzaile berria beren karguez jabetzeko ekitaldia egin du. Ramón Gonzalo Unibertsitateko errektorea izan da ekitaldiaren buru, eta errektoretzako eraikinean egin da. Bertan izan dira orobat Unibertsitateko zuzendaritza-taldean hasiko direnen senide eta lagunak.


NUPeko zuzendaritza-talde osoa Arrosadiko campusean. Ezkerretik eskuinera: Roldán Jimeno (idazkari nagusia), Javier Goicoechea (Irakaskuntzak), Mónica Cortiñas (Kalitatea, Ekonomia eta Estrategia), Cristina Bayona (Ikasleak, Enplegua eta Ekintzailetza), Luis Gandía (Irakasleak), Ramón Gonzalo (errektorea), Martín Larraza (ikerketa), Edurne Barrenechea (Garapen Digitala), Begoña Pérez (Unibertsitate Proiekzioa, Kultura eta Dibulgazioa), Jorge Elso (Nazioartekotzea eta Garapenerako Lankidetza) eta Mar González (kudeatzailea).
Honako hauek dira NUPeko zuzendaritza-taldean hasiko direnak: Luis Gandía Pascual katedraduna, zeinak Inés Olaizola Nogalesen lekua hartuko baitu Irakasleen Gaietarako Errektoreordetzan; Javier Goicoechea Fernández, zeinak Inmaculada Farran Blanchen lekua hartuko baitu Irakaskuntzako Errektoreordetzan; eta Mónica Cortiñas Ugalde katedraduna, zeinak Martin Larraza Kintanaren lekua hartuko baitu Kalitateko, Ekonomiako eta Estrategiako Errektoreordetzan. Martin Larraza Kintanak, bestalde, Francisco Javier Arregui San Martínen lekua hartuko du Ikerketako Errektoreordetzan. Unibertsitateko kudeatzaile berria Mar González Paredes izanen da, eta Joaquín Romero Roldánen lekua hartuko du.
Ekitaldian izan dira, Nafarroako Gobernua ordezkatuz, Juan Luis García Martín Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko kontseilari berria eta Eva Perujuániz Bermúdez Unibertsitateko zuzendari nagusia. Ekitaldian izan dira orobat Unibertsitateko ikastegi eta sailetako ordezkariak, Gizarte Kontseiluko burua eta Ikasleen Kontseiluaren ordezkaritza bat.
Ongietorria kide berriei eta esker ona kargua uzten dutenei
Ramón Gonzalo errektoreak ongietorria eman die zuzendaritza-taldeko kide berriei eta arloko zuzendariei, haien “esperientziak, talentuak eta konpromisoak” aukera emanen baitie “NUP indartsua, berritzailea eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko prestatua” eraikitzen jarraitzeko. “Zuetako bakoitzak begirada paregabea eta ezagutza oso baliotsua ematen du, eta horrek gure eguneroko lana aberastuko du, gure unibertsitate komunitateari hainbeste balio ematen dioten proiektuetan aurrera egiten jarraitzeko aukera emanen baitigu”, adierazi du Gonzalok, eta aldez aurretik eskertu die erantzukizun hori beren gain hartu izana.
Errektoreak orobat “esker oneko” hitzak izan ditu beren karguak uzten dituzten taldeko lau kideentzat. “Bide luzea egin dugu elkarrekin, erronkaz, erabaki garrantzitsuz eta une ahaztezinez betea, baina, batez ere, konpromisoz, buru-belarri aritutako uneez eta beti gogoratuko dudan elkarlanaz betea”, adierazi du errektoreak, eta azken bost urte eta erdiko une zailak gogoratu ditu, hala nola pandemiaren hasierakoak, baina baita une pozgarriak ere, hala nola NUP etorkizunera bultzatu duten erabakiak hartu zirenekoak.
“Baina lorpen profesionaletatik harago, are garrantzitsuagoa den zerbait nabarmendu nahi dut: zuen giza kalitatea. Laguntza sendoa izan zarete, gorputz eta arima aritu zarete lanean eta unibertsitate honen onenaren erakusgarri zarete. Eskerrik asko zuen denboragatik, egonarriagatik eta energiagatik”, esan du Ramón Gonzalok amaitzeko.
Errektoreorde berrien curriculumak
Luis Gandía Pascual Kimikan lizentziaduna eta doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean, Ingeniaritza Kimikoko katedraduna NUPen eta Institute for Advanced Materials and Mathematics (INAMAT2) institutuko kidea sortu zenetik. Eskolak eman ditu Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoko (IITIGMET) eta Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikoko (NIBGMET) zenbait titulaziotan, Iruñeko eta Tuterako campusetan. Haren ikerketak aztergai izan du ingurumen- eta, bereziki, energia-aplikazioetarako ingeniaritza katalitikoa, eta aplikazio horien artean dago, besteak beste, sintesi gasaren, biodieselaren, hidrogenoaren eta erregai sintetikoen ekoizpena. Kudeaketa lanei dagokienez, Zientzien Saileko zuzendaria izan da 2018az geroztik, eta aurretik Kimika Aplikatuko Saileko zuzendaria izan zen 2012tik 2018ra.
