Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Telekomunikazioaren Teknologien Ingeniaritzako Graduko ikasle talde batek proiektu bat garatu du “Ingeniaritza Telematikoko Proiektuak” irakasgaiaren esparruan. Proiektua aurikular programagarriak egitean datza, zeinen helburua baita industriako lan monotono eta errepikakorretan diharduten langileen laneko baldintzak hobetzea. Ikasle horiek Xabier Pabolleta, Jone Rivas eta Aitor Pérez dira, eta aipatu irakasgaiaren irakaslea Eduardo Magaña Lizarrondo da, Ingeniaritza Telematikoko katedraduna eta ISC ikerketa institutuko ikertzailea.

zoom Aurikularrak diseinatu dituzten ikasleak, NUPen. Ezkerretik eskuinera: Aitor Pérez, Jone Rivas eta Xabier Pabolleta.

Aurikularrak diseinatu dituzten ikasleak, NUPen. Ezkerretik eskuinera: Aitor Pérez, Jone Rivas eta Xabier Pabolleta.

Proiektuaren helburu nagusia langileen laneko esperientzia hobetzea da, hau da, lanaldia atseginagoa izatea; izan ere, aurikular horiei esker, musika, podcastak eta irratia entzuteko aukera izanen dute. “Industriako lanetan audio-gailuak erabiltzeak dakartzan arriskuez jabetuta, aurikular hauek segurtasunerako funtzio aurreratuekin diseinatuta daude. Funtzio horien artean, honako hauek daude, besteak beste: aurikularren erreprodukzioa automatikoki gelditzea alarmak aktibatzean eta konektatutako gailuetara alertak bidaltzea, langile guztien segurtasuna bermatzeko”. Hori adierazi du ikasle taldeak.

Wifi bidezko konektibitatea funtsezkoa da proiektu honetan, aurikularretan multimediako edukiak kontsumitzeko aukera ematen baitu telefono mugikorrik erabili gabe. Beraz, ikasleen esanetan, “soluzio ezin hobea da gailu pertsonalen erabilera mugatua dagoen fabriketarako”. Halaber, honako hau gaineratu dute: “Gainera, lan eremuaren barruan operatibitate zabala bermatzen du hari gabeko konexioak, eta erabiltzaileentzako erosotasuna eta funtzionaltasuna optimizatzen ditu”.

Laneko berrikuntzari eta ongizateari egindako ekarpena

Ekimena bultzatu duen taldeak azaldu duenez, proiektuak, langileen gogobetetasuna eta produktibitatea handitzeaz gain, laneko inguruneetan teknologia modu seguru eta efizientean txertatzeko aukera berriak zabaltzea ere helburu du. Eduardo Magaña irakaslearen hitzetan, “proposamenak NUPeko ikasleek berrikuntzarekin duten konpromisoa islatzen du, eta urrats bat markatzen du industriaren eraldaketa digitalerako bidean”.

Proiektuaren azken aurkezpena irakasgaiaren esparruan eginen da, eta, hartan,  proiektuaren bideragarritasun teknikoa eta industria-sektorean izan dezakeen eragina ebaluatuko dira. Ondorio gisa, honako hau esan du irakasleak: “Zalantzarik gabe, lan honek erakusten du teknologiak baduela laneko eremuko bizi kalitatea hobetzeko modua”.