Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP), Granadako Unibertsitatea (UGR) eta Sareko Ikerketa Biomedikorako Zentroa (CIBER) buru dituen zientzialari talde batek frogatu du aldizkako baraua (jateko ordu kopurua murriztea eta barau-orduak egunero luzatzea) metodo eraginkorra dela pisua galtzeko eta gizentasun arazoak dituztenen osasun kardiobaskularra hobetzeko. Bere lana “Nature Medicine” aldizkari zientifikoan argitaratu da, eta agerian utzi du azken otordua 17:00ak baino lehen egitea eta ondoren gauean ez afaltzea estrategia segurua eta eraginkorra dela larruazalpeko gantz abdominala, hau da, larruazalpean dugun gantza (“txitxiak”) murrizteko, “batez ere Eguberrietako gehiegikerien ondoren”, adierazi dute.

zoom Idoia Labayen, NUPen.

Idoia Labayen, NUPen.

“Espainian, gehiegizko pisuaren eta gizentasunaren prebalentzia % 70era iristen da gizonetan eta % 50era emakumeetan, eta horrek hainbat alterazio metaboliko eragiten ditu, hala nola 2 motako diabetesa, eta gaixotasun kardiobaskularrak, hipertentsioa eta minbizi mota jakin batzuk garatzeko arrisku esponentziala areagotzen du. Populazioaren pisu-igoera kezkagarri horrek eragina du pertsonen bizi-kalitatean, eta erronka handia da osasun publikoko sistemarentzat. Ikerketa zientifikoa buru-belarri ari da lanean estrategia eraginkorrak baina aldi berean errazak ezartzeko, dagoeneko gaixotasun kronikotzat jotzen den arazo hori tratatzeko”, adierazi du talde zientifikoak. 

“Kaloriak murrizteko dietek pisua galtzen laguntzen dute eta osasun kardiobaskularra hobetzen dute. Hala ere, ez da erraza izaten dieta horiek epe luzean egiten jarraitzea, eta pertsona gehienek tratamendua uzten dute, eta, beraz, galdutako pisua berreskuratzen dute, baita hasierako pisua baino gehiago irabazi ere”, adierazi dute.

Ohiko kaloria-murrizketarekiko atxikidura izateko zailtasunak direla eta, nutrizio-estrategia berriak sortu dira.  Horietako bat aldizkako baraua da, eta jateko tarteak ordu edo egunak irauten duten baraualdiekin txandakatzen dira. “Azken urteetan ospea irabazi duen aldizkako barau-mota bat da jateko ordu kopurua murrizten duena eta barau-orduak egunero luzatzen dituena. Ikertzaile-taldeak dioenez, elikagaiak hartzeko orduen murrizketa esaten zaio (ingelesez, “time-restricted eating”).

Normalean, Espainian, goizeko 7-8etan hartzen dute lehen gosaria, eta 21-22etan afaltzen dute; beraz, 12-14 orduko tarte bat izaten dute jateko. Aldizkako barau-mota horretan, jateko orduen tartea 12-14 ordutatik 6-8 ordutara murrizten da, eta 16-18 orduko baraua egiten da. “Nutrizio-estrategia horrek jateko eta baraua egiteko eguneroko ziklo bat egiten laguntzen du, eta horrek gure gorputzaren erritmo biologikoak egonkortzen ditu. Badakigu modu irregularrean edo gauez jateak erritmo horiek aldatzen dituela eta obesitatea, gaixotasun kardiobaskularrak eta 2 motako diabetesa izateko arriskua handitzen duela”, adierazi du taldeak.

NUPeko ELIKOS ikerketa-taldeak, Idoya Labayen katedraduna, Osasun Zientzien Saileko eta IS-FOOD eta IDISNA Ikerketa Institutuko ikertzailea buru duela, ISC Ikerketa Institutuko eta Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko ikertzaileekin batera, Gorputz eta Kirol Hezkuntza Saileko PROFITH CTS-977 taldeko, Kirol Zientzien Fakultateko eta Granadako Unibertsitateko Kirola eta Osasuna Unibertsitate Institutu Mistoko ikertzaileekin, Granadako Ikerketa Biosanitarioko Institutuarekin, San Cecilio Ospitale Unibertsitario Klinikoarekin eta Virgen de las Nieves Ospitale Unibertsitarioarekin eta Granadako Hauskortasunari eta Zahartze Osasungarriari buruzko CIBERarekin lankidetzan, aztergai izan ditu hiru barau-mota hauekin egindako 12 asteko esku-hartze baten ondorioak: barau goiztiarra (jateko tartea: gutxi gorabehera 09:00etatik 17:00etara), barau berantiarra (gutxi gorabehera 14:00etatik 22:00etara), eta norberak aukeratutako baraua, non pertsonek zer ordu-tartetan jan nahi zuten aukeratzen ahal baitzuten, eta batez beste 12:00etatik 20:00etara bitarteko tartea aukeratzen zuten.  

