Joan eduki nagusira

Anuar Egozcue Sghir Iruñeko Navarro Villoslada BHIko ikasleak irabazi du Espainiako LXI. Olinpiada Matematikoaren tokiko fasea, zeina Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) egin baitzen urtarrilaren 17an. David Marcén Churío Iruñeko Plaza de la Cruz BHIn matrikulatutako ikaslea sailkatu da bigarren postuan eta Oroel Villanúa Biescas Tafallako Sancho III el Mayor BHIko ikaslea hirugarren postuan. Aurtengo irabazlea hirugarren postuan sailkatu zen aurreko urtean, olinpiadako tokiko fasean.

zoom NUPen egin den Espainiako Olinpiada Matematikoaren tokiko fasean parte hartu duten ikasleak.

NUPen egin den Espainiako Olinpiada Matematikoaren tokiko fasean parte hartu duten ikasleak.

Sailkatu diren hiru ikasleek Nafarroa ordezkatuko dute olinpiadaren fase nazionalean. Fase hori Gijonen (Asturias) eginen da martxoaren 27tik 30era. NUPeko Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko irakasleek antolatu zituzten probak, Gustavo Ochoa Lezaun Material Aurreratuetarako eta Matematikarako Institutuko (INAMAT²)  ikertzailea buru zutela. Probetan 75 ikaslek parte hartu zuten, lehiaketa horretan inoizko kopuru handiena.

Fase nazionalean ondoen sailkatutako sei lagunak Espainiako talde olinpikoko kide izanen dira, eta Matematikako Nazioarteko 66. Olinpiadan parte hartuko dute. Olinpiada uztailaren 10etik 20ra eginen da Sunshine Coasten (Australia). Gainera, Espainiako ordezkaritzako kide izateko aukera izanen dute Iberoamerikako XL. Olinpiada Matematikoan, zeina Txilen eginen baita irailean.

Olinpiada matematikoak

Olinpiada matematikoak ikasle gazteen arteko lehiaketak dira, eta haien helburu nagusia da matematikaren ikasketa bultzatzea eta zientzia horretan talentua duten pertsonak garatzea. Lehiaketak hiru fase ditu (tokikoa edo eskualdekoa, nazionala eta nazioartekoa), eta zailtasun maila gero eta handiagoa da. Fase bakoitzeko problemak ebazteko, ez dago matematikako ezagutza berezirik eduki beharrik. Aldiz, problema horiek ebazteko, ikasleek arrazoitzeko gaitasuna erabil dezaten eta egoera berriei aurre egiteko trebetasuna eta nolabaiteko zorroztasuna izan dezaten saiatzen dira.  Debekatuta dago probetan gailu elektronikoak erabiltzea; idazteko eta marrazteko beharrezkoak diren tresnak baino ezin dira erabili.