Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) ariketa fisikoari buruzko adostasun orokor baten burua izan da, ebidentzia zientifikoan oinarritutako eta esparru horretako hainbat nazioarteko espezialistak sinatutako akordio bat. Mikel Izquierdo Redín NUPeko katedradunak zuzendu du hogeita sei erakundetako 34 ikertzailek osatutako panela, eta haren oinarria da bizi-itxaropena nabarmen handitu dela eta erronka ez da soilik urte gehiago bizitzea, osasuntsu eta autonomiarekin bizitzea ere bai. Testuinguru horretan, ariketa fisikoa giltzarria da. “Ariketa da adinarekin lotutako gaixotasunen inpaktua murrizteko esku-hartze eraginkorrena, seguruena eta egingarriena”, nabarmentzen du dokumentuak. Egileek gehitu dutenez “ariketak osasun publikoko lehentasuna izan behar du, prebentzio-medikuntza gisa ez ezik, hainbat gaixotasunetarako tratamendu gisa ere bai.


Mikel Izquierdo katedraduna, ariketa fisikoari eta zahartzeari buruzko nazioarteko adostasun horren burua.
Adostasun orokorrak jasotzen duen bezala, “ariketa fisikoa egiteko aginduak pertsonalizatua izan behar du, eta ebidentzia zientifikoak babestu behar du, pertsona bakoitzaren osasun-baldintzetara eta profiletara egokituta eta gomendio orokorrak atzean utzita”. “Oinez ibiltzea ez da beti nahikoa izaten, eta, kasu batzuetan, ariketa-dosiak hain dira txikiak ezen plazebo baten parekoak baitira, medikuntza modernoan pentsaezina dena”, dio txosten orokorrak.
Ariketari buruzko adostasun orokorrerako sarbide librea
“Adinekoengan bizitza osasuntsua sustatzeko ariketa-gomendio optimoei buruzko adostasun orokorra” “The Journal of Nutrition, Health and Aging” aldizkari zientifikoan argitaratu da, eta erabilgarri dago “online” kontsultatzeko sarbide librean.
Dokumentuak ebidentzian oinarritutako erantzun argiak eskaintzen ditu. “Ariketa fisikoa adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko ez ezik, gaixotasunak prebenitzeko eta bizitza osasuntsua sustatzeko funtsezko tresna ere bada”, azaltzen du txostenak, eta gobernuei, osasun-profesionalei, gorputz- eta kirol-hezitzaileei, entrenatzaileei eta, oro har, gizarteari dei egiten die ikuspegi hori osasuna eta ongizatea sustatzeko estrategia eraginkor gisa har dezaten.
“Gomendio horiek adituen nazioarteko panel baten babesa dute, eta zahartzearen kontzeptua aldatzeko funtsezko esparrua ezartzen dute. Gainera, ebidentzian oinarritutako esku-hartze espezifikoak bultzatzen dituzte, eguneroko praktika klinikoan aplika daitezkeenak, eta hala gero eta zaharragoa den populazio baten ongizate integrala lortzen laguntzen dute”, esan du Mikel Izquierdo zahartzean, osasunean eta ariketa fisikoan adituak diren hamasei herrialdetako espezialisten buru den ikertzaile nagusiak. Espezialista horien artean Antonio García Hermoso, Robinson Ramírez Vélez eta Mikel López Sáez de Asteasu NUPeko ikertzaileak daude.
Urte gehiago bizitzea osasuntsu
Bizi-itxaropena handituz doan testuinguru batean, erronka ez da soilik urte gehiago bizitzea, bizi-kalitatearekin bizitzea ere bada. Adostasunaren egilea den nazioarteko panelaren arabera, ariketa fisikoa giltzarria da prozesu horretan. “Ariketa da adinarekin lotutako gaixotasunen inpaktua murrizteko esku-hartze eraginkorrena, seguruena eta egingarriena”, nabarmentzen du dokumentuak.
