Joan eduki nagusira

Jasangarritasuneko prestakuntza handiagoaren premia, enpresa-eredu jasangarriak eta berritzaileak bultzatzeko tresna gisa, izan zen Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) joan den ostegunean Tuterako campusean antolatutako jardunaldiaren ondorio nagusietako bat. Topaketa Nafarroako Elikagaien Klusterrarekin (NAGRIFOOD) lankidetzan egin zen ARIES4 europar proiektuaren barruan, eta eztabaida zentratu zen jasangarritasunak Nafarroako nekazaritzako elikagaien sektoreari planteatzen dizkion erronka eta aukeretan.

Idoia Labayen Goñi NUPeko Nekazaritzako Elikagaien Katearen Berrikuntzarako eta Jasangarritasunerako Ikerketa Institutuko (ISFOOD) zuzendaria izan zen moderatzailea, eta mahai-inguruan parte hartu zuten José Ramón Íñigo San Marcelinok (Trasa), Lucas Irisarrik (Hebertec Ibérica SL) eta Javier López Palaciosek (Urtech Water). Martin Larraza Kintana (Kalitateko, Ekonomiako eta Estrategiako errektoreorde eta ARIES4 proiektuko zuzendariak aurkeztu zituen hiru adituak, eta horiek azpimarratu zuten herritarrak eta teknikariak jasangarritasunean prestatzea ezinbestekoa dela merkatuaren beharrak asetzeko, nekazaritzako elikagaien sektore lehiakor bat sendotzeko eta ingurumena  errespetatzen duen garapen baterantz urratsak egiteko.

zoom Ezkerretik eskuinera: Lucas Irisarri, Idoia Labayen, Martin Larraza, José Ramón Íñigo eta Javier López Palacios, NUPen Tuterako campusean.

Ezkerretik eskuinera: Lucas Irisarri, Idoia Labayen, Martin Larraza, José Ramón Íñigo eta Javier López Palacios, NUPen Tuterako campusean.

Jardunaldiak funtsezko bi alderdi izan zituen aztergai: S4 Nafarroa estrategiaren (eskualdeko eraldaketa ekonomikoaren agenda) aplikazioa nekazaritzako elikagaien industrian eta jasangarritasuneko gaitasunen garrantzia sektorean. 

Jarduera hori ARIES4 proiektuan aurreikusitakoetako bat da, eta Foru Komunitatean, NUP, Nafarroako Garapenerako Sozietatea (SODENA) eta Hezkuntza Departamentua inplikatzen ditu, LHko bi ikastetxeren bidez: CENIFER (Imarkoain) eta Ega BHI (San Adrian). Europako proiektu horrek lau eskualde hartzen ditu bere barnean: Nafarroa, Varmland (Suedia), Hego Danimarka eta Gabrovo (Bulgaria). Jasangarritasunerako Espezializazio Adimenduneko Estrategiak dituzte eskualde horiek (S4, ingelesezko siglengatik), eta beren unibertsitate publikoak konprometiturik daude estrategia horien garapenarekin. 

Negozio-eredu jasangarriagoetarako trantsizioa

Esan bezala, proiektuak ARIES4 du izena (ingelesezko sigletan, Jasangarritasunerako Espezializazio Adimenduneko Estrategietan oinarriturik dauden Berrikuntzarako Eskualdeko Ekosistemen Aliantza), eta haren helburua espezializazio adimendunaren arloko ezagutza sortzea eta inplikaturiko agenteen artean trukatzea da (unibertsitateak, Lanbide Heziketako eta sektore publikoko ikastetxeak eta gizartea oro har), baita, era berean, haiek monitorizatzeko tresnak diseinatzea ere. Gainera, proiektuak negozio eredu jasangarriagoetarako trantsizioa sustatu nahi du, horretarako jardunbide egokietan oinarritutako prestakuntza-programak garatuz.

Bestalde, Europar Batasunak Erasmus+ programaren esparruan finantzatutako proiektuaren bidez berrikuntzako ekosistemetako eragile nagusien pentsamoldea, jarrera eta ekintzailetzarako trebetasunak bultzatu nahi dira, eta arreta berezia jarriko zaie ikasleei (unibertsitateetakoei zein Lanbide Heziketakoei). Finean, aldaketa horiek guztiak jasangarritasunerako trantsizioa lortzera bideratuko dira. Helburua inplikatutako eskualdeen artean komunikazio egiturak sortzea da, gai izan daitezen ikasitakoa Europako beste toki batzuetara zabaltzeko.

Espezializazio Adimenduneko Estrategia Nafarroan

Espezializazio Adimenduneko Estrategiak eskualdeen garapen ekonomikoko ereduak dira, Europar Batasunak bultzatuak, eta haien xedea da eskualde bakoitzak lehiarako dituen arlo ekonomiko abantailatsuenetan kontzentratzea baliabideak, kontuan hartuta nolako potentzial ekonomikoa eta zientifiko-teknologikoa duen eskualdeak eta nolako bilakaera izan duen eskariak. Nafarroak, zehazki, honako sei lerro estrategiko hauek ditu: mugikortasun elektrikoa eta konektatua, elikadura osasungarria eta jasangarria, energia berdearen industria, medikuntza pertsonalizatua, turismoa eta ikus-entzunezkoen industria. Jasangarritasuna da estrategia osoaren zehar-lerroa, eta 2021-2027 aldirako txertatua dago Nafarroako proiektuetan. Hala, Europako Itun Berdearekin bat egiten du Nafarroak. Gobernantza bost lan-organotan egituratzen da, eta NUP da horietako bat.