197 parte-hartzaileko ikerketa

Gainera, ikerketan parte hartu zutenek tratamendu estandarra ere jaso zuten, hau da, dieta mediterraneoari eta bizimodu osasungarriari buruzko nutrizio-hezkuntzako programa bat. Iruñean eta Granadan egindako saiakuntza multizentriko aleatorizatu eta kontrolatu honetan, eta orain arte egindako handienetako batean, 30-60 urte bitarteko 197 lagunek hartu zuten parte ( % 50 emakumeak). Parte-hartzaileak ausaz esleitu zitzaizkion talde hauetako bati: ohiko tratamendua (49 parte-hartzaile), barau goiztiarra (49 parte-hartzaile), barau berantiarra (52 parte-hartzaile) edo norberak aukeratutako baraua (47 parte-hartzaile).

Ikerketaren emaitzak “Nature Medicine” aldizkarian argitaratu dira, eta adierazten dute jateko tartearen ordutegiak ez duela eraginik pisu-galeran, erraietako gantzean (hau da, sabelaldeko organoen inguruko gantzean) edo, oro har, gehiegizko pisua edo obesitatea dutenen osasun kardiobaskularrean. Hala ere, baraua egiten zuten taldeek, jateko ordua edozein izanda ere, pisu galera handiagoa izan zuten, 3-4 kilogramokoa batez beste, gutxienez 12 orduko jateko tartearekin jarraitzen zuen ohiko tratamendu-taldearekin alderatuta. “Nabarmentzekoa da barau goiztiarraren taldeak neurri handiagoan murriztu zuela larruazalpeko gantz abdominala, hau da, larruazalaren azpian dugun gantza”, adierazi dute ikertzaileek.

Ikerketak baraurik izandako glukosa mailak eta 24 orduz glukosa ere ebaluatu zituen, azukre mota horren monitore jarraitu baten bidez. Parte-hartzaileek 14 egunez eraman zuten, interbentzioaren aurretik eta amaieran. Emaitzek erakusten dute barau goiztiarreko taldeak nabarmen hobetu zituela baraurik izandako glukosa mailak eta gaueko glukosa gainerako taldeekin alderatuta. 

Glukosa arautzea

Aurkikuntza horiek iradokitzen dute barau goiztiarra bereziki onuragarria izan litekeela glukosaren arauketa optimizatzeko, eta horrek diabetesa prebenitzen eta osasun metabolikoa hobetzen laguntzen ahal duela. “Gauez ez denez jaten, gorputzak denbora gehiago du elikagaiak digeritzeko eta prozesatzeko, glukosak odolean erregulazio hobea du, eta horrela azukre-arazoak eta beste nahasmendu metaboliko batzuk izateko arriskua txikitzen da”, esan du Idoia Labayen ikerketak Iruñean duen ikertzaile nagusiak. Jonatan Ruiz ikertzailearekin batera CIBEROBNeko kidea da Labayen.

Ikertzaileek nabarmendu dute barau-talde guztiek atxikidura-tasa handia izan zutela eta ez zela munta handiko gertaerarik jazo. Aldizkako baraua estrategia ziur eta etorkizun handikoa da gehiegizko pisua edo obesitatea dutenen pisua kontrolatzeko eta osasun kardiobaskularra hobetzeko. Informazio hori funtsezkoa izan liteke populazio horietan izaera nutrizionaleko esku-hartzeen eraginkortasuna hobetzeko.

Honako hauek osatzen dute Iruñeko taldea: Idoia Labayen, Maddi Osés, Jon Echarte, Mara Concepción eta Rafael Cabeza ikertzaileak, guztiak ere NUPekoak, eta Ana Zugasti, Estrella Petrina, Natalia Álvarez de Eulate, Cristina Armendáriz eta Elena Goñi Nafarroako Ospitale Unibertsitariokoak, eta Fernando Idoate MUTUA Navarrakoa.