Joan eduki nagusira

María Virto Martínez Datuen Zientziako Graduko bigarren ikasmailako ikaslea hautatu dute Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Ikasleen Kontseiluko buru. Ikasleen Kontseilua ikasleen eztabaida, kontsulta eta ordezkaritza organoa da, eta gradu, graduondo eta doktoretza titulazioetako talde-ordezkariek eta talde horretako klaustrokideek osatzen dute. Luis Martínez Gómiz EAZko eta Zuzenbideko Gradu Bikoitzaren Nazioarteko Programako ikaslearen tokia hartuko du. Martinez 2023ko azaroan aukeratu zuten. 

zoom consejo estudiantes

María Virto Martínez, NUPeko Ikasleen Kontseiluko buru berria.

Kontseiluburu berriak (Azagra, Nafarroa, 2004) bere herriko Reyno de Navarra DBHIko Ikastetxean egin zuen Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, eta Batxilergoa, berriz, San Adriango Ega BHIn.  NUPen, orain arte, Ikasleek Kontseiluko kidea izan da Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikoko (NIBGMET) kide gisa, eta Ikastegi horretako Batzordeko kidea da. Horrez gain, Unibertsitateko Gizarte Kontseiluko kidea da.  Joan den ikasturtean Matematikako Ikasleen Elkarte Nazionaleko (ANEM) Matematika Liga koordinatu zuen.

Karguak berritzea

Ikasleen Kontseiluko buru berria organo horren osoko bilkuran hautatu zuten. Horretaz gainera, Batzorde Iraunkorreko kideen karguak berritu zituzten, eta saileko kontseiluetako, ikastegiko batzordeetako (fakultateak eta eskolak) eta ikastegietako kalitatea bermatzeko batzordeetako ordezkariak hautatu. 

Hala, Ines Barut (Ingeniaritza Mekanikoko Gradua) da koordinatzaile berria, eta aurreko burua, Luis Martínez Gómiz, Ikasleen Kontseiluko idazkaritzan arituko da. 

zoom consejo estudiantes

Ezkerretik eskuinera: Fermín Pascual, Jon Nuin, Ines Barut, Rubén Asier Palma, María Virto, Aitor Ortigosa, Valentino Kichukov, Julia Guinea eta Claudia Cruz. Garazi Aizkorbe eta Luis Martínez Gómiz falta dira.

Horrez gain, honako hauek izanen dira mahaikideak: kanpo harremanetakoa, Garazi Aizkorbe Escriche (Abokatutzarako eta Prokuradoretzarako Sarbideko Unibertsitate Masterra); sare sozialetakoa, Fermín Pascual Salinas (Zuzenbideko Gradua); NIBGMETekoa, Claudia Cruz Reyes (Datuen Zientziako Gradua); Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikokoa (IITIGMET), Jon Nuin Pérez (Industria Teknologien Ingeniaritzako Gradua); Zientzia Juridikoen Fakultatekoa, Rubén Asier Palma Pérez (Lan Harremanetako eta Giza Baliabideetako Gradua); Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultatekoa, Aitor Ortigosa De la Fuente (Historiako eta Ondareko Gradua); Osasun Zientzien Fakultatekoa, Valentino Kichukov (Psikologiako Gradua); eta Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatekoa, Julia Guinea Sodupe (EAZko Graduaren Nazioarteko Programa). Tuterako campuseko eta doktoretzako mahaikideak izendatzea falta da.

Ikasleen Kontseiluaren eginkizunak

Ikasleen Kontseilua eztabaida, kontsulta eta ordezkaritza organo gorena da, eta Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako Errektoreordetzaren mende dago. Bere eskumenen artean daude, besteak beste, ikasleen ekimenak bideratu, eztabaidatu eta proposatzea; Unibertsitateko komunitateari buruzko informazioa biltzea ikasleei helarazteko; Unibertsitateko zerbitzuen ebaluazio prozesuetan parte hartzea; eta Kalitate Batzordean dituen ordezkariak hautatzea eta ikastegietako batzordeetako eta sailetako kontseiluetako kide izanen diren ordezkariak hautatzea.

Horretaz gainera, ordezkaritza bidaltzen du Espainiako zenbait organotara, esaterako Estatuko Unibertsitateko Ikasleen Kontseilura (CEUNE) eta unibertsitateetako ikasleen kontseiluak biltzen dituzten hainbat elkartetara.

Ikasleen Kontseiluaren organoak hauek dira: batetik, osoko bilkura, zeina gutxienez urtean behin bildu behar baita, irakaskuntzaldian; eta, bestetik, Batzorde Iraunkorra, gutxienez ere presidenteak, idazkariak eta zortzi kidek osatua (ikastegi bakoitzeko sei ordezkari, doktoretzako ikasleak ordezkatuko dituen zazpigarren bat eta Tuterako campuseko beste bat).