Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) errektoreak lau errektoreordetzaren buruak berritu ditu, eta, Gizarte Kontseiluarekin ados jarrita, kudeatzaile berri bat izendatu du. Otsailaren 3an Unibertsitatean eginen den ekitaldi instituzional batean jabetuko dira nor bere karguaz. NUPeko Estatutuen arabera, errektoreari dagokio Unibertsitateko errektoreordeak izendatzea eta kargutik kentzea.

Honako pertsona hauek hasiko dira NUPeko zuzendaritza-taldean: Luis Gandía Pascual katedradunak Inés Olaizola Nogalesen lekua hartuko du Irakasleen Gaietarako Errektoreordetzan; Javier Goicoechea Fernándezek Inmaculada Farran Blanchen lekua hartuko du Irakaskuntzako Errektoreordetzan; eta Mónica Cortiñas Ugalde katedradunak Martin Larraza Kintana katedradunaren lekua hartuko du Kalitateko, Ekonomiako eta Estrategiako Errektoreordetzan. Martin Larraza Kintanak, bestalde, Francisco Javier Arregui San Martínen lekua hartuko du Ikerketako Errektoreordetzan. Unibertsitateko kudeatzaile berria Mar González Paredes izanen da, eta Joaquín Romero Roldánen lekua hartuko du.

zoom Luis Gandía Irakasleen Gaietarako errektoreorde berria, NUPen.

Luis Gandía Irakasleen Gaietarako errektoreorde berria, NUPen.

Errektoreorde berrien curriculumak

Luis Gandía Pascual Kimikan lizentziaduna eta doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean, Ingeniaritza Kimikoko katedraduna NUPen eta Institute for Advanced Materials and Mathematics (INAMAT2) institutuko kidea sortu zenetik. Eskolak eman ditu Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoko (IITIGMET) eta Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikoko (NIBGMET) zenbait titulaziotan, Iruñeko eta Tuterako campusetan. Haren ikerketak aztergai izan du ingurumen- eta, bereziki, energia-aplikazioetarako ingeniaritza katalitikoa, eta aplikazio horien artean dago, besteak beste, sintesi gasaren, biodieselaren, hidrogenoaren eta erregai sintetikoen ekoizpena. Kudeaketa lanei dagokienez, Kimika Saileko zuzendaria izan da 2018az geroztik, eta aurretik Kimika Aplikatuko Saileko zuzendaria izan zen 2012etik 2018ra.

zoom Mónica Cortiñas Kalitateko, Ekonomiako eta Estrategiako errektoreorde berria, NUPen, artxiboko irudi batean.

Mónica Cortiñas Kalitateko, Ekonomiako eta Estrategiako errektoreorde berria, NUPen, artxiboko irudi batean.

Mónica Cortiñas Ugalde Merkaturatzea eta Merkatuen Ikerketa jakintza arloko katedraduna da Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) eta INARBE Institutuko ikertzailea. Enpresen Administrazioan eta Zuzendaritzan lizentziaduna eta doktorea NUPen, erakunde horretako Plangintza Estrategikoaren Arloko zuzendaria da 2015az geroztik.

Haren ikerketa-lerroen artean daude marketin digitala, kontsumitzailearen portaera, marketinari aplikatutako adimen artifiziala eta gizakiaren eta konputagailuaren arteko interakzioa. Eragin handiko nazioarteko aldizkari zientifikoetako 30 artikulu baino gehiagoren egilea da, eta lehiaketa bidezko 13 ikerketa-proiektutan hartu du parte. Irakaskuntzaren esparruan, irakasgaiak ematen ditu Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean, eta zenbait ikasgairen arduraduna izan da, hala nola Merkataritzako Zuzendaritza I, Informazio Sistemak eta Merkatu Ikerketa.

zoom Javier Goicoechea Irakaskuntzako errektoreorde berria, NUPen, artxiboko irudi batean.

Javier Goicoechea Irakaskuntzako errektoreorde berria, NUPen, artxiboko irudi batean.

Javier Goicoechea Fernández industria-ingeniaria eta doktore ingeniaria da NUPen, ikertzaile eta irakasle lanetan dihardu NUPen 2003az geroztik, eta egun unibertsitateko irakasle titularra da Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko Teknologia Elektronikoko Arloan. Smart Cities Institutuarekin (ISC) lotutako ikertzailea ere bada.

Bere ikerketa-lanaren ardatza izan dira mintz mehen sorkuntza, azaleren funtzionalizazioa eta material berri nanoegituratuen azterketa sentsore optikoak garatzeko, batez ere zuntz optikokoak. Nazioarteko 44 argitalpenen eta nazioarteko edizioko liburuetako 7 kapituluren egilea edo egilekidea da. Haren lanak 2000 alditan baino gehiagotan izan dira aipatuak. Lehiaketa bidezko deialdietako 19 ikerketa-proiektutan eta oinarri teknologikoko 3 enpresaren sorreran hartu du parte.  Kudeaketa akademikoko zenbait kargu izan ditu, eta, besteak beste, Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoko (IITIGMET) zuzendaria izan zen 2020tik 2024ra.

zoom Martin Larraza Ikerketako errektoreorde berria, NUPen, artxiboko irudi batean.

Martin Larraza Ikerketako errektoreorde berria, NUPen, artxiboko irudi batean.

Martín Larraza Kintana Enpresen Antolaketako katedraduna da NUPen eta INARBEko ikertzailea. Orobat Enpresen Administrazioan eta Zuzendaritzan lizentziaduna eta Enpresa Zientzietan diplomaduna da, biak NUPen, eta Ekonomian doktorea Madrilgo Carlos III Unibertsitatean. Eskolak eman ditu Enpresen Antolaketaren arloan graduko, masterreko eta doktoretzako zenbait titulaziotan.

Haren ikerketak aztergai du pertsonek erabakiak hartzerakoan duten jokabidea eta, batik bat, jarduera profesionala enpresen barrenean garatzen duten pertsonena. Oinarri hori abiapuntu duela, 20 urtetik gorako ikerlanari esker, ekarpenak egin ahal izan dizkio arlo hauetako nazioarteko eztabaida zientifikoari, hau da, giza baliabideen kudeaketaren, zuzendaritza estrategikoaren, familia-enpresaren eta ekintzailetzaren gaineko eztabaidari. Lan horren emaitza izan dira 50 artikulu akademiko baino gehiago eta liburuko 4 kapitulu, eta 6 doktoretza-tesi ere zuzendu ditu, eta mintegiak egin ditu Espainiako eta atzerriko zenbait unibertsitatetan. Bestalde, 80 ekarpenetik gora eginak ditu Espainiako eta nazioarteko biltzarretan.

Kudeaketaren arloan, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko idazkaria eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Sarbideko koordinatzaile nagusia izan da. NUPeko Kalitateko, Ekonomiako eta Estrategiako errektoreordea izan da 2019az geroztik.

NUPeko kudeatzaile berriaren curriculuma

Mar González Paredes Lanaren Zientzietan lizentziaduna da Errioxako Unibertsitatean eta Lan Harremanetan diplomaduna NUPen. Harvardeko Unibertsitateko Institute for Strategy and Competitiveness-en eta Deustuko Unibertsitatearen International Course on Microeconomics of Competitiveness (MOC) izeneko ikastaroaren egiaztapena du. Orobat bere prestakuntza akademikoa osatu du zenbait entitate eta unibertsitatetan.

zoom Mar González kudeatzaile berria, NUPen.

Mar González kudeatzaile berria, NUPen.

Orain arte, Tracasa Instrumentaleko zuzendari kudeatzailea eta Tracasa Globaleko kontseilari delegatua izan da. Biak Nafarroako Gobernuko enpresa publikoak dira. Orobat 2020az geroztik NUPeko Gizarte Kontseiluko kidea da, eta han Enpresa eta Gizartearekiko Harremanetarako Batzordeko burua da. Aurretik 3NEO Espainiako Plataforma Teknologikoa zuzendu zuen. Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioarekin batera Fabrikazio aurreratuko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza sistemako eragileak antolatzen dituen erakunde publiko-pribatua da. Nafarroako Industria Grafikoen Elkarteko kudeatzailea eta bi enpresaren sortzailea ere izan da. Gainera, zenbait kargu izan ditu bai eskualde mailako bai Espainia mailako enpresa elkarte eta federazioetako zuzendaritza kontseiluetan.