Joan eduki nagusira

Bihar, asteazkena, urtarrilak 22, 16:00etan, Begoña Marugán Pintos soziologo eta irakasleak ikerketako metodologiari buruzko saio bat emanen du Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Arrosadiko campuseko Ikasgelategiko 107. ikasgelan.   Genero Ikasketen eta Ikasketa Feministen Katedraren “Ikasgela Irekiak” zikloaren barruan dago hitzaldia.

Hizlariak azaldu duenez, zientzia modernoak ezagutza logikotzat du bere burua. Uste zabaldua da neutroa, objektiboa, apolitikoa eta aurreiritzirik gabea dela zientzia. “Haatik, aspalditik dakigu problema, kontzeptu, teoria eta metodo objektiboak pertsonek sortuak direla, hau da, genero, klase sozial, arraza eta kultura jakin bateko edo besteko jendeak sortuak”, esan du. “Ez da posible jakintza gordinik, ikertzailearen eraginik ez duenik. Hori dela-eta, oraingo arrazionaltasun zientifiko hori zalantzan jarri dute epistemologia kritikoak zein mugimendu kontrakulturalek, ekologistek eta antikolonialistek. Inportanteak eta elkarri lotuak daude mugimendu horiek guztiak, baina bat ere ez da mugimendu feminista bezain indartsua. Feminismoak generoaren kontzeptua bere gain hartuz kendu egiten dio zientziari estalki mistifikatzailea, hau da, jakintzaren produkzioan gailena den alborapen androzentrikoa”, nabarmendu du ikertzaileak. 70eko hamarkadaz geroztik, feminismoa arduratu da zalantzan jartzeaz ustezko “neutraltasun” hori ezagutza zientifikoaren ekoizpenean. 

zoom NUP.

NUP.

“Saio honetan, ikerketa-prozesu osoa berreskuratuko dugu, eta horri buruzko iritziak azaldu. Gaiaren inguruko produkzio akademikoari buruzko informazioa eman eta gero, gogoeta eginen dugu taldean, eta jakintza emanzipatzailea eraikitzeko baliagarriak diren dinamikak, jardunbideak eta etikak proposatuko ditugu denon artean”, esan du hizlariak.

Begoña Marugánen ibilbidea

Begoña Marugán irakasle elkartua da Madrilgo Carlos III Unibertsitatean. Soziologiako doktorea da, eta bere ibilbide profesionalean genero berdintasunaren arloko militantzia, ikerketa, argitalpenak eta irakaskuntza uztartu ditu, batik bat lanari eta indarkeriei buruzko gaietan. Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Ikerketa Feministen Institutuko Kontseiluko kidea da, baita Madrilgo Carlos III Unibertsitateko Genero Ikasketen Institutukoa ere, eta Langile Komisioetako (CCOO) Konfederazioko Emakumeen, Berdintasunaren eta Lan Baldintzen Idazkaritzako laguntzailea da. Argitalpen kolektibo askotan hartu du parte, hala nola Amor, razón y violencia (2009) eta Desmontando el régimen (2016) argitalpenetan. Artikulu zientifikoak argitaratu ditu Revista de Sociología del Trabajo eta Revista Española de Investigaciones Sociológicos aldizkarietan, eta kolaboratzaile aritzen da aldizka Eldiario.es, La Marea, Público eta Nuevo Tribuna komunikabideetan, besteak beste.