Nafarroako Gobernuak urtero ematen dituen Kirolaren Sarietako bat jaso dute Mikel Izquierdo Redín eta Robinson Ramírez Vélez Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikertzaileek. Zehazki, Kirolaren Ikasketa, Ikerketa eta Medikuntza Zentroak (CEIMD) Ikerketa Proiekturik Onenaren saria eman dio biek gidatzen duten lanari. EXER-COVID izeneko saiakuntza bat da, eta erakusten du ariketa fisikoko programa indibidualizatu batek nabarmen hobetu dezakeela COVID-19 iraunkorra duten pazienteen ongizate fisikoa zein mentala. Sindrome posbiral horren ezaugarriak dira neke iraunkorra, disnea (arnasa hartzeko zailtasuna) eta arazo kognitiboak. COVID-19 iraunkorra dutenentzako tratamenduak mugatuak badira ere, ikerketak ariketa fisikoa egiteko programa planifikatu eta antolatu baten potentziala aztertu du, esku-hartze ez-farmakologiko gisa.


Ezkerretik eskuinera: Robinson Ramírez, Yesenia García Alonso, Julio Oteiza, Mikel Izquierdo, Gaizka Legarra, Sergio Oscoz eta Nora García Alonso.
Navarrabiomedeko Ariketa Fisikoa, Osasuna eta Bizi Kalitatea ikerketa taldeak (E-FIT) egin du lana, eta “European Heart Journal” aldizkari zientifikoan argitaratu zen. Mikel Izquierdo eta Robinson Ramírez ikertzaileez gain, honako hauek osatu zuten Navarrabiomedeko ikerketa-taldea: Nora García Alonso, Yesenia García Alonso, Gaizka Legarra Gorgoñón eta Sergio Oscoz Ochandorena, Julio Oteiza Olaso Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Barneko Medikuntzako Zerbitzuko medikuarekin batera.
Azterlanak 89 lagun (59 emakume eta 30 gizon) aztertu zituen. Lagun horiek sintoma iraunkorrak zituzten COVID-19aren hasierako infekzioa gainditu ondoren. Sei astez, pertsona horiek entrenamendu-programa progresibo bat egin zuten, potentzia muskularreko ariketak eta intentsitate handiko entrenamendu saioak konbinatzen zituena neurtzeko bizikleta estatikoan.
Gaitasun fisiko handiagoa eta ondoez psikologiko txikiagoa
Emaitzek erakutsi zuten nabarmen hobetu zirela giharretako indarra eta oxigenoaren gehieneko kontsumoa. Gaitasun kardiorrespiratorioaren adierazle garrantzitsua da azken hori. Gainera, murrizketa nabarmenak ikusi ziren disnea eta nekea bezalako sintometan, eta osasun mentalarekin lotutako bizi kalitatean hobekuntzak, depresioa eta ondoez psikologikoa gutxitzea barne.
Gainera, parte-hartzaileek hobekuntza nabarmenak izan zituzten ongizate emozionalean eta funtzio exekutiboetan. Datu hori bereziki garrantzitsua da; izan ere, COVID-19 iraunkorra dutenek sintoma neuropsikologikoak izaten dituzte askotan, hala nola arreta defizitak eta memoria galera.
Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Barneko Medikuntzako Zerbitzuko, Granadako Unibertsitateko Erizaintza Saileko eta Salvador Zubirán Medikuntza Zientzien eta Nutrizioaren Institutu Nazionaleko (Mexiko) Gaixotasun Metabolikoen Ikerketa Unitateko espezialistek parte hartu zuten saiakuntzan.