Joan eduki nagusira

Virginia Uralde Jiménez ingeniariak (Calahorra, Errioxa, 1992) ikerketa bat egin du, 3D inprimatzeko teknika aurreratuekin pieza metalikoak diseinatzeko eta fabrikatzeko estrategiak hobetzen dituena. Ikerketa hori Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatu duen doktoretza tesiaren emaitza da, eta aukera berriak irekitzen ditu industria aeronautikoa bezalako sektoreetan, osagai arin, iraunkor eta jasangarriagoak egitea ahalbidetzen baitu. Hala, % 63 jaitsi zuen pieza baten pisua industria horretarako.

zoom Virginia Uralde Jiménez ingeniaria, NUPeko doktore berria.

Virginia Uralde Jiménez ingeniaria, NUPeko doktore berria.

Virginia Uralderen ikerketa zentratu da fabrikazio gehigarrira bideratutako diseinuan (DfAM, ingelesezko sigletan), eta objektuak sortzeko modu bat da espezifikoki pentsatua 3D inprimatzearen abantailak baliatzeko. Horrek esan nahi du geruzaz geruza materiala gehituz fabrikatu ahal izateko moduan diseinatzen direla piezak, moztu edo moldatu beharrean, eta, horrela, haien forma, pisua eta funtzionaltasuna optimizatzen dira, eta, aldi berean, produktuaren kantitatea eta hondakinak minimizatzen dira.

Virginia Uraldek 3D inprimatzeko teknologia aurreratua erabili zuen: arkuarekin zuzendutako energia uzteko teknologia (DED-Arc, ingelesezko sigletan). Metodo horrek arku elektriko bat erabiltzen du (intentsitate handiko deskarga elektriko bat) metala urtzeko, alanbre edo hauts eran aurkeztua, eta geruzaz geruza modu kontrolatuan uzten da.

Fabrikazioa hobetzea bi altzairu motarekin

Ikerketak pieza metalikoen kalitatea eta funtzionaltasuna hobetzeko hainbat modu aztertu zituen, eta horretarako altzairu herdoilgaitza eta altzairu gozoa erabiltzen du. Bi materialak erruz erabiltzen dira industrian. Lehenengoa korrosioarekiko eta oxidoarekiko erresistentziagatik nabarmentzen da, eta bigarrenak malgutasun handiagoa eskaintzen du.

Virginia Uraldek bi teknika aplikatu zituen prozesuan: oszilazioa eta gainjartzea. Lehenak energia-iturriaren mugimendua sortzen du, beroa eta materiala modu uniformean banatzeko. Eta bigarrenak produktu geruzak modu kontrolatuan gainjartzen ditu akatsak saihesteko eta haien arteko lotura sendoa ziurtatzeko. “Emaitzek erakutsi zuten oszilazio-teknikak altzairu gozoz egindako piezen simetria hobetzen duela, eta hori funtsezkoa da produktu zehatzagoak eta iraunkorragoak lortzeko”, esan du doktoretza-tesiaren egileak. Fernando Veiga Suarez eta Tomás Ballesteros Egués Ingeniaritza Saileko irakasleek eta Smart Cities Institutuko (ISC)  ikertzaileek zuzendu zuten tesia.

Gainera, Virginia Uraldek lau modu aztertu zituen forma konplexuko piezak altzairu herdoilgaitzez ekoiztean utzitako materialaren lerroak gainjartzeko edo batzeko. Horrekin, bermatu nahi zuen geruzak ongi konektatuta gera zitezela “akatsak gutxitzeko, piezen egitura hobetzeko eta ekoizpen denborak eta kostuak optimizatzeko.

Bere lanaren berrikuntzetako bat altzairu gozoa eta altzairu herdoilgaitza konbinatzen zituzten eta material bakoitzaren propietate bakarrak mantentzen dituzten pieza bimetalikoen fabrikazioa izan zen. “Lortutako emaitzen arabera, akatsik gabeko pieza bimetalikoak sortzen ahal dira —ziurtatu du—. Horrek aukera berriak irekitzen ditu behar den heinean ezaugarri propioak konbinatuko dituzten piezak diseinatzeko. Gainera, aurrerapen horiei esker osagai orekatu eta iraunkorragoak ekoizten ahal dira, eta funtzio espezifikoetarako osagai pertsonalizatuak diseinatzea ahalbidetzen dute, eta beroarekiko edo korrosioarekiko erresistentzia handiagoarekin”.

Aplikazio praktikoa industria aeronautikoan

Virginia Uraldek industria aeronautikorako benetako pieza baten diseinuan aplikatu zuen tesian sortutako ezagutza. Garatutako teknikei esker, % 63 jaitsi zuen piezaren pisua, eta “haren funtzionaltasunari eutsi eta eraginkortasuna hobetu zuen”. “Kasu praktiko honek erakusten du ondo planifikatutako ikuspegi batek nola optimiza ditzakeen diseinua eta ekoizpena, eta nola murriztu ditzakeen kostuak eta ingurumen-inpaktua”, gehitu du.

“Oro har, tesiak aurrerapen teorikoak eta praktikoak konbinatzen ditu, eta erakusten du fabrikazio gehigarriko teknikak ondo ulertuz gero produktuak diseinatzeko eta fabrikatzeko modua eralda dezakeela, eraginkorragoak, jasangarriagoak eta egungo beharretara egokituak eginez”, laburbiltzen du Virginia Uraldek, eta etorkizuneko lan-ildoak planteatzen ditu, hala nola diseinu aurreratuko tresnak proposatzea, prozesu honen lehen etapetatik hobekuntzak gomendatzea ahalbidetuko dutenak. Orobat iradokitzen du material eta teknologia berriak aztertzea eta fabrikazio gehigarriaren aplikazioak zabaltzea, hala nola korrosioaren aurkako estaldurak edo hainbat industriatarako diseinu pertsonalizatuak.

Curriculum laburra

Virginia Uraldek, doktoretza egin baino lehen, NUPen hurrenez hurren egin zituen Diseinu Mekanikoaren Ingeniaritzako Gradua Tuterako campusean eta Materialen eta Fabrikazioaren Ingeniaritzako Masterra Arrosadiko campusean (Iruñea).

2016az geroztik, “packaging”-eko arduraduna da Cinfa laborategietan, eta han Nafarroako enpresa horrek merkaturatzen dituen produktuen enbalajerako materialen diseinuaren eta aukeraketaren burua da. Hirugarren batzuek ekoizten dituzte, eta zaintza pertsonalari, nutrizioari, mugikortasunari eta OTCri buruzkoak dira (errezetarik gabeko sendagaiak), eta besteak beste gama/marka hauek dituzte: Farmalastic, GOIBI, Be+, Ns, Respibien eta Optiben. Lan horrekin batera, NUPeko Ingeniaritza Saileko irakasle elkartua da.