Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Telekomunikazioaren Teknologien Ingeniaritzako Graduko laugarren ikasmailako hiru ikaslek, Olivia Aguado Díezek, Svetla Plamenova Dimovskak eta Asier Senosiain Garayk, Moveiza aplikazio mugikorra garatu dute. Aplikazioak Foru Komunitateko autobusen ibilbide, ordutegi eta prezioen berri ematen du eta horri buruzko kontsultak erraz egiteko aukera ematen du. Proiektu hori Ingeniaritza Telematikoko Proiektuak irakasgaiaren barruan dago. Irakasgaia Eduardo Magaña Lizarrondo Smart Cities Institutuko (ISC) ikertzaile eta katedradunak ematen du. Irakasgaiaren helburua da ikasleak telekomunikazioen esparruan soluzio praktikoak sortzera bultzatzea.
Konpainia batzuetako autobusek beren ibilbibideetarako dituzten ordutegi eta prezioak aurkeztu nahi zituen ikasle taldeak. “Aplikazioak modu moderno, sinplifikatu, oso eta eskuragarrian erakusten ditu herritar guztientzat, gazteetatik helduetara, interfaze inklusibo eta erabilerraz batekin”, adierazi du Svetla Plamenovak.
Etengabe aldatzen ari den tresna bat
Moveizaren garapena zentratu da Nafarroako ibilbide ohikoenak betetzen, baina ikasle taldea dagoeneko aztertzen ari da etorkizunean funtzio berriak txertatzeko aukera, hala nola, autobusik gabeko herrietan eskatutako taxi zerbitzuari buruzko informazioa. “Gure helburua da erabiltzaileen esperientzia hobetzea eta haien beharretara egokitzea”, esan du Olivia Aguadok. Jasotzen dugun ‘feedback’-ari adi gaude, eta proiektuan aurrera egin ahala aplikazioaren ezaugarriak eta ibilbideak zabaltzeko asmoa dugu. Erabiltzaileei aditzen diegu moveiza.com webgunean”, gehitu du Asier Senosiainek.
Haren iritzian, Moveizaren garapena “prototipatze funtzionalaren erronka bat izan da denbora gutxian”; proiektu horretan beren ezagutza teknikoak eta talde-lanerako trebetasunak praktikan jarri ahal izan dituzte.
Moveiza aplikazioa Google Play Store plataforman deskargatzen ahal da Android sistema eragilea duten gailuetarako.