Joan eduki nagusira

Álvaro Saavedra Montejok Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatutako doktoretza-tesiak aztergai du interakzioa adimen artifizialean oinarritutako laguntzaile birtualekin eta horrek pertsonen produktibitateari, emozioei eta harreman sozialei nola eragiten dien. Doktoretza tesia zentratu da hala ahots bidezko interakzioetan (ahots laguntzaileak) nola testu bidezko interakzioetan (chatbotak), eta, horrez gain, Adimen Artifizialak antzematen ahal dituen aurpegiko keinuen bidezko interakziorako hurbilketa egiten du. Raquel Chocarro Eguaras eta Mónica Cortiñas Ugalde NUPeko irakasle eta INARBEko ikertzaileek eta Natalia Rubio Benito Madrilgo Unibertsitate Autonomoko irakasleak zuzendu dute doktoretza-tesia.

zoom alvaro saavedra

Álvaro Saavedra, NUPen.

Tesiak ikuspegi berriak ditu gizakiaren eta ordenagailuaren arteko interakzioaren arloan (HCI, ingelesezko sigletan), eta hori “funtsezkoa da erabiltzailearen esperientzia hobetzeko”, ikerketaren egileak adierazi duenez. Diziplina horren barruan, Álvaro Saavedraren tesiak nabarmentzen du adimen artifizialaren garapena urratsak egiten ari dela gizakien gaitasun sozial eta emozionalen imitaziorantz. “Ikuspegi horren helburua da laguntzaile birtualekin izandako interakzioak praktikoak izateaz gain, naturalagoak eta enpatikoagoak izatea”, adierazi du ikertzaileak. Horren barruan, nabarmentzekoa da gizakiek teknologiari giza ezaugarriak (antropomorfismoa) egozteko joera dutela. Horren ondorioz, kontsumitzaileek laguntzaile birtualak "gizakiaren" terminoetan ebaluatzen ote dituzten ikertu du Saavedrak, hala nola haien gaitasun soziala edo enpatizatzeko gaitasuna.

Begirada integrala laguntzaile birtualei

Bere tesian, Álvaro Saavedrak laguntzaile birtualen funtsezko hiru dimentsiotan sakondu du: haien erabilgarritasun praktikoa (interakzioaren eta informazioaren kalitatea), komunikazio sozialerako duten gaitasuna eta ahalmen emozionala. “Eragile teknologiko horiek, hala nola Siri, Alexa edo ChatGPT, gure bizitzaren parte integral bihurtu dira, baina oraindik asko dago deskubritzeko erabiltzaileen eta kontsumitzaileen egunerokoan duten eragin sakonagoari buruz”, adierazi du.

Doktoretza lana hiru kapitulutan antolatzen da, eta hiru alderdi aztertzen dituzte: interakzio utilitarioa, chatboten hizkuntza eta aurpegiko keinuen bidezko interakziorako hurbilketa. Lehenengoak aztergai du interakzioaren eta laguntzaile birtualek emandako informazioaren kalitateak nola eragiten duen hautemandako erabilgarritasunean eta etengabe erabiltzeko asmoan.

Zenbait alde daude teknologia horrekin interakzioa izatea atsegin duten kontsumitzaileen eta uzkurragoak direnen artean. “Beste aurkikuntza garrantzitsu bat da laguntzaile birtuala erabilgarriagotzat jotzen denean gure pribatutasun sentsazioa (gure datu pertsonalen kudeaketa) hobetu egiten dela”, esan du tesiaren egileak.

Chatboten hizkuntzari dagokionez, ikertzaileak aztertu du komunikazio estiloek, hizkuntza sozialetik sozioemozionalera, nola eragiten duten kontsumitzaileek laguntzaile birtual horien gaitasunei buruz duten pertzepzioan. Horrek leiho berri bat irekitzen dio interakzio gizatiarragoak eta enpatikoagoak diseinatzeari. “Kontsumitzaileek ikusten badute chatbotak trebeagoak direla ez bakarrik eginkizunak betetzen, baita elkarrizketa sozialagoa edo gizatiarragoa izaten ere, laguntzaile horiei buruzko iritzia sendotzen da”, esan du Álvaro Saavedrak. 

