Joan eduki nagusira

Ramón Gonzalo Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) errektoreak 559 ikasleri bekak emateko ekitaldia gidatu du ostegun honetan, abenduaren 26an. Ikasle horiek 2024-2025 ikasturtean nazioarteko mugikortasun programetan parte hartzen ari dira, 40 herrialdetan baino gehiagotan. Ikasle gehienak (417) Erasmus+ programakoak dira (Europa, herrialde ez-elkartuak eta praktikak); 103, Palafoxekoak; 10, Martín de Radakoak; 9, aldebiko hitzarmenetakoak; 8, ISEPekoak; eta 10, Prestakuntza Solidarioko programetakoak. Gainera, beste bi ikaslek landa-inguruneko mugikortasunerako beka bana jaso dute.

zoom TEXTO ALT

Ezkerretik eskuinera: Ignacio Terés Los Arcos Nafarroako Rural Kutxako presidentea, Ramón Gonzalo García errektorea eta Jorge Elso Torralba Nazioartekotzeko eta Lankidetzako errektoreordea, bekak emateko ekitaldia hasi baino lehen.

Arrosadiko campuseko Fernando Remacha aretoan egin da laguntzak emateko ekitaldia, eta hitzaldiak eman dituzte Jorge Elso Torralba Nazioartekotzeko eta Lankidetzako errektoreordeak, Ignacio Terés Los Arcos Nafarroako Rural Kutxako presidenteak eta Ramón Gonzalo NUPeko errektoreak, zeinak ekitaldiari amaiera eman baitio. Dirulaguntzen zenbatekoa desberdina da atzerrian ikasturte osoa igaroko dutenentzat (57 ikasle osotara) eta seihileko baterako joan diren edo joanen direnentzat. Ramón Gonzalo NUPeko errektorearen hitzaldiak eman dio amaiera ekitaldiari.

Ikasturte honetan atzerriko unibertsitateren batean ikasiko duten ikasleetatik 341 emakumezkoak dira, eta gizonezkoak 218. Hauek dira ikasle gehien jasotzen dituzten unibertsitateak, hurrenkera honetan: Italia (83), Alemania (45), Polonia eta Txile (43 bakoitzak), Frantzia (37), Portugal (36), Mexiko (22), Argentina (19), Belgika eta Estatu Batuak (16 bakoitzak), Txekiako Errepublika (15), Herbehereak (14), Errumania (13), Suedia (12), Austria (11) eta Kolonbia eta Eslovenia (10 bakoitzak). Hauek dira NUPeko ikasleak jasotzen dituzten gainerako destinoak: Bolivia, Brasil, Bulgaria, Txina, Kuba, Danimarka, Eslovakia, Finlandia, Georgia, Grezia, Hungaria, India, Irlanda, Japonia, Letonia, Lituania, Malta, Paraguai, Peru, Suitza, Turkia eta Uruguai.

zoom TEXTO ALT

Inaugurazio ekitaldiko une bat.

Mugikortasun programak

Ikasketak atzerrian egiten dituzten Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasle gehienek Erasmus programan hartzen dute parte (Europar Batasunaren prestakuntza programa, goi mailako hezkuntzaren esparruan lankidetza bultzatzekoa).

Palafox da bigarren programa, NUPek berak sortua Latinoamerikako unibertsitateekin ikasleak trukatzeko. Programa horren bitartez, ikasketen parte bat Iberoamerikako unibertsitate batean egin daiteke, ikasleek bermea izanik, betiere, aldi horretan erdietsitako kredituak onartuko zaizkiela itzultzen direnean. NUPen nazioarteko beste programa bat Martín de Rada izenekoa da, bere baitan Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Asiako zenbait unibertsitateren arteko aldebiko hitzarmenak biltzen dituena. 

NUPen beste programa bereki bat Prestakuntza Solidarioa izenekoa da. 20 urte bete berriak dituen programa horrek aukera ematen die ikasleei garapenerako lankidetzako proiektuetan parte hartzeko Latinoamerikako, Afrikako eta Asiako ingurune pobreetan. 

Programa horietaz gainera, aldebiko hitzarmenak ditugu Estatu Batuetako, Australiako edo Kanadako unibertsitate batzuekin izenpetuta, eta horrez gain, ISEP programa ere badugu.