Joan eduki nagusira

Heldu den urtarrilaren 14an, asteartea, Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) jardunaldi bat eginen du berrikuntzaren erosketa publikoan sakontzeko. Erosketa hori tresna bat da I+Gko soluzioak edo garapen bidean daudenak eskuratzeko. Ekitaldian aztergai izanen dituzte bereziki adimen artifizialeko sistemen erosketa eta sistema horiek administrazioan erabakiak hartzeko prozesuan duten garrantzia. Interesa duen edonork du topaketan parte hartzeko aukera. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu Unibertsitatearen webgunean: https://tinyurl.com/jornada-compra-publica.

Jardunaldia Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Pio Baroja aretoan eginen da (Nabarreria kalea 39, Iruñea) 9:15etik 13:00etara, eta NUPeko Administrazio Publikoa ikerketa-taldeak antolatu du Biometria, Administrazio Zuzenbidea eta Datuak – BIODATA proiektuaren esparruan. Proiektua finantzatzen dute Ikerketarako Estatu Agentziak, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak eta “Europa egiteko modu bat” FEDER funtsek. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren (NAPI) laguntza ere badu.

Bi unibertsitatetako espezialistak

Egitarauan esparru horretako espezialista aipagarriek hitz eginen dute, hala nola Isabel Gallego Córcoles (Gaztela-Mantxako Unibertsitateko katedraduna), José María Gimeno Feliú (Zaragozako Unibertsitateko katedraduna) eta Isaac Martín Delgado (Gaztela-Mantxako Unibertsitateko katedraduna). Analisi sakona eginen dute ikuspuntu juridikotik beren espezialitatean oinarrituta: Administrazio Zuzenbidea. NUPeko hiru irakasle izanen dira saioen moderatzaileak:  José Francisco Alenza García, Miren Sarasíbar Iriarte eta Aritz Romeo Ruiz, eta eztabaida eta ideia-trukea bultzatuko dituzte. Aurretiaz, Amparo López Antelo Nafarroako Gobernuko Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariak eta Martín Razquin Lizarraga NUPeko Administrazio Zuzenbideko katedradun eta jardunaldiaren zuzendariak ekitaldia inauguratuko dute.