Joan eduki nagusira

Íñigo García Martínez eta Nerea Urtasun Galdeano Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Lehen Hezkuntzako Irakasletzako Graduko ikasketak bukatu berriak dituzten ikasleek eta Nerea Provedo Parrilla erakunde akademikoko Haur Hezkuntzako Irakasletzako eta Lehen Hezkuntzako Irakasletzako Gradu Bikoitzeko ikasleak “Zoriontasunerako heztea”  eskuliburuko (Dykinson argitaletxea) hiru kapitulurekin parte hartu dute. Lan kolektiboak diziplina anitzeko ikuspegi batetik aztergai du nola hezkuntzak eragina izan dezakeen zoriontasunean, ongizate emozional eta garapen pertsonal gisa ulertuta, eta ikasleen gradu amaierako lanak jasotzen ditu. Raquel Artuch Garde Bilakaeraren eta Hezkuntzaren Psikologiaren arloko irakasleak zuzendu ditu gradu amaierako lanak.   Horietan hainbat gai dituzte aztergai, hala nola atxikimendua, erresilientzia eta hezkuntza estiloak.

zoom Ezkerretik eskuinera: Íñigo García, Nerea Urtasun, Nerea Provedo eta Raquel Artuch, Arrosadiko campusean.

Ezkerretik eskuinera: Íñigo García, Nerea Urtasun, Nerea Provedo eta Raquel Artuch, Arrosadiko campusean.

“Haurrentzako filmetako 7 pertsonaia, erresilientziaren 7 zutabe” Nerea Provedok eta Nerea Urtasunek  batera idatzitako kapituluak proposamen didaktiko bat aurkezten du 5 urteko ikasleengan erresilientzia bultzatzeko. Zailtasunei aurre egiteko eta haiei esker sendotzeko gaitasuna da erresilientzia. Wolin eta Wolin ikertzaileek definitutako erresilientziaren zutabeetan oinarrituta (introspekzioa, independentzia, harremanak izateko gaitasuna, ekimena, umorea, sormena eta moraltasuna), egileek haurrentzako filmetako pertsonaiak erabiltzen dituzte kontzeptu horiek irakasteko. Esaterako, Pinotxo edo Merida. Egileek nabarmentzen dute erresilientziak norberaren ongizateari ez ezik gizarteari ere egiten diola on, etorkizuneko traumak saihestu eta bizitzan zehar egokitzeko gaitasuna eta arrakasta bultzatu baititzake.

Atxikimendua eta haurtzaroa

Bestalde, “Atxikimendua, hezkuntza-estiloak eta haien eragina haurraren garapenean” izeneko kapituluan, Íñigo Garcíak aztergai du zer-nolako eragina duten haurtzaroko garapen integralean 0 eta 2 urte bitarteko adinean sortutako lotura afektiboak eta hezkuntza-estiloek, gradu amaierako lanean  landu zuenez. Egileak azpimarratu duenez, “atxikimendu seguru batek harreman positiboak eta ongizate emozionala sustatzen ditu, eta horrek eragin onuragarria du autoestimuan eta ikasgelako moldagarritasunean”, atxikimendu duda-mudazkoak izaten dituztenek ez bezala, horiek “jokabide disruptiboak eta ikasteko zailtasunak” izaten baitituzte.

Orobat Íñigo Garcíak nabarmentzen du hezkuntza-estilo demokratikoa, elkarrizketan, enpatian eta muga argiak ezartzean oinarritua, lotuta dagoela “garapen sozioemozional osasungarriarekin”, eta estilo autoritario edo arduragabeek eragin txarra dutela emozioen kudeaketan eta jokabidean”. Amaieran, testuak azpimarratzen du eskolak duen garrantzia familiaren gabeziak konpentsatzeko.

Azkenik, “Lehen Hezkuntzan erresilientzia-gaitasuna sustatzeko programa baten proposamena” izeneko kapituluak (Íñigo García Martínezek, Nerea Provedok eta Nerea Urtasunek  egina) Balio Zibiko eta Etikoak irakasgairako hezkuntza programa bat proposatzen du, 6 eta 12 urte bitarteko ikasleentzat. Programa horren barruan daude autoestimua, autoezagutza, moraltasuna, gatazken konponbidea eta sormena, eta ebaluazio jarraitua egiten da, aurrerapena errubriken, autoebaluazioen eta egiaztapen zerrenden bidez neurtzeko.