Helir Joseph Muñoz Alvear kimikariak (Pasto, Kolonbia, 1991) konponbide bat proposatzen du ingurumeneko arazo espezifiko batentzat: altzairua birziklatzean sortzen diren hondakinak, zeinak hondakindegi espezializatuetan gordetzen baitira. Ikertzaileak metodo bat garatu du Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatutako doktoretza-tesirako. Hondakin horiek perovskita bihurtzen ditu metodoak. Material katalizatzaile horiek erabiltzen dira, batetik, gasolina sintetikoa lortzea ahalbidetzen duen sintesi-gasa produzitzeko, eta, bestetik, lurrazaleko ur-korronteetan dauden pestizidak kentzeko.
“Aluminioa birziklatzean jada erabili diren eta erabiltzen ez diren produktuen —freskagarri-latak, automobiletako eta etxetresna elektrikoetako piezak eta leihoetako markoak— aluminio metalikoa berreskuratzen da —azaldu du Helir Joseph Muñozek—. Berreskuratzearen errendimendua handitzeko, gatzen nahasketa bat gehitzen da, eta horrek hondakin bat sortzen du gero. Aplikaziorik aurkitzen ez bazaio, material horientzat berariaz eraiki eta kontrolatutako hondakindegi batean gordeta kudeatzen da”.
Helir Joseph Muñoz bila zebilena zen “hondakin industrial horri irteera emanen zion eta ekonomia zirkularraren kontzeptuan integratuta egotea lortuko zuen ingurumeneko aplikazio energetiko posible bat”, doktoretza-tesiaren egileak azaldu duenez. NUPeko INAMAT2 Institutuko bi ikertzaile hauek zuzendu dute tesia: Antonio Gil Bravo katedraduna eta Sofia Korili irakaslea.
Hondakinetik material erabilgarrietara
Zehazki, Helir Joseph Muñozek metodo bat garatu du, eta aluminioa birziklatzean sortutako hondakinetan dagoen aluminioa ateratzean datza. Prozesu kimikoen bidez, perovskita izeneko material bihurtzen ditu. Azken horiek erreakzio kimiko jakin batzuen katalizatzaile edo azeleratzaile gisa funtzionatzen dute.
Ikertzaileak bi prozesutan erabili ditu. Horietako bat metanozko eraberritze lehorra da, zeinak karbono dioxidoa eta metanoa, negutegi efektua eragiten duten bi gas, sintesi gas bezala ezagutzen den nahasketa bihurtzen baititu. Gas hori erregai sintetikoak ekoizteko erabiltzen ahal da, hala nola gasolina. Besteak ingurumen-izaera du; izan ere, perovskitek “hain propietate interesgarriak eta moldakorrak” dituzte, ezen baliagarriak baitira fase hezeko fotodegradazioan eta/edo peroxidazio katalitikoan. Prozesu horiek eguzki-argia eta/edo hidrogeno-peroxidoa erabiltzen dute lurrazaleko ur-korronteetan dauden pestizidak ezabatzeko, karbofuranoa kasu.
Egilearen curriculum laburra
Helir Joseph Muñozek Nariñoko Unibertsitatean (Kolonbia) ikasi zuen, eta ohorearekin graduatu zen Kimikan. Gero, NUPen hasi baino lehen, Kimikako Master bat egin zuen Kolonbiako Unibertsitate Nazionalean, eta NUPen egin du Kimika Sintetiko eta Industrialeko Doktoretzako programa.
Bere doktoretza-tesiaren emaitza diren ikerketak (hiru artikulu zientifiko eta bi berrikuspen-lan) eragin handiko nazioarteko aldizkarietan argitaratu dira, hala nola “Catalysis Reviews-Science and Engineering” (9,3ko inpaktu indizea), “Catalysis Today” eta “Chemical Engineering Journal”. Gainera, haren lanari esker espainiar patente bat sortu da, eta egileak aurretik zuen ikerketa-ibilbideari gehitzen zaio, Kolonbian emandako patente bat eta nazioarteko aldizkarietan argitaratutako hiru artikulu baititu eta nazioarteko zazpi proiektutan eta Espainiako eta nazioarteko hogei bat kongresutan parte hartu baitu.