Xabier Tirapu Intxaurrondo soziologoak Nafarroako gazteen egungo prekaritatea aztertu du Nafarroako Unibertsitate Publikoan defendatu duen doktoretza-tesian. Tesiak aztergai du nola ulertzen den prekaritatea Nafarroako gazteen artean eta nola eragiten dien. Marta Rodríguez Fouz eta Ignacio Sánchez de la Yncera Soziologiako eta Gizarte Laneko Saileko irakasleek zuzendu dute tesia. I-COMMUNITAS ikerketa-institutuko ikertzaileak dira biak.
Tesia hiru zatitan dago banatuta. Lehen zatian, eztabaida teoriko bat proposatzen da aztertzeko ea zer den gaztaroa eta zer den helduaroa, auzitan jarriz pertsonek errealitate bera dutela 18 urtetik 35 urtera bitarteko adina izateagatik. Izan ere, baieztapen homogeneizatzailea da, eta ez ditu kontuan hartzen ñabardura sozioekonomikoak edo bestelakoak. “Helduaroaren bereizgarri dira lanpostu finkoak emandako egonkortasuna, emantzipazioa eta gutxieneko baldintza ekonomikoak, eta prekaritatea handitzeak oinarri horiek hondatu ditu”, gehitu du. Horren aurrean, “gaztaroa luzatzea” esamoldearen ordez, Xabier Tirapuk “helduaroaren ukazioa” esamoldea proposatzen du, finean gizabanako helduaren prekarizazioa baita. Laburbilduz, tesiaren lehen zati honetatik bi ideia ateratzen dira: prekaritateak helduarorako iragate desiratua ukatzen duela eta gaztaroa ezin dela osotasun gisa ulertu.
Bigarren zatian, ikerketak bigarren mailako iturrietan oinarritutako atal kualitatibo bat aztertzen du. Hau da, inkesta, txosten eta dagoeneko eskura dauden datuetan oinarrituta Nafarroako gazteen prekaritatea deskribatzen da, eta, batez ere, populazioko zer segmenturi eragiten dion. Atal horretatik ondorioztatzen da emantzipatzeko batez besteko adina ez datorrela bat Nafarroako gazteriaren arloko inkestek diotenarekin: aitortutako adin hori 22,7 urte izan zen 2023an, eta beste adierazle batzuen arabera 29,9 urte da. Tesiaren egileak dioenez, desadostasun horren zergatia da aipatu inkestek ez dituztela kontuan hartzen ibilbide korapilatsuak eta, horrenbestez, emantzipazioaren behin betiko adina. Alde horretatik, Xabier Tirapuk Nafarroan egiten diren prospekzio kuantitatiboak hobetzeko ildoak proposatu ditu.
Horrez gain, bigarren atal horretan, egileak proposatzen du hainbat arlotan egun dagoen prekaritatea deskribatzea, esaterako arlo hauetan: lan merkatua, emantzipazioa, erosteko ahalmena edo prestakuntza-maila. Orobat azpimarratu du komenigarria dela prekaritatearen aurrean esposizio handiagoa duten aldagai soziodemografikoak berariaz kontuan hartzea, edo, beste modu batera esanda, “zehaztea gazteen artean zer segmentu diren bereziki kaltetuak”.
Egoera indibidual gisa hautemandako belaunaldi-koiuntura
Azkenik, aztertze aldera ea zer dagoen gazteriari prekaritateak ezaugarritutako esperientzia izatea egozten dion azalpenaren atzean, tesian analisi bat egiten da zortzi eztabaida-talderen bidez. Talde horiek ikasketa mailaren, sexuaren, adinaren eta jatorriaren (atzerritarra den edo ez) arabera daude multzokatuta. “Denek partekatzen dutena da prekaritatea bizi izatera eraman duten arrazoien irakurketa indibiduala”, esan du ikertzaileak. “Hau da, Nafarroako gazteek, belaunaldi gisa, goi mailako prestakuntza egin arren helduaro klasiko horrek zergatik egiten dien iskin azaltzeko irakurketa indibidual bat egin dute. Erru indibidualizatua da. Aipatzen dituzten arrazoien artean daude ikasketarik eza, ikasketak gaizki aukeratu izana, talenturik eza edo zorte txarra, eta osagai horiek guztiak indibidualtasunaren galbahetik igarotzen dira, eta belaunaldi-prekaritatea zerbait pribatua eta intimoa bihurtzen da”, nabarmendu du Xabier Tirapuk.
Xabier Tirapu Intxaurrondoren CV laburra
Pablo Echeverría Soziologia Aplikatuan graduatua da NUPen, eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Komunikazio Politikoko Ikasketa Aurreratuetako Unibertsitate Masterra du.
Artikuluak eta liburu-aipamenak argitaratu ditu aldizkari espezializatuetan, hala nola ZER-Revista de Estudios de Comunicación, Revista Española de Sociología (RES) edo Revista Española de Investigaciones Sociológicos (REIS) aldizkarietan, baita Dykinsonek argitaratutako liburu-kapitulu bat ere. Haren ikerketa-lerro nagusiak dira gazteriaren soziologia, gizarte-estratifikazioa eta iritzi publikoa.
Xabier Tirapuk ikerketa-egonaldi bat egin zuen Coimbrako Unibertsitateko (Portugal) Centre for Social Studies-en, 2023ko apirilaren 3tik uztailaren 3ra, eta honako mintegi hau ere eman zuen: “Gazteria eta prekaritatea: ekarpen teorikoak arazo konplexu bat aztertzeko”.
Bere ikerketa-lanaz gain, irakasle lankidea izan da azken lau ikasturteetan NUPeko Soziologia Aplikatuko, Gizarte Laneko eta Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako Irakasletzako graduetako “Gizarte Antolaketa eta Giza Garapena” irakasgaian, bai eta Soziologia Aplikatuko Graduko “Soziologia Orokorra” irakasgaian ere 2024-2025 ikasturtean.