Bestalde, kontsumitzailearen neurozientzia-teknikekin aurpegiko keinuen bidezko interakziora hurbiltzeari dagokionez, Álvaro Saavedrak ikertu du aurpegiko keinuen bidez giza emozioak ezagutzeko eta horietara egokitzeko gai diren teknologiek nola sortu duten erantzun emozional sakonagoa eta konpromiso handiagoa (engagement).

Tesiak azpimarratzen du teknologiak eraginkorra izateaz gain, lotura psikoemozionalak sortzeko eta erabiltzaileen behar indibidualetara egokitzeko gai izan behar duela. Álvaro Saavedrak honako hau nabarmentzen du: “Pertsonek teknologia horiei buruz zer iritzi duten eta haien aurrean nola erreakzionatzen duten ulertzeak erabiltzailearen esperientzia hobetzeaz gain, egunerokoan laguntzaile inklusiboagoak eta erabilgarriagoak garatzeko aukera ere ematen digu”. 

Álvaro Casiren CV laburra

Álvaro Saavedra Montejo Enpresen Administrazioan eta Zuzendaritzan eta Zuzenbidean Graduatua da Jaengo Unibertsitatean, eta Marketineko Zuzendaritzako Master bat dauka. NUPeko Enpresen Kudeaketa Saileko irakasle laguntzailea da 2022ko irailetik. NUPekin duen lotura 2020an hasi zen, Emotional Films proiektuaren laguntzaile gisa. Nafarroako Gobernuaren proiektu lehiakorren deialdiak finantzatu zuen proiektua.

Doktoretza egin bitartean (2021-2024), marketinari eta teknologia berriei buruzko Espainiako eta nazioarteko zenbait biltzarretan hartu du parte, hala nola EMAC (European Marketing Academy), AEMARK (Marketin Akademiko eta Profesionalari buruzko Espainiako Elkartearen Nazioarteko Kongresua) eta AIRSI, besteak beste. Haren ibilbideak marketineko eta teknologia berrietako ikerketa eta kontsumitzaileen eta teknologia berrien arteko interakzioa aztertzeko ikuspegi berritzailea uztartzen ditu, horiek erabiltzailearen portaera- eta esperientzia-dinamikak nola eraldatzen dituzten aztertuz. 

Esparru akademikoan, Álvarok bere tesiaren lehen kapitulua argitaratu du Spanish Journal of Marketing- ESIC aldizkarian eta “International Encyclopedia of Business Management” delakoari ekarpena egin dio ahots laguntzaileen kontzeptualizazioari buruzko kapitulu batekin. Kapitulua 2025eko irailean argitaratuko da. Horrez gain, zenbait dibulgazio-artikulu idatzi ditu “Investigación y marketing” aldizkarian.

Zenbait sari eman dizkiote bere lanagatik, hala nola Aribidean den Lan Hoberenaren lehen saria, AEMARK erakundeak emana 2024an, 90 segundoan dibulgazio zientifikoko lehiaketako lehen saria, hura ere AEMARK erakundeak emana 2024an, NUPeko Mikrokontakizun Juridikoen VIII. Kafka Lehiaketako lehen saria, zuzenbidea eta adimen artifiziala uztartu zituen kontakizun batekin eta Insights + Analytics elkartearen Junior ikerketako lehen saria 2021ean. 

Haren ibilbideak marketineko eta teknologia berrietako ikerketa eta kontsumitzaileen eta teknologia berrien arteko interakzioa aztertzeko ikuspegi berritzailea uztartzen ditu, haiek erabiltzailearen portaera- eta esperientzia-dinamikak nola aldatzen dituzten aztertuz.