Mónica Cortiñas Ugalde Merkaturatzea eta Merkatuen Ikerketa jakintza arloko katedraduna da Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) eta INARBE Institutuko ikertzailea. Enpresen Administrazioan eta Zuzendaritzan lizentziaduna eta doktorea NUPen, erakunde horretako Plangintza Estrategikoaren Arloko zuzendaria da 2015az geroztik.
Haren ikerketa-lerroen artean daude marketin digitala, kontsumitzailearen portaera, marketinari aplikatutako adimen artifiziala eta gizakiaren eta konputagailuaren arteko interakzioa. Eragin handiko nazioarteko aldizkari zientifikoetako 30 artikulu baino gehiagoren egilea da, eta lehiaketa bidezko 13 ikerketa-proiektutan hartu du parte. Irakaskuntzaren esparruan, irakasgaiak ematen ditu Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean, eta zenbait ikasgairen arduraduna izan da, hala nola Merkataritzako Zuzendaritza I, Informazio Sistemak eta Merkatu Ikerketa.
Javier Goicoechea Fernández industria-ingeniaria eta doktore ingeniaria da NUPen, ikertzaile eta irakasle lanetan dihardu NUPen 2003az geroztik, eta egun unibertsitateko irakasle titularra da Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko Teknologia Elektronikoko Arloan. Smart Cities Institutuarekin (ISC) lotutako ikertzailea ere bada.
Bere ikerketa lanaren ardatza izan dira mintz mehen sorkuntza, azaleren funtzionalizazioa eta material berri nanoegituratuen azterketa sentsore optikoak garatzeko, batez ere zuntz optikokoak. Nazioarteko 44 argitalpenen eta nazioarteko edizioko liburuetako 7 kapituluren egilea edo egilekidea da. Bere lanak 2000 alditan baino gehiagotan aipatu dituzte. Lehiaketa bidezko deialdietako 19 ikerketa-proiektutan eta oinarri teknologikoko 3 enpresaren sorreran hartu du parte. Kudeaketa akademikoko zenbait kargu izan ditu, eta, besteak beste, Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoko (IITIGMET) zuzendaria izan zen 2020tik 2024ra.
Martín Larraza Kintana Enpresen Antolaketako katedraduna da NUPen eta INARBEko ikertzailea. Orobat Enpresen Administrazioan eta Zuzendaritzan lizentziaduna eta Enpresa Zientzietan diplomaduna da, biak NUPen, eta Ekonomian doktorea Madrilgo Carlos III Unibertsitatean. Eskolak eman ditu Enpresen Antolaketaren arloan graduko, masterreko eta doktoretzako zenbait titulaziotan. Haren ikerketak aztergai du pertsonek erabakiak hartzerakoan duten jokabidea eta, batik bat, jarduera profesionala enpresen barrenean garatzen duten pertsonena. Oinarri hori abiapuntu duela, 20 urtetik gorako ikerlanari esker, ekarpenak egin ahal izan dizkio arlo hauetako nazioarteko eztabaida zientifikoari, hau da, giza baliabideen kudeaketaren, zuzendaritza estrategikoaren, familia-enpresaren eta ekintzailetzaren gaineko eztabaidari. Lan horren emaitza izan dira 50 artikulu akademiko baino gehiago eta liburuko 4 kapitulu, eta 6 doktoretza-tesi ere zuzendu ditu, eta mintegiak egin ditu Espainiako eta atzerriko zenbait unibertsitatetan. Bestalde, 80 ekarpenetik gora eginak ditu Espainiako eta nazioarteko biltzarretan. Kudeaketaren arloan, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko idazkaria eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Sarbideko koordinatzaile nagusia izan da. NUPeko Kalitateko, Ekonomiako eta Estrategiako errektoreordea izan da 2019az geroztik.
NUPeko kudeatzaile berriaren curriculuma
Mar González Paredes Lanaren Zientzietan lizentziaduna da Errioxako Unibertsitatean eta Lan Harremanetan diplomaduna NUPen. Harvardeko Unibertsitateko Institute for Strategy and Competitiveness-en eta Deustuko Unibertsitatearen International Course on Microeconomics of Competitiveness (MOC) izeneko ikastaroaren egiaztapena du. Orobat bere prestakuntza akademikoa osatu du zenbait entitate eta unibertsitatetan.
Tracasa Instrumentaleko zuzendari kudeatzailea eta Tracasa Globaleko kontseilari delegatua izan da. Biak Nafarroako Gobernuko enpresa publikoak dira. Orobat 2020az geroztik NUPeko Gizarte Kontseiluko kidea da, eta han Enpresa eta Gizartearekiko Harremanetarako Batzordeko burua da. Aurretik 3NEO Espainiako Plataforma Teknologikoa zuzendu zuen. Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioarekin batera Fabrikazio aurreratuko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza sistemako eragileak antolatzen dituen erakunde publiko-pribatua da. Nafarroako Industria Grafikoen Elkarteko kudeatzailea eta bi enpresaren sortzailea ere izan da. Gainera, zenbait kargu izan ditu bai eskualde mailako bai Espainia mailako enpresa elkarte eta federazioetako zuzendaritza kontseiluetan.