Unibertsitateen G-9 Taldeak astelehen honetan ireki du 2025eko prestakuntza-planetan izena emateko prozesua. Planak 152 online ikastaro eskaintzen ditu teknikarientzat eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileentzat (TEKAZEL), irakasle eta ikertzaileentzat (I-I) eta Doktoretzako ikasleentzat, Campus Digital Partekatuaren bidez. Izena emateko prozesua zabalik egonen da urtarrilaren 31ko 14:00ak arte G-9 Taldearen webgunearen bidez, dagokion inprimakia beteta.
Aurten La Lagunako Unibertsitateak ere parte hartzen du eskaintzan, G-9 Taldeko prestakuntza-planen entitate laguntzailea baita 2025az geroztik. Gainera, aurreko urtean Adimen Artifizial Sortzaileari (AAS) buruzko ikastaroen eskaera handia izan zenez, diziplina horrekin lotutako ikastaro berriak sartu dira hiru prestakuntza-planetan.
TEKAZELentzako XII. Prestakuntza Plana
Edizio honetan, 69 ikastaro prestatu dira G-9 Taldea osatzen duten unibertsitate publikoetako TEKAZELentzat. Osotara 4.140 postu eskaintzen dira, aurreko urtean baino % 25 gehiago, eta bederatzi ikastaro berri daude.
Gehienez ere hiru ikastarotan emanen du izena TEKAZELeko kide bakoitzak. Gaiak bederatzi prestakuntza-esparrutakoak dira: zuzendaritza eta kudeatzailetza publikoa; liburutegiak eta artxiboak; kalitatea; juridiko-prozedurazkoa; laborategiak; teknologia berriak; lan-arriskuen prebentzioa eta lan-osasuna; giza baliabideak; eta administratibo orokorra.
Unibertsitateko irakasleentzako XIII. prestakuntza-plana
Aurten 52 ikastaro eskaintzen dira unibertsitateko irakasleentzat (aurreko edizioan baino % 16 gehiago), eta 3.120 postu eskaintzen dira, aurreko urtean baino % 26 gehiago. Gehienez ere bi ikastarotan emanen du izena pertsona bakoitzak.
Ikastaroen eskaintza lau kategorien inguruan antolatzen da: “online” prestatzaileentzako prestakuntza; hezkuntza digitalerako metodologia; material eta hezkuntza-baliabide digitalak; eta ikaskuntzarako ebaluazioa.
Prestakuntzaldiko ikertzaileentzako VI. prestakuntza-plana
Doktoretzako ikasle bakoitzak, gehienez ere, eskainitako 31 ikastaroetako (aurreko edizioan baino bat gehiago) bitan emanen du izena eta 2.046 postuetako bat beteko du, 2024. urtean baino % 3 gehiago. Tokiak inskripzioaren hurrenkeraren arabera esleituko dira. Ikastaro bakoitzerako 6 postu gordeko dira unibertsitate bakoitzeko.
Unibertsitateen G-9 Taldea
Unibertsitateen G-9 Taldea 1997an sortutako elkarte bat da, eta beren autonomia-erkidegoetan unibertsitate publiko bakarra diren unibertsitateek osatzen dute, zehazki hauek: Kantabriako Unibertsitatea, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Extremadurako Unibertsitatea, Balear Uharteetako Unibertsitatea, Errioxako Unibertsitatea, Oviedoko Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zaragozako Unibertsitatea, bai eta Murtziako Unibertsitatea, Burgosko Unibertsitatea eta La Lagunako Unibertsitatea ere, azken hirurak entitate laguntzaile gisa.