Unibertsitateen G-9 Taldeak urtarrilaren 22an eta 23an egin zuen Kudeatzailetzen Arloko Batzordea Balear Uharteetako Unibertsitateko Sa Riera eraikinean (Palma). Bileran erabaki zen zibersegurtasunaren arloko kontratazio-plataforma bat sortzea. Plataforma horrek aukera emanen du zenbait zerbitzu osagarriren kontratazioa partekatzeko, unibertsitateen segurtasun-sistemak sendotzeko. “Plataforma horren sorrerari esker zibersegurtasunaren arloko premiazko erronkei aurre eginen zaie, alde batera utzi gabe G-9 Taldeko unibertsitate bakoitzaren berezitasunak”, aditzera eman du Batzordeak.
Erabaki hori G-9 Taldeko unibertsitateen kontratazio-plataforma partekatuen estrategiaren ondorio da, kostuak murrizteko. “Dagoeneko partekatzen dugu energia kontratatzeko plataforma, zeina ezinbestekoa izan baitzen energia-krisiaren une latzak saihesteko. Gure asmoa da unibertsitate guztiok kontratazio-beharrak partekatzen ditugun esparruetara zabaltzea plataforma horiek”, esan du Ignacio Villaverde doktoreak, Oviedoko Unibertsitateko errektore eta G-9 Taldearen egungo presidenteak.
TEKAZEL-G9 Campus Digital Partekatua: datu batzuk
Bileran, aztergai izan zuten G-9 Campus Digital Partekatuak hasiko duen etapa berria, zuzendari berria baitu: Carlos González Morcillo.
G-9 Campus Digital Partekatua proiektuan hamabi unibertsitatek parte hartu dute, eta horietatik bederatzi taldekoak dira, bai eta Murtziako Unibertsitatea, Burgosko Unibertsitatea eta La Lagunako Unibertsitatea ere, aurten batu baitzaizkio proiektuari.
Inskripzio kopuruari dagokionez, 6.991 daude oraingoz (epea urtarrilaren 31n amaituko da, ostirala). Eskainitako ikastaro-kopurua handitu da, 2024an 60 izatetik 2025ean 69 izatera igaro baitira. Ikaspostu kopurua ere ehuneko 25 hazi da, 2024an 3.300 izatetik 2025ean 4.140 izatera igaro baitira. Eskainitako 69 ikastaroetatik, hamazortzi berriak dira eta gainerakoak aurreko edizioetakoak. Adimen artifizial sortzaileari dagokionez, G-9 Taldeak zazpi ikastaro espezifiko eskaintzen ditu egun.
Kudeatzailetzen Arloko Batzordean parte hartu dutenak
Honako hauek parte hartu dute G-9 Taldeko Kudeatzailetzen Arloko Batzordean: Ignacio Villaverde Menéndez, Batzordeko burua, G-9 Taldeko seihilekoko burua eta Oviedoko Unibertsitateko errektorea; Consolación Hernández Guerra, Balear Uharteetako Unibertsitateko kudeatzailea; Santiago Fuente Sánchez, Kantabriako Unibertsitateko kudeatzailea; Tomás López Moraga, Gaztela-Mantxako Unibertsitateko kudeatzailea; Juan Francisco Panduro López, Extremadurako Unibertsitateko kudeatzailea; Carlos Mayoral Hernández, Errioxako Unibertsitateko kudeatzailea; Francisco José Cámara García, Murtziako Unibertsitateko kudeatzailea; Javier Varona Guaras, Euskal Herriko Unibertsitateko kudeatzailea; Joaquín Romero Roldán, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzailea; Alberto Gil Costa, Zaragozako Unibertsitateko kudeatzailea; José Antonio Díaz Lago, Oviedoko Unibertsitateko kudeatzailea eta Jorge Martín Castro, Unibertsitateen G-9 Taldeko idazkari nagusia.
Unibertsitateen G-9 Taldea
Unibertsitateen G-9 Taldea 1997an sortutako elkarte bat da, eta beren autonomia-erkidegoetan unibertsitate publiko bakarra diren unibertsitateek osatzen dute, zehazki hauek: Kantabriako Unibertsitatea, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Extremadurako Unibertsitatea, Balear Uharteetako Unibertsitatea, Errioxako Unibertsitatea, Oviedoko Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zaragozako Unibertsitatea eta Murtziako Unibertsitatea, zeina entitate laguntzailea baita.