Joan eduki nagusira

Apirilaren 5ean, larunbata, espagetiekin egindako Egituren Lehiaketa Nazionalaren bosgarren edizioa eginen da Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP). Ekitaldiak ikasle eta tituludunei erronka egiten die beren sormena eta trebetasun teknikoak erakusteko lurrikarekiko erresistenteak diren dorre itxurako egiturak eraikiz, ohikoak ez diren materialekin: espagetiak eta kola zuria edo itsasgarri termikoa. Zabalik dago lehiaketan izena emateko epea. Lehiaketan 2.000 euro emanen dira saritan, eta interesa dutenek lehiaketaren orrialde ofizialean (www.concursonacionalestructuras.es) eman behar dute izena. Orobat han dituzte oinarriak osorik. Epea martxoaren 28an amaituko da.

zoom Aurreko urtean egindako lehiaketaren irudi bat.

Aurreko urtean egindako lehiaketaren irudi bat.

Lehiaketan parte hartzeko aukera dute unibertsitateetako ikasleek, Lanbide Heziketako zentroek eta ikastetxeek, institutuek eta ikastolek eta Espainiako ikastetxeetako ikasketa teknikoetan edo diseinu-ikasketetan titulua atera berria dutenek.

2024ko edizioan markak hautsi zituen lehiaketak, 163 parte-hartzaile eta 56 talde baino gehiago izan baitzituen, eta aurten bi maila izanen ditu: Seniorra (18 urtetik 30 urtera bitartekoak) eta Juniorra (18 urtetik beherakoak). Biak ala biak sorkuntzen gaitasun estrukturala eta diseinu berritzailea aitortzen duten sariak lortzeko lehiatuko dira.

Senior mailan, lehen saria 1.000 eurokoa izanen da gaitasun estruktural hoberenarentzat, eta diseinu hoberenari 200 euro emanen zaizkio. Junior mailan, gaitasun estruktural hoberenaren irabazleek 400 euro jasoko dituzte, eta diseinu hoberena duten taldeek 200 euro eskuratuko dituzte. Gainera, 100 euroko accesit bana emanen zaie Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleek aurkeztutako diseinu hoberenari eta Nafarroako Unibertsitateko ikasleek aurkeztutako diseinu hoberenari.

Ebaluazio-irizpideak eta izen-emateak

Geometria- eta eraikuntza-eskakizunak betetzeaz gain, kargei eusteko duten gaitasunaren eta diseinu estetikoaren arabera ebaluatuko dituzte egiturak. Lehiaketan, lurrikara-simulazio bat eginen zaie egiturei beren erresistentzia neurtzeko oinarri kulunkari baten bidez. 

Honako hauek antolatzen eta babesten dute ekitaldia: Industria 4.0 Katedra (Nafarroako Industria Ingeniaritzako Graduatuen eta Ingeniari Teknikoen Elkargoarena eta Nafarroako Unibertsitate Publikoarena), FS Group, Tetrace, Nabrawind, Nafarroako Rural Kutxa, Viguetas Navarra, Ingenialma, Viarpre, STQ Energía Sertec eta Nafarroako Unibertsitatea.