Guztira 40 lagunek hartu dute parte Europar Proiektuen Sustapeneko eta Kudeaketako Prestakuntza Jarraituko ikastaroan. Nafarroako Gobernuaren Kanpo Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) antolatu dute batera ikastaroa. Ekitaldiaren buruak izan ziren Cristina Bayona Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordea, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria, Sara Marcelino NUPeko Proiektuen Zuzendaritzako Masterraren zuzendaria eta Sergio Pérez Kanpo Harremanetako zuzendari nagusia. Arrosadiko campuseko Sario eraikinean egin zen amaierako ekitaldia.
Europar Proiektuen Sustapeneko eta Kudeaketako Prestakuntza Jarraituko ikastaroaren amaierako ekitaldian parte hartu zutenak.
Prestakuntzaren helburua da europar proiektuen kudeaketan behar bezala prestatutako profesionalak izatea. Europar Batasunaren 2021-2027 denboraldiko Zenbait Urterako Finantza Esparruak interes handiko finantza-aukerak eskaintzen ditu nafar enpresentzat, Nafarroako I+G+Bko Sistemako (SINAI) eragileentzat eta Administrazioarentzat berarentzat. Lurralde-lankidetzako programetan (Horizon Europe, Digital Europe edo Life, besteak beste) adituak diren zenbait hizlarik prestakuntza teorikoa eman dute, funtsen eta laguntzen koordinazioa, kudeaketa eta kontrola EBk ezarritako irizpideen eta baldintzen arabera bideratzeko beharrezkoak diren gaitasun eta trebetasunak trebatzeko.
Prestakuntza teoriko presentzialeko 30 orduei (irailaren 5etik urriaren 17ra bitartean egin ziren) beste 30 lan-ordu praktiko gehitu zaizkie. Parte-hartzaileek, taldeka, beren proiektu-proposamenak prestatu zituzten, eta azken bi saioetan defendatu, hots, azaroaren 21ean eta 22an.