Joan eduki nagusira

Jesús Arellano ingeniariak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatutako doktoretza-tesian aztergai izan du hodeiko sistema interaktiboekin (urruneko mahaigainak, web aplikazioak edo streaming bidezko jokoak) elkarreraginean aritzean erabiltzaileek izandako esperientziaren kalitatea, eta esperientzia hori etengabe monitorizatzeko eta hobetzeko tresnak eta teknikak garatu ditu. Eduardo Magaña Lizarrondo Ingeniaritza Telematikoko katedradun eta Smart Cities Institutuko (ISC) ikertzaileak zuzendu du doktoretza-tesia.

zoom Jesús Arellano, NUPen.

Jesús Arellano, NUPen.

Tesiaren egileak azaltzen duen bezala, “gero eta interkonektatuago dagoen mundu batean bizi gara, eta hodeiko aplikazio eta zerbitzuak gure eguneroko bizitzaren funtsezko osagaia dira. Lanean erabiltzen ditugun produktibitate tresnetatik entretenimendu plataformetara eta sare sozialetara, gure interakzio digital gehienak hodeian funtzionatzen duten azpiegituren mende daude. Aldaketa horrek gure artean komunikatzeko modua ez ezik, lan egiteko eta informazioa kontsumitzeko moduak ere aldatu ditu.

Hodeiko zerbitzuak erruz erabiltzen baitira, gizartea ohituta dago edozein gailu eta lekutatik datuetarako eta aplikazioetarako sarbidea izatera eta gero eta errazagoak diren esperientzia digitalez gozatzera. “Teknologia nonahikoa bihurtu baita, inoiz baino garrantzitsuagoa da aplikazioek arin eta etenik gabe funtzionatzen dutela bermatzea. Hor sartzen da jokoan esperientziaren kalitatearen kontzeptua, edo QoE (Quality of Experience). Kontzeptu hori zerbitzu edo aplikazio digital batekin elkarreraginean aritzean erabiltzaileek duten gogobetetzeari buruzkoa da”, azaldu du Jesús Arellanok.

Hasieran aipatutako tesian planteatutako erronkari heltzeko, hau da, hodeiko sistema interaktiboetako esperientziaren kalitatea neurtu eta optimizatzeko eta esperientzia hori monitorizatzeko eta hobetzeko tresnak eta teknikak garatzeko, ikerketaren egileak adimen artifiziala eta ikaskuntza automatikoko teknikak erabiltzen dituzten prototipoak eta algoritmoak garatu ditu. Tresna horiek aukera ematen dute datu-bolumen handiak prozesatzeko eta erabiltzailearen esperientzian eragina duten ereduak detektatzeko, eta automatikoki optimizatzeko soluzioak eskaintzen dituzte. Gainera, tesian metodologia tradizionalak osatzen dituzten metrika- eta ebaluazio-eredu berriak proposatu dira, eta ingurune interaktibo horien behar espezifikoetara hobeto egokitzen dira.

COVID-19aren pandemia eta urrutiko lana

Tesiaren egileak adierazten duen bezala, ikerketa-lanaren garapena bereziki interesgarria izan da COVID-19aren pandemiaren testuinguruan, orduan urrutiko lana behar globala bihurtu baitzen. “Milioika lagun mahaigain birtualen eta hodeiko aplikazioen mende daude eguneroko zereginak egiteko, eta horrek agerian utzi du garrantzitsua dela etenik eta atzerapenik gabeko esperientzia bermatuko duten mekanismoak izatea. Enpresek, bestalde, beren langileen produktibitateari eta gogobetetzeari eustea dute helburu, ingurune digital horretan”, adierazi du Jesús Arellanok.

Laburbilduz, tesiak ikuspegi berritzaile bat eskaini nahi du, erabiltzaileak hodeian oinarritutako aplikazioetan duen esperientzia ebaluatzeko eta hobetzeko, industriak erabiltzen ahal dituen tresna praktikoak ere emanez, kontsumitzaileek arazorik gabeko esperientzia digital optimizatua izan dezaten. “Lanak inplikazio akademikoak eta industrialak ditu, eta garapen teknologikoaren eta erabiltzaileen itxaropenen arteko arrakala ixtea du helburu, gero eta digitalagoa den mundu honetan”, ondorioztatu du ikertzaileak.

Jesús Arellanoren CV laburra

Jesús Arellano Telekomunikazioaren Teknologien Ingeniaritzan graduatu zen NUPen (2015-2019), eta han Telekomunikazio Ingeniaritzako Masterra egin zuen (2019-2021). Bere doktoretza-tesia egiteko, Banco Santanderrek eta NUPek finantzatutako doktoretza aurreko beka bat lortu zuen.

Unibertsitatean egon den bitartean, Sare, Sistema eta Zerbitzu Telematikoen Taldearekin aritu da lankidetzan eta ikerketa eta garapen teknologikoko proiektuetan ere lan egin du Naudit HPCN enpresan. NUPeko spin-off oinarri teknologikoko enpresa da, eta tesi honetan garatutako tresnak eta ereduak hedatzea ahalbidetu du. Egun unibertsitatean jarraitzen du, eta Naudit HPCN enpresarekin ikerketa-proiektuetan lankidetzan dihardu.