Kontratazio publikoaren kultura berri batek zentratu behar du “kalitatean, emaitzetan eta berrikuntzan”, eta atzean utzi behar ditu “prezioan eta aurrezpenean” bakarrik oinarritutako aurrekontu-ikuspegi hutsak. Hala adierazi zuen José María Gimeno Feliú Zaragozako Unibertsitateko Administrazio Zuzenbideko katedradun eta Kontratazio Publikoaren Behatokiko zuzendariak “Berrikuntzaren eta adimen artifizialaren erosketa publikoa” jardunaldian. Ia ehun bat lagunek hartu zuten parte Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) aurreko astean Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren (NAPI) egoitzan antolatutako topaketan. Parte-hartzaile gehienak administrazio publikoetako legelari eta teknikariak ziren.


Ezkerretik eskuinera: José F. Alenza, Isaac Martín, Isabel Gallego, José María Gimeno, Martín María Razquin, Miren Sarasíbar eta Aritz Romeo, jardunaldian.
José María Gimeno Zaragozako Unibertsitatean Osasunaren Arloko Kontratazio Publikoko Estrategiaren eta Berrikuntzaren Katedrako zuzendariak azpimarratu zuen kontratazio publikoaren kultura berri bat sustatzeko premia, gizarte- eta ingurumen-jasangarritasuneko irizpideak erabiliko dituen administrazio on baten zerbitzura, bereziki osasuna bezalako funtsezko sektoreetan.
Zehazki, NUPeko Administrazio Publikoa ikerketa-taldeak antolatu zuen ekitaldia NAPIrekin lankidetzan, eta “Biometria, Zuzenbide Administratiboa eta Datuak (BIODATA) ikerketa-proiektuaren barruan dago. Honako hauek finantzatu dute ikerketa-proiektua: Ikerketarako Estatu Agentzia, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioa eta Europar Batasunaren FEDER funtsak. Jardunaldiak esparru publiko eta akademikoko espezialistak bildu zituen berrikuntzaren erosketa publikoaren erronka eta aukeren gainean gogoeta egiteko. I+Gko soluzioak edo garapen fasean daudenak eskuratzeko tresna da berrikuntzaren erosketa publikoa. Ekitaldian aztergai izan zituzten bereziki adimen artifizialeko sistemen erosketa eta sistema horiek administrazioan erabakiak hartzeko prozesuan duten garrantzia. Zehazki, laurogeita hamar lagunek baino gehiagok hartu zuten parte topaketan, legelariak, Nafarroako administrazio publikoetako teknikariak, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko epaileak, ikertzaileak eta sektore publiko instituzionaleko langileak barne.
Arauen eta teknologiaren arloko erronkei buruzko gogoetak
Jardunaldiko beste hizlari batek, Isabel Gallego Córcoles Gaztela-Mantxako Unibertsitateko Administrazio Zuzenbideko katedradun eta erakunde horretako idazkari nagusiak, aztergai izan zituen adimen artifizialeko sistemen kontratazioarekin lotutako zailtasun legalak. Haren konplexutasun teknikoa eta erregulazio espezifikoak ezarri beharra azpimarratu zituen.
Bestalde, Isaac Martín Delgado unibertsitate bereko katedradunak (Luis Ortega Álvarez Europar Ikasketen Zentroa zuzentzen du han) adimen artifizial erabakitzailearen erronkak aztertu zituen. Adimen artifizial horrek datuak, aurreikuspen-ereduak eta optimizazio-teknikak erabiltzen ditu hainbat testuingurutan erabakiak hartzeko prozesuak laguntzeko, automatizatzeko edo hobetzeko, hala nola administrazio publikoan. Alde horretatik, adituak gardentasuna, motibazioa eta kontrola aipatu zituen. “Teknologiak azaldu ezin duena zuzenbideak ezin du onartu”, esan zuen.
Gaitasun profesionalak sendotzea
Amparo López Antelo Nafarroako Gobernuko Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariak eman zion hasiera jardunaldiari, eta nabarmendu zuen administrazio publikoetako langileen gaitasunak sendotzearen garrantzia batez ere teknologia berritzaileen kontratazio publikoan, hala nola adimen artifiziala.
Kontseilariak Martín María Razquin Lizarraga NUPeko Administrazio Zuzenbideko katedradunari eman zion hitza topaketa aurkezteko. Katedraduna BIODATA proiektuko ikertzaile nagusia eta jardunaldiaren zuzendaria da. Hala, zuzentzen duen ikerketa-taldearen ikerketa-lerro nagusiaren barruan kokatu zuen irakasle eta ikertzaileak: biometriaren erabilera administrazio publikoen aldetik.
NUPeko hiru irakaslek moderatu zituzten jardunaldiko saioak: José F. Alenza García, Miren Sarasíbar Iriarte eta Aritz Romeo Ruiz.