Joan eduki nagusira

Gaur, ostirala, urtarrilak 31, Aulexna Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Esperientziaren Gelako Ikasle eta Ikasle Ohien Elkarteak 20. urteurrena ospatu du entitate horrek sozializazio-, ikaskuntza- eta kultur-topagune gisa egindako ibilbidea gogoratzeko ekitaldi baten bidez.   Entitateak mila bazkide inguru ditu, eta horietako 250 bat lagunek hartu dute parte Arrosadiko campusean egindako ekitaldian. Han izan dira Reyes Berruezo Albéniz eta Camino Oslé Guerendiáin, taldea sortu zenean erakunde akademikoko errektoreordeak baitziren, eta Ramón Gonzalo, egungo errektorea.

zoom aulexna

Aulexnako bazkideak batera, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren kiroldegian.

Aulexnak ikasleak ordezkatzen ditu, bai Esperientziaren Gelako promozioetakoak (NUPeko 50 urtetik gorakoentzako titulu bereki bat, zeinaren bidez ikasleek Giza eta Gizarte Zientzietako Unibertsitate Zabalpeneko Diploma eskuratzen baitute), bai titulazio horrek dituen lau ikasmailei jarraipena emateko antolatzen dituen ikastaro kulturaletakoak. 

Bi hamarkada prestakuntza eta kultura jarduerak antolatzen

Aulexna 2005ean sortu zen, 2001-2002 ikasturtean hasi zen Esperientziaren Gelan ikasketak amaitu ondoren ikasleek beren prestakuntzarekin jarraitzeko eta kultura jarduerak egiten jarraitzeko zuten interesari erantzuteko. 104 bazkiderekin hasi zen.

2009-2010 ikasturtean, unibertsitate zabalpeneko lehen ikastaroak antolatu zituen, eta entitatearen ardatza eta helburu nagusi dira. Hala, ordaindutako matrikuletatik gelditzen den diru kopuruarekin, elkarteak prestakuntza eta kultura programa bat osatzen duten gainerako jarduerak kudeatzen ditu.  

zoom Ekitaldiaren irudia. Ezkerretik eskuinera: Reyes Berruezo, Ramón Gonzalo, Koldo Apesteguía eta Camino Oslé.

Ekitaldiaren irudia. Ezkerretik eskuinera: Reyes Berruezo, Ramón Gonzalo, Koldo Apesteguía eta Camino Oslé.

Egun, 915 bazkide ditu: % 84 Esperientziaren Gelako ikasle ohiak dira, eta gainerako % 16a Giza eta Gizarte Zientzietako Unibertsitate Zabalpeneko Diplomako ikasleak dira. Emakumeak gehiengoa dira, 602 baitira (% 66) eta gizonak 313 (% 34).

Pertsona horietatik 513 matrikulatuta daude elkarteak eskaintzen dituen hamasei ikastaroetakoren batean (seik urte osoko iraupena dute eta hamarrek lau hilabetekoa). Hainbat gai jorratzen dituzte, hala nola zientzia, arteak eta literatura, bai eta gizarte-gaiak ere.

Bere prestakuntza programaz gain, elkarteak beste jarduera batzuk ere antolatzen ditu, hala nola zineforuma, mendi-ibiliak, opera-saioak, kultur irteerak eta hitzaldiak, baita beste ekimen batzuk ere, esaterako irakurketa-klubak, abesbatza eta informatika-, antzerki- edo idazketa-lantegiak. 

Harreman instituzionalak

Hogei urte hauetan, elkarteak lankidetza estuan jardun du NUPekin hitzarmen baten bidez. Hitzarmena 2011n sinatu zen, eta joan den urtean berritu zen, eta elkarteak erakundearekin duen harremana sendotu du. (Caumas) Adinekoen Unibertsitate Programetako Ikasleen eta Ikasle Ohien Elkarte eta Federazioen Estatuko Konfederazioko kidea ere bada.

“Urteak igaro ahala, Aulexna ikaskuntzarako, kulturarako, topaketarako eta sozializaziorako gune bihurtu da, NUPi lotua eta gure komunitateko kultur sare aberats horrekin lotua”, laburbildu du Koldo Apesteguía Llorente buru duen egungo batzordeak. Honako hauek ditu ondoan: Ana Irisarri Andueza (buruordea), Francisco Javier Hernández Arizcuren (diruzaina), M.ª Teresa Labalde Salinas (idazkaria), Fernando J. Agorreta Loperena, M.ª Paz Fernández Eraso, José Ramón Górriz Barba, Rita Maeztu Rodrigo, M.ª Carmen Olóriz Rivas, José Miguel Ros Escribano, María M. Ros García de Azilu eta Jesús Subiza Armendáriz (batzordekidea).

Hogei urte hauetan, honako hauek izan dira Aulexnako buru: Inmaculada Gúrpide Ibarrola (2005-2006), Alfredo Ceniceros Hernando (2007-2010) eta José Ángel Bañales Galarza (2011-2022). Azken horren ondoren hasi zen Koldo Apesteguía karguan.