UNITAk, Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) kide duen nazioarteko aliantzak, “Starting grants UNITA” – Ikertzen hasteko laguntzen deialdi berria egin du. Unibertsitate bazkide eta elkartuetako irakasle eta ikertzaileei zuzenduta dago deialdia. Deialdiaren xedea da UNITAko bazkideen arteko lankidetza indartzea proiektu berriei ekinez edo lehendik daudenak sendotuz. Eskaerak aurkezteko epea otsailaren 14an bukatuko da. Deialdi honetako bekak kultura-ondarearen eta energia berdeen “hub”-ekin (aliantzaren ikerketa-arlo espezifikoetako bi) lotutako proiektu eta ekimenak abian jartzeko edo garatzeko erabiliko dira. Bete beharreko baldintzen artean, gutxienez hiru unibertsitatek parte hartzea eta doktoretzako ikasleak eta doktoretza ondokoa egiten ari direnak izatea parte-hartzaileen artean.
Kultura-ondareari buruzko proiektuen kasuan, ikuspegi jasangarri batetik heldu nahi zaio gai horri. Beraz, honako hau da aukeratutako gaia: “Ondare berdea: landa eremuak birpentsatzea XXI. mendean”. Energia berdeen arloko ekimenei dagokienez, helburua da gai honekin lotutako ekimenak finantzatzea: “Energia berriztagarrien konbinazioak garatzea energia-sareekin eta biltegiratze sistemekin konektatuta dauden mendiko komunitateetan”.
Beraz, gutxienez hiru unibertsitate bazkidetako irakasle edo ikertzaileek aurkeztu beharko dituzte proposamenak, eta lantaldean sartu beharko dituzte doktoretza ondokoa eta doktoretza egiten ari direnak.
Edizio honetan, berritasun gisa, GEMINAEko kide diren unibertsitateek ere izanen dute parte hartzeko aukera. UNITAren sare paraleloa da, mundu osoko unibertsitateek osatua, eta unibertsitate horiek hizkuntza erromantzeak hitz egiten diren herrialdeetakoak dira. Nolanahi ere, GEMINAEko unibertsitateek ezin izanen dute finantzaketarik lortu.
Laguntzen zenbatekoa 15.000 eurokoa izanen da gehienez ere, hiru bazkide dituzten proiektuetarako; 20.000 eurokoa izanen da gehienez ere, lau bazkide dituzten proiektuetarako; eta 25.000 eurokoa bost bazkide baino gehiago direnean. Nolanahi ere, gehieneko kopuruak dira, eta proiektuen ezaugarrien arabera doitzen ahalko dira. Proiektuek hamabi hilabete iraunen dute.
Ikerketa UNITAren esparruan
UNITA aliantzaren helburua da inplikatutako herrialdeetako eskualdeen hezkuntza-, zientzia- eta kultura-aurrerapenean laguntzea, garapen jasangarria sustatuz, berrikuntzako tokiko ekosistemak indartuz eta ezagutzan oinarritutako ekonomiarako trantsizioa babestuz, eta, aldi berean, Europaren integrazioa sustatzen eta azkartzen du lurraldeen barruan eta kanpoan.
Beraz, UNITA unibertsitateek lankidetzako ikerketa babesten dute, aliantzaren helburuak betetzeko lehentasunezkotzat jotako ikerketa-arlo hauetan oinarritutakoa: energia berriztagarriak, ekonomia zirkularra eta ingurumena, kultura-ondarea, gizarte inklusiboak, trantsizio digitala eta osasun globala.
UNITAk ikerlana ere sustatzen du beste jarduera batzuen bidez, hala nola azpiegituren katalogo bat sortzea, unibertsitateetan egindako ikerketaren kartografia bat prestatzea, irakasle eta ikertzaileen arteko topaketak aldizka antolatzea edo graduondoko eskolak sortzea, besteak beste.
UNITA – Universitas Montium aliantza 2020an sortu zen, eta egun honako hauek osatzen dute: hamabi unibertsitate, eskubide osoko hamar bazkide (horien artean NUP 2023tik) eta bi erakunde elkartu. Beraz, 250.000 ikasleko eta 22.000 laguneko giza taldea irakasleen eta teknikari eta administrazioko langileen artean. Horiek guztiek ezaugarri komun hauek dituzte: eskualde menditsuetan daude, beren herrialdeetako mugetatik gertu eta hizkuntza erromantzeak hitz egiten diren lekuetan.