Gauzarik berritzaileenetako bat da adinekoei ariketa egitea agintzeko sekuentzia egituratu baten diseinua. Prozesu horren hasieran, pertsona bakoitzaren behar eta gaitasun espezifikoak identifikatzeko hasierako ebaluazio integrala egiten da, eta, ondoren, plan xehatu bat, pazientearen lehentasunen araberako sekuentziazioa, progresioa, espezifikotasuna eta pertsonalizazioa barne hartzen dituena, atxikipena hobetzeko.
Dokumentuak orobat azpimarratzen du lehentasun indibidualak errespetatzearen eta konpromiso handiago bat bultzatuko duten plan pertsonalizatuak diseinatzearen garrantzia. Laguntza kognitiboko eta sozialeko estrategiak ere erabiltzen dira epe luzeko atxikipena indartzeko.
Beste alderdi nabarmen bat entrenamendu funtzionalari ematen zaion garrantzia da. Orekarako eta erorikoen prebentziorako ariketak lehenesten ditu segurtasuna bermatzeko, mugikortasuna hobetzeko eta zahartzeari lotutako arrisku faktoreak murrizteko.
Zahartze osasungarrirako bide indibidualizatuak
Adostasunaren alderdi aipagarrienetako bat bere ikuspegi pertsonalizatua da. Ariketa fisikoari buruzko gomendio orokorrak pertsona bakoitzaren behar eta ezaugarri indibidualetara egokitzen dira, eta pertsonaren osasun-egoera, ariketa fisikoaren maila eta helburu pertsonalak hartzen dituzte kontuan. “Ez dago bide bakar bat denontzat. Ariketa egiteko programa indibidualizatuak diseinatzea funtsezkoa da onurak maximizatzeko eta adinekoengan segurtasuna eta eraginkortasuna bermatzeko”, zehazten du dokumentuak.
Beste berrikuntza esanguratsu bat da osagai anitzeko ariketa programak sartzea, erresilientzia fisikoa eta mentala indartzeko zeregin kognitiboak barne hartzen dituztenak. Ikuspegi integral horren xedea da hauskortasuna arintzea eta autonomia hobetzea. Gomendio aipagarrienen artean, nabarmentzekoak dira intentsitate altuko indar muskularreko entrenamendu progresiboak, potentzia-entrenamendua eta intentsitate altuko tarteen araberako ariketak inplementatzeko jarraibideak, zeinek adinekoen osasun kardiobaskularra eta muskularra mantentzeko etorkizun handia dutela frogatu baitute.
Dokumentuak orobat nabarmendu du ariketaren garrantzia norberaren osasunetik harantzago doala. Ariketa fisiko erregularra sustatzeak gizabanakoari mesede egiteaz gain, “komunitateak indartzen ditu, mendekotasuna murrizten duelako eta kide izatearen zentzua eta gizarte-partaidetza hobetzen dituelako”, adostasun orokorrak jasotzen duenez.
Ariketa: prebentzio-medikuntza eta medikuntza terapeutikoa
Ebidentzian oinarritutako ariketa tresna ahaltsua da zahartze osasungarria sustatzeko, adinarekin lotutako gaixotasunak prebenitzeko eta hauskortasuna eta sarkopenia bezalako gaixotasuna tratatzeko, espezialisten arabera. Ondorio sozialak kostu sanitarioen murrizketatik harago doaz, adinekoen bizi-kalitate eta independentzia funtzional hobea bultzatzen baititu nazioarteko panelaren iritzian.
“Garaia da ariketa fisikoa arreta geriatrikoaren eta osasun-sistemen zutabe nagusi gisa integratzeko, etorkizuneko belaunaldien bizitza aktiboa eta ongizatea zabaltzeko – adierazi du Mikel Izquierdok –. Adostasun horrek ebidentzian oinarritutako ariketa-programa pertsonalizatuen alde egiten du, adineko bakoitzaren gaitasun eta beharretara egokituta, adina, egoera fisikoa edo hasierako hauskortasun maila edozein dela ere”.
Berez, hauskortasunak ez du esan nahi “ariketa egiteko kontraindikazioa denik, baizik eta ariketa egiteko arrazoi nagusietako bat”, aipatzen du txostenak amaitzeko.