Max Quispe Bonilla ingeniariak (Huancayo, Peru, 1984) adimen artifizialean oinarritutako sistema automatiko bat garatu du bere doktoretza-tesian, zeina Nafarroako Unibertsitate Publikoan defendatu baitu. Sistema horrek animalia jatorriko zuntzen diametroa ebaluatzen du, eta zuntzen medulazio-mota detektatzen du, hau da, harizpien barnean barrunbe bat ote dagoen detektatzen du, ehunaren leuntasunari eta kalitateari eragiten baitio. Gainera, espektroak identifikatzen dituzten adimen artifizialeko ereduak diseinatu eta baliozkotu ditu. Espektroak, hain zuzen, Hego Amerikako kamelidoen zuntzak (alpakarenak, llamarenak eta bikuinarenak) eta ahuntzenak (mohairra eta kaxmirra) argi infragorriarekin aztertzean haiek igortzen dituzten seinale bereizgarriak dira. Horrek modua ematen du zuntzak espeziearen arabera zehazki sailkatzeko eta trazabilitatea bermatzeko.


Max Quispe Bonilla ingeniaria, NUPeko doktore berria, animalia jatorriko zuntzak ebaluatzeko garatu duen gailuarekin.
Honako hauek izan dira doktoretza-tesiaren zuzendariak: Luis Javier Serrano Arriezu eta Jesús Daniel Trigo Vilaseca, NUPeko irakasleak eta Smart Cities Institutuko (ISC) ikertzaileak. NUPeko doktore berriak kalifikaziorik onena lortu du: bikain “cum laude”.
Tesiaren egilearen arabera, animalia jatorriko zuntzen ezaugarriek zehazten dituzte zuntzen kalitatea, prezioa eta erosotasuna. Ezaugarri horien artean, garrantzitsuenak diametroa eta medulazio-mota dira. Hau da Max Quispek medulazioari buruz azaltzen duena: “Zuntz medulatuek barne-barrunbe bat dute, medula deritzona, eta hark zuntzaren ardatz osoa edo zati bat har dezake. Zuntz medulatuek arazoak ekartzen dizkiote ehungintzaren industriari: larruazalean hazkura eragiten dute, ehunen heterogeneotasuna areagotzen dute eta zuntzaren kalitatea murrizten dute”.
Gainera, zuntz batzuk “beste batzuk baino nabarmen merkeagoak” dira, jatorri duten espeziearen arabera. “Horren ondorioz sortzen dira produktu faltsutuak, eta horrek kalte egiten die bai egiazko produktuen ekoizleei bai eta kontsumitzaileei ere”, adierazi du ikertzaileak.
Horrenbestez, ehungintzak tresna praktikoak behar ditu zuntzak eraginkortasunez identifikatzeko. Horietako bat Fourierren transformatu bidezko infragorrien espektroskopia da (FTIR). Teknika horrek argi infragorria erabiltzen du materialak identifikatu eta aztertzeko; izan ere, substantzia baten molekulek argi hori nola xurgatzen duten aztertzen du, eta, horrela, haren konposizio kimikoa agerian uzten duen espektro edo aztarna bakarra sortzen du. Hala ere, ez da egokia aztarna horiek begi hutsez aztertzea: “prozesu hori hobetzeko, irtenbide berritzaileak eta aurrerapen garrantzitsuak ekar ditzake adimen artifizialak, garapen handia izaten ari baita”, esan du ikertzaileak.
Adimen artifiziala, neurtu eta sailkatzeko
Animalia-zuntzen medulazioa detektatzeko eta diametroa ebaluatzeko, Quispek adimen artifizialean oinarritutako sistema bat garatu zuen: S-Fiber Med. Sistema trebatzeko prozesuan, zuntzen irudiak bildu eta etiketatu ziren, eta bost kategoriatan sailkatu, medula motaren arabera. Sailkapenaren mutur batean, “ez-medulatua” kategoria zegoen, eta bestean, “zeharo medulatua” kategoria. Irudiekin sortutako datu-base horri esker, adimen artifizialeko eredu “sendo eta zehatzak” trebatu ziren, eta haien bidez, sailkapena optimizatu zen.
Aldi berean, Max Quispek zuntzen laginak eskaneatzeko gailu bat diseinatu eta eraiki zuen. Eskaneatu aurretik, laginak porta batean prestatu behar dira. Sistemak interfaze grafiko bat ere badu, erabiltzailearen interakzioa errazteko diseinatua, emaitzak erraz ikus daitezen.
Max Quispek dioen bezala, “S-Fiber Med sistemak emaitza zehatzak azkar eta automatikoki lortzeko aukera ematen du, eta, gainera, eramangarria, erabiltzeko erraza, praktikoa eta moldakorra delako nabarmentzen da. Ezaugarri horiek direla eta, S-Fiber Med dagoeneko hainbat ikertzailek erabiltzen dute, eta, hain zuzen ere, aukera eman die zuntzen medulazioari buruzko ikerketak sakontzeko, bai eta, horren ondorioz, hainbat aldizkari zientifikotan artikuluak argitaratzeko ere. Gainera, Peruko Gobernuak S-Fiber Med ekipo batzuk erosi ditu, alpakaren zuntzen hobekuntza genetikorako programa nazionalaren parte baitira”.
S-Fiber Med sistemaz gain, Max Quispek adimen artifizialeko bi eredu sortu eta baliozkotu zituen, zuntzak zein espezierenak diren identifikatzeko. Horretarako, zuntz horien argi-aztarnak sailkatu zituen, zeinak argi infragorria erabiltzen duten espektrometroen bidez lortu baitziren. Teknologia horri esker, Quispek frogatu du “posible dela animalia-espezieen zuntzak teknologia infragorriarekin aztertuz zuntzen arteko espektro diferentziak identifikatu eta ebaluatzea”, berak diseinatutako adimen artifizialeko ereduak erabiliz horretarako.
Ondorio gisa, honako hau esan du Max Quispek: “Eredu eta teknika horiek erabiltzeak ehungintzaren industriako prozesuak optimizatuko ditu (hala nola sailkapena, kalitate-kontrola edo trazabilitatea); izan ere, zuntzak jatorriaren arabera zehatz identifikatzea ahalbidetzen du, eta baliteke horrek eragin positiboa izatea Hego Amerikako kamelidoen eta ahuntzen jasangarritasunean eta balorizazioan”.
Curriculum laburra
Max Quispe ingeniari elektronikoa da, eta Callaoko Unibertsitate Nazionalean (Peru) graduatu zen, 2009an. Ondoren, Ingeniaritza Biomedikoko Unibertsitate Masterra egin zuen NUPen. Graduondoko ikasketak amaitzean, Perura itzuli zen, eta, bertan, Maxcorp Technologies oinarri teknologikoko enpresa sortu zuen. Gero, Natural Fiber's Tech eta Neural X enpresak sortzen ere lagundu zuen.
Max Quispek doktoretza ere egin du NUPen, eta, bitartean, aipatu berri ditugun enpresak garatu ditu. NUPeko prestakuntza-aldian, hizlari izan da hainbat kongresutan (20 baino gehiago), eta hainbat artikulu zientifiko idatzi ditu (dozena bat baino gehiago), egile bakar gisa nahiz beste egile batzuekin batera, bai eta liburu baten kapitulu bat ere. Gainera, Peruko Estatuak “Prociencia” eta “Proinnovate” programen bidez finantzatutako hamabi ikerketa-proiektu garatu ditu eta horietan lagundu du. Bere lanaren emaitza gisa, garapen teknologiko eta industrialeko hamar produktu lortu ditu, patenteak ditu Perun, Espainian eta Argentinan, eta beste patente batzuk eskaera-prozesuan